Udaberriak gauza asko dakartza guztiontzat: egun luzeagoak, eguzki indartsuagoa, odolaren kolpea Niri, gainera, ekartzen dizkit gauza txar bat eta bi on. Txarra da belarra sarri-sarri moztu beharra. Onetan lehena, Musikaire jaialdiaren antolaketa, eta bigarrena, goiko saria epaitzea. Eta, aurten, honek sari erantsia ekarri du: epaimahaikide dut Arantxa Urretabizkaia, gazte garaiko musa kuttuna. RAKS
Sigla hauekin ezagutzen da Andoaingo Udalaren ekimena, saritzeko euskal kazetaritzan egindako lanen kalitatea eta bikaintasuna. Aurten hamazazpigarren edizioa du, eta bi sari emango dira: Kazetari Berria saria, 3.000 eurokoa, 27 urtez azpikoentzat, eta Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, 9.000 eurokoa.
Txiripa zorionekoak eraman ninduen sariaren epaimahaira duela hiru urte. Nonbait, gogoan izan zuten toki hedabideetan egin dudan lana, eta derrepente aurki nintzen inguratuta idazlez, unibertsitate irakaslez eta euskal intelligentsiako kidez. Esperientzia bikaina da mahastizain batentzat horrelako mahai batean aritzea. Baita eskuarea pasatzea euskarazko kazetaritzaren produkzioari eta aurkitzea gauza on asko, baita harribitxiak ere. Bide batez, esan dezadan ez dudala oraingoz -oraindik?- jaso soborno ahaleginik.
Epaimahaiko
Aurtengo edizioan, opari berezia izan da Arantxa Urretabizkaia mahaikide izatea, Laura Mintegik utzitako lekuan. Mugarri ahantzezinak dira nire gaztaroan Zergatik Panpox? eta haren idazlea eta, beste inor gutxietsi gabe, esan behar dut poz handia hartu nuela albistea jakin nuenean. Erantsi dezadan azkar, ilusioak jarraitzen duela bi bilera egin ondoren. Ilusioa berretsi egin da, hogeita bost urte beranduago. Nik amestu bezain maitagarri da Arantxa.
Arantxa
Eta, horrekin batera, pena galanta hartu dut jakitean berak ere jasaten duela jazarpena Hondarribian, alardea dela-eta, jarrera normalena azaltzearren. Kasu hauek adierazten dute zenbateraino errotu den intolerantzia gugan, nola jarraitzen dugun oso primitibo izaten, larru modernoaren pean. Tamalez, arazo hau ez da bake mahai baten konpontzen diren horietakoa. Denbora luzea beharko da, eta pedagogia egokia eta denon ahalegin handia, inoiz ikasiko badugu erraiak kontrolatzen eta hurkoa errespetatzen. Hori adierazi nahi izan nuen hemen
Eta non aurkitu daiteke informazioa gehiago sari horri buruz? Ez dut ezer aurkitu interneten edizio honi buruz. Lehiaketa irekia da?
Asier, egia da sarean ez dagoela informaziorik. Idatzi helbide honetara, eta eskatu Nekane Goikoetxeari, euskara teknikariari. Oraindik aurkezteko epea zabalik dago.
Andoni, poza eta pena nahiko lotuak daude gurean beti, baina zure amaiera ezkorregia iruditzen zait. Nik uste beti egin behar dela ahalegina hiritar hobeak izateko, eta ahaleginak berak hobetu egiten gaituela. Itxaropenik ez galdu!
Barkatu, hau da helbidea: eteknikaria.andoain@udal.gipuzkoa.net