2004ko uztaren aurkezpena izan dugu gaur eguerdian Bilbon, Puppyren txabolan. Han izendatu dira txakolinaren hiru enbaxadore berri: Bizkaiko Merkataritza Ganbara, Miriam Ocariz diseinatzailea eta Koldo Saratxaga enpresaburua. Hala ere,ekitaldiak ez du bat ere glamourrik izan.
Bilbainadak
Julio Ibarra aurkezle, eta hizlari Asier Arzallus -Jatorri Izeneko presidentea eta aitaren semea- eta Jose Luis Bilbao -Bizkaiko Aldun Nagusia-. Topiko ugari: zuen ahalegina, txakolina eta burdina, iragana eta geroa… Ganorazko berba erdirik ez: nola doan sektorearen bilakaera, arrisku eta aukerak, epe labur eta ertaineko eginkizunak… Eta bilbainada ugari, Athletic-ak kopa irabaziko du eta txakolin asko beharko da ospatezko, autobus mordoa finalera joateko… Penagarri.
Hiruzpalau minutuko berbaldia gertu ekarri du, baina bilbainaden artean ez diote tarterik egin. Eta bera zen gaurko izarra. Irizar autobus enpresan egin duen lanak sekulako ospea eman dio, liburu oso saldua ere idatzi du eta han-hemenka dabil hitzaldiak ematen. Lagun komun batek aurkeztu gaitu, eta azkenean esan ahal izan diot neu nintzatekeela Irizarreko buru kooperatiba bihurtu izan ez balitz, aitak horretarako prestatu nahi baininduen. Asko gustatu zait Koldo, ikusi dut buru argiko eta adimen handiko pertsona.
Saratxaga
Hau izan da eguneko gairik interesgarriena. Euskal txakolina hiru deituretan dago banatuta: Getaria, Bizkaia eta Araba. Eta nonbait arriskua dator Burgos eta Kantabria aldetik, haiek ere eskubidea baitute txakolin izena erabiltzeko, han ere egiten baizen garai zaharretan. Horren aurrean, aukera egokiena ikusten da hiru euskal deiturak bakarrean biltzea eta indartzea, atzetik datozenek ez dezaten izan amore ematea beste erremediorik. Ez da erraza izango, noiz izan da gurean erraza bat egitea?
Txakolin deitura bakarra
Guggenheim-ekoa bukatu eta Sheraton hotelean izan dugu bazkaria. Duela ez asko ere han izan ginen beste aurkezpen baten, ez dakit susmoa hartzen hasi edo ez. Kontua da bikain bazkaldu dugula, goi mailako sukaldari bat dago hor. Eta antolatzaileek aukeratutako txakolinak ondo eutsi dio janaren mailari. Amaiera ona izan du gaizki hasitakoak.
Bazkari bikaina
Dana ez da izan txarra, ze ETBn ikusi denak glamur handiko hitzordua zirudien. Justu horixe komentatu dugu etxean. Bizkaiko txakolina Guggenheim Bilbaon, diseinatzaileak, enpresariak, Arzallusak… Propaganda eta publizitatea ez da egon gaizki. Kanpotik horixe ikusi da, ez Sheratoneko bazkaria, bai propaganda ahalegina. Zenbat boteila egiten dira ba?
Baliteke telebistan glamour itxura ematea, audio barik, txorakeriak entzuteke. Eta hori lortu bada, pozik egon daitezke batzuk.
Nire pena da ez dela ekitaldia aprobetxatu transmititzeko txakolina dela sektore ekonomiko garrantzitsua, eta nekazaritza mota egokia Gipuzkoa eta Bizkaian garatzeko. Eta ez zaigu esan, ezta ere, zenbat botila txakolin egin den 2004an. Aurrekoan milioia gainditu bazen Bizkaian, eta oraindik gorantza goazela jakinda, izan daitezke 1,2 milioi? Bost bat urte barru espero da 2 milioi botiletara iristea, hau da, 10 milioi inguru euroko fakturazioa. Gipuzkoa eta Araba artean beste hainbeste egiten badute, ez dira zenbaki makalak, nekazaritzaz aritzeko.