Lege egitasmoa onartu zela-eta, mezua idatzi nien:
– Beno, legea badator
Zorionak! Has gaitezke jantzi dotorea prestatzen?
Eta haiek erantzun:
– Malkotan jarri ginen telebistan albistea ikusita, eta malkoak eragiten dizkigu ikusteak nola ez kaltetuek ere konpartitzen duzuen gure poza. Borroka barruan
Arnedillon bizi dira Jesus eta Josemi. Jesus ezagutu nuen lehenengo, artean bere sexu joera argitzeko borrokan zebilela. Bera baino helduago nintzen eta, nonbait, lagungarri suertatu zitzaizkion nirekin egindako berriketak. Lagun min bihurtu ginen.
Handik urte bira edo agertu zen Josemi. Hark ere bazekarren borroka, eta berari Jesusek lagundu zion. Hain goxo lagundu, maiteminak jo zituela biak. Badira dozena bat urte, eta harrezkero Arnedillon bizi dira elkarrekin, normal-normal.
Dena den, 200 biztanle inguru zituen Arnedillon ez zen berez normala bikote homosexuala. Beraiek gainditu behar izan zituzten trufak eta irainak, eta errespetutan bihurtu. Ohiko ez dena normal agertzen bazaigu, denbora nahikoan, normal bihurtzen da. Hori bai, normal jokatzeak ahalegina eta pazientzia eskatzen du, eta nire lagunek asmatu egin zuten horretan.
Borroka inguruan
Besterik da bakoitzaren etxeko kontua. Hemen arazoa izan daiteke zailago, segun eta familia zein pertsonez eta pentsamoldez dagoen osatua. Bi hauek arazo larriak izan dituzte, lagun soil baino maitale zirela azaldu zutenean. Eta ez beti helduenen partetik, buru atzerakoia edukitzeko ez dago derrigorrez zaharra izan beharrik. Hori ere gainditu dute, ordea, denborak ia guztia zentzatzen du.
Jesus eta Josemiren historia ez da oso literarioa. Arazoak arazo, ez dituzte egurtu karkaba beltzean, ez dute jasan jazarpen itzelik. Baina, ohiko ez dena normal bihurtzea bada meritu bikaina, eta istorio honek merezi du erremate zoriontsua, kanpaibuelta eta eper-janarekin. Ezkontzaren bidez, gizarteak aitortuko die legezko normaltasuna. Ez da lorpen makala.
Happy end
Ez dakite oraindik noiz izango den, uda partean edo ondoren, baina ni hasi naiz jantzi dotorean pentsatzen. Kontatuko dizuet, Arnedillotik bueltan.
Eta guk gustora irakurriko dugu zure kronika.