Apirilaren 14an ezin dut aipatu gabe utzi Ormaiztegiko Txiki, Ignazio Merzero, bigarren abizenez Intxausti, neroni bezala. Gerrak irten zuenean 16 urteko komunista, frentera joan zen matxinoen aurka egitera, eta ez zen itzuli herrira 50 urte igaro arte. Geroztik urtero, gorbata jantzita eta errepublikako koloreak paparrean, bakarra izan da Ormaiztegin errepublika publikoki gogoratzen. Intxaustitarrak
Esan dut Txikik bazuela genetan Intxaustitarren ekarpena. Klan berezia ziren Ormaiztegin. Nire aitona, Julian Intxausti, zen Izquierda Republikanakoa, Manuel Azañaren alderdikoa. Bere seme Juan Mari, sozialista zen eta Xanti, berriz, ANVkoa. Gerran eta ondoren asko pasatakoak, guztiak ere. Noizbait kontatu behar ditut iritsi zaizkidan haien andantzak. Txiki ere Intxaustitarra zen, amaren aldetik, eta ezin hau ere normala izan. Pako Mendizalgoarekin eta, komunisten batalloiean joan zen faxistak borrokatzera, artean 16 urteko mutikoa. Han desagertu zen herritik, eta urte batzuen bueltan elkartu zen Donibane Lohitzunen bere lehengusu Juan Marirekin, nire osabarekin.
Ez dut ezagutzen bere detaile guztietan Txikiren ibilbidea urte haietan. Bai iritsi zait pintore lanetan aritzen zela eta, menturazale izanda, iritsi zela Polinesiara, Mururoa atoloira, eta han pintatu zituela frantsesen instalazio atomikoak. Badakit, baita ere, ezkonduta zegoela euskal emazte batekin Iparraldean, eta bat-batean haien bikote-lagun oneneko andrearekin hasi zela amodiotan. Amodio horietatik jaiotako Marina neskatilak seko liluratu ninduen hamabost bat urte genituela, eta orduan izan nuen, alabari esker, Txiki ezagutzeko aukera, Miarritzen bizi zela. Alproja samarra, eta maitagarria.
Mururoa atoloia
Urteen poderioz, Txikiri erretiroa iritsi zitzaion, eta ez lanetik bakarrik. Seme alabak frantses eta autonomo, emakumeentzat agure, deliberatu zuen Ormaiztegin emango zituela bere azken urteak. Bazituen ilobak, eta berehala egin zituen lagunak. Politika kontutan irmo jarraitzen zuen, ezkertiar eta errepublikar, eta hurbildu zen Herri Batasuna sortu berrira. Baina, hain zen gizon atsegina eta errespetuz betea, gehienek hartu zutela ondo, gehienekin izan duela harreman abegikorra. Behin telebistan elkarrizketatu zuen Elixabete Garmendiak eta esaldi bat gelditu zitzaidan katigatuta bihotzean: Ez dut Jainkoagan sinesten, nire zoritxarrerako. Horregatik, bere anaia Gonzalo hil zenean, eliza atarian egin zizkien Txikik diosalak hurbildutakoek, elizkizunaren aurretik eta ondoren. Fede gabea izanik, ez zeritzon zintzo elizan sartzeari.
Herrira itzuli
Ez nintzen beti Ormaiztegin tokatzen baina inoiz bai eta, apirilaren 14a iritsita, Txikik ospakizun handia prestatzen zuen. Goizean goizetik gorbata janzten zuen, jaka txukunena eta honen paparrean hiru zinta mutur, bandera errepublikarraren koloreekin. Kalean apur bat paseatu, batarekin eta bestearekin berriketan, txikitoren bat edo beste hartuz, eta eguerdi aldera egiten zuen erosketa berezia, gutiziaren bat eta arraina, eta soziedadean hartzen zuen plazer, bapo janez ardo onarekin. Eta siesta orduan tokatu ezkero samaritanarik, orduan bai egun biribila!
Gaurko egunez
Gaur, errepublikaren urteurrena ospatzen ari nintzela, bapo janez eta ardo onarekin, trumilka etorri zait Txikiren oroimena. Seguru berak ere eguna ospatu duela, nolabait.