Irratian pulpitoa izateak baditu bere morrontzak, eta gaur arratsaldez -eguraldi txarra lagun- hiru bat ordu eman ditut Madrilgo parlamentuko eztabaidari begira. Eta ikusi dut Zapatero oso kaskar, hitz egiten trakets, edukietan arrunt. Aldiz, disdiratsu iruditu zait Mariano, sendo, gaizto demonio. PPren sindromea ote? Maria
Antzeko zerbait gertatu zitzaidan EAEko azken hauteskundeetan, ETBk antzerki hura egin zuenean lau hautagairekin. Maria gustatu zitzaidan gehien. Ondo ikasita eraman zuen esan beharrekoa, beste guztiek bezala, baina besteek baino hobeto esan zuen, tonu egokian, begirada eta keinuak zainduz. Lehen aldiz aipatu nuenean batzuk harritu egin ziren, baina biharamuneko inkestetan nabari zen Mariaren arrakasta komunikatiboa.
Mariaren jefeak baditu zama batzuk parlamentari moduan: oso erretoriko hitzegiten du, eta ezpainetan duen soinu bereziak kendu egiten dio seriotasun apur bat. Baina gaur ikusi dut ondo, gogor, zorrotz, mingarri. Ez ahaztu eztabaida parlamentario hau izaten dela urteko neurketa printzipala, eta hemen direla lidergoak sendotzen edo ahultzen. Gaur Marianok egurra sendo eman dio Zapaterori, 3an utzi du 22ra.
Mariano
Maria eta Marianoren kasuan oso lagungarri da Bartoloren teknika: nota bakarreko txirula jotzen dutenez, erraza zaie melodia menderatzea, eta maisutasunez jotzea. Zailago dira polifonia eta orkestra, arrisku gehiago dute akatserako, lan asko egin behar da armonia garbiak lortzeko.
Bartolo
PPren dotriña oso da lineala, eta manikeoa. Hori da agian Aznarren meritu nagusia: gorputz estrategiko sendoa eman izana espainiar eskuinari. Sinplea, mononeuronala, ulergarria, esplikatzen erraza.
Baina ez da hori bakarrik, gogoratu bestela Aaangel Aaaceves.
Gaurkora itzulita, oso garratza izan da Mariano eta Zapateroren artekoa. Honek ez du asmatu egurrari aurre egiten, eta haserre aritu da, ba-zu-gehiagoka. Ez banaiz asko okertzen, zauri honek iraun egingo dio Zapaterori eta sakondu araziko PP eta PSOEren arteko pitzatua. Eta hau oso onuragarria izango litzateke Espainiako politikaren bilakaerarako hurrengo hilabetetan.
Garratz