Domekan

Gaur, eguaztena, ez dut oraindik erabaki nori emango diodan botoa, hemendik eta domekara gerta daitekeenaren zain. Baina bai antolatu dut nire erabaki arbola, eta hemen zirriborratuko dut, inork baliatu nahi badu Deskarteak

PP erabat deskartatuta daukat, nire pentsamoldearen antipodetan dago. PSEri botoa emango nioke, une egokian eta –adibidez- Gemma Zabaleta izango balu buru, baina ez Patxiren alderdi honi, oraindik gehiegi gogoratzen dit Redondorena.

Horretaz gain, hobesten dut inork ez lortzea gehiengo osoa. Badakit EAJ-EA koalizioa horren eske dabilela, baina konbentzituta nago aginte absolutuak gaiztotu egiten dituela agintariak, eta nahiago dut beti izan dezatela norbaitekin negoziatu beharra. Gehiengo osoa nahi dut, ahalik eta handiena, independentziara bidean aurrera egin dezaketenentzat.

Hobespenak

Hortik aurrera, azken orduan erabakiko dut. Nahi nuke Aralar sar dadila legebiltzarrean, eta kopuru txukunekin, uste dut bere presentziak eragin ditzakeela joko berriak. Ezker Batua ez dut baztertzen, zubigintza maite dut eta Atxaga ere bai. Eta domekan amorrua nagusitzen bada nire baitan, orduan hautatuko dut botorik mingarriena, EHAKrena.

Aukerak

Seguru daukat botoa emango dudala. Beti baderitzot garrantzitsu botoa emateari, areago orain, aro berria ekartzeko erabakigarri izan daitekeen honetan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Domekan-ri

  1. egilea: Patxi

    Aro berria?

    Nik ez daukat ba, barkatuko didazue, batere esperantzarik aro berri horretan. Nere esperantza, Xabier Mendigurenek aurrekoan aipatzen zuen denontzako etika bakar hori lortzetik dator.

    Nere berezko baikortasuna, gaurko egoera politikoa baino urrutirago dijoa.

  2. egilea: ERLAUNTZ

    Erabat ados nago Mikel, margotu duzun hausnarketatxoarekin. Gizatasun,praktikotasun,estilo eta sentiberatasun berriekin independentziaren bidean bilduko duen gehiengo osoa nahi dut eta bakoitza den eta sentitzeko duen modutik goiko Patxik esan duen haritik ea nahikotasun etiko minimo bat lortzen dugun eta independentziaren aukera deskonfidantzaz sentitzen dutenak ea su hortara biltzen diren.
    Nik atzo arratsaldean erabaki nuen Aralar bozkatzea.

  3. egilea: mikel

    Hain juxtu, Patxi eta Erlauntz, nik esperantza hobea daukat epe labur/ertainean, luzean baino. Uste dut oraintxe posible dela nolabaiteko konponketa politiko batera iristea. Baina, hau gertatuko balitz, orduan geratuko lirateke bistan gure gabezia etikoak eta demokratikoak, urte luzetako borrokak utzi dizkigun bizio eta ohitura negargarriak. Orduan ikusiko genuke zenbat lan daukagun egiteko, iritsi nahi badugu ganorazko gizarte izatera. Gaindi dezagun lehen ataka ahalbait arinen, oraindik bide luzea dugu-eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude