Duela egun batzuk bota nuen Elkarriren galdera. Eta erantzun batzuk izan dira, interesgarriak. Neuk agindu nuen emango nuela iritzia amaieran, eta hori egingo dut gaur. Ea amaiera barik, beste tanda baten hasiera den! Bakea behar dut libreago izan nahi dudalako, gatazka eta tentsio giroan neurtu egin behar ditudalako hitzak eta ekintzak, orekatu jarrerak, eutsi haserrealdiei. Bakea behar dut erradikalago jokatzeko, trifulka politikoa ahaztu eta gizartearen gaitzei errotik erantzun ahal izateko eta, adinean aurrera noan heinean, esne txarreko agure zorrotz bihurtu nahi dudalako.
Eta zuek, Joxe, Iban, Luistxo, Gari, Maite, Goio, Julen eta Patxi-en koadrilak…? Zuek zergatik behar duzue bakea? Interesa badut horixe jakiteko.
Ba nik bakea behar dut Euskal Herriaren eta euskararen alde egiten dudan aldi guztietan ETAren inguruko ezer entzun beharrik ez izateko, espainolistek ETAren aitzakia hori baliatu ezin ahal izateko. EAJk zenbat botu galduko lituzkeen (eta ezker abertzaleak zenbat irabazi) ikusteko, eta ezker abertzalea berriro batzeko.
Nik bakea behar dut, besteak beste, sekula ez dudalako ezagutu.
Nekatuta nagoelako espainiarrek beti aitzakiaren bat izateaz, eta Lizarra-Garaziren garaian argi geratu zelako, alderdien arteko batasunarekin eta ETAren su-etenarekin, espainiarrak heldulekurik gabe geratu zirela. Garai hori bizi nahi dut berriro, esperantza apur hori berreskuratu.
Bakea nahi dut, batez ere, herri honen benetako beharrizanei ekin ahal izateko. Nire ardura bakarra izateko Osasuna ez dela bigarren maila jaitsiko. Eta gauza bat kritikatu ahal izateko, inork albotik esan barik: “hori kritikatu duzu, baina zergatik ez duzu kritikatzen beste hau ere?”.
Ba nik pakea behar det, horrelako galderei erantzun beharrean ez egoteko!
Zure erantzuna, asko gustatu zait. Nik adibidez, bai egin det aukera, pentsatzen dedana esateko, neurtzen ibili gabe, blogak erabiliz. Libreago sentitu naiz barruan neukana boteaz. Eta konsziente naiz, batzurengan ezinegona sortu duela. Zergaitik? Ba sufrimentu asko dagoelako inguruan.
Sufrimentua bera da, indarkerien (pluralean) iturrietako bat. Alde horretatik, nere irudipena da libre izateak, pentsatzen dezuna esateak, iturri hori pixkabat isten laguntzen duela, baina ez nago oso seguru ere.
Diren eta izan ziren lagun eta herkideen auzo,txoko eta etxeetako bideak estaltzen dituzten sasiak bide bastertzeko eta elkarri bisitatuz Zentzumenak berreskuratzeko.