Jaurlaritzak onartu berri du Debagoienerako lurralde plana. Ez dut ezagutzen behin betiko testua, eta agerkariak arin samar ibili dira, EAEko laugarren hiria edo Gipuzkoako bigarren hiria moduko izenburu deigarritan. Urkulu
Guztiek azpimarratu dute, hori bai, Urkuluko asmoa bertan behera gelditu dela, jaso zuen oposizio handiagatik. Beno, Urkulukoaz eman nuen iritzia bere garaian, eta ez dut uste konpondu nahi zena konpontzen denik asmoa bertan behera utzita. Baina ez daukat amorrurik edo komisiorik hura defendatzeko, dagoela bakean egitasmo hila.
Hura galduta ere, eskualdeko lurralde plana (ELP) da oso tresna inportantea. Lehen aldiz hartzen duelako ibar osoa antolaketa esparru moduan, unitate funtzional gisa. Eta detektatzen dituelako ibarrak dituen arriskuak eta aukerak hurrengo urteetan. Hau, noski, askoz gehiago da herrien batuketa sinplea baino.
Batuketa baino gehiago
Orain arazoa da nor arduratu behar den ibarrean ELP gauzatzeaz. Nik uste, Mankomunitateak behar duela lan honetan gidari, bera baita ibarreko administrazio gunea. Aldaketa asko beharko lituzke horretarako, besteak beste, jasotzea Udalen eta Aldundiaren partetik aginte eta baliabide gehiago.
Nork kudeatu?
Baina, hori egiten ez bada, arriskua da Jaurlaritzak goitik ezartzea plangintza, eta udal bakoitza berekoikerian ibiltzea. Denon kalterako.
Lehenengo eta behin esker mila mahastiari buruz plazaratu duzun idazketa gatik.
Irakurri dut Urkuluri buruz eman zenuen iritzia. Argi utzi duzu berriro zurea, eta hau estimagarria da; bat nator zurekin.
Mankomunitatea aipatu duzue, bai zuk eta baita ere Enekok. Lurralde plana kudeatzeko ezinbestekoa. Eta horretarako behar dituen eskumen guztiak esku zabal eman behar zaizkio. Ez dezagun ahaztu Debagoieneko Mankomunitatea (Bergaratik, Aramaioraino) aspaldiko kontua dela.
Eta aukera hau aprobetxatuz, Gilen Azkoaga gogoratu nahiko nuke, 80 hamarkadan Mankomunitateko gerentea, zoritxarrez, gazterik joan zitzaiguna.