Ez dakit zuei, baina niri egonezin moduko bat sortzen dit hauteskunde aldi honek. Bost axola kanpainak berak, nekez izaten dira anekdota baino gehiago. Baina legebiltzarra desegin eta berria hautatzeko prozesuak estali eta trabatu egin du beste bat, sakonagoa.
Sinetsita nago azken urtebetean mamitu egin direla osagai politiko inportanteak: Ibarretxe planak eman duen astindua, ezker abertzalean gertatu diren mugimenduak, Espainiako gobernu aldaketa Bakarka ez dute gatazka konponduko baina, guztiak batera jarrita, aukera garbia dago saiakera bat egiteko.
Keinuak egon ziren, ugari, duela 2-3 hilabete. Eta bazirudien ahalegin serioaren atarian geundela, baina hauteskundeen katramilak dena zokoratu du. Egunotako giroan nekez aurki daiteke itxaropenerako motiborik. Zergatik ote da botoak irabazteko alderdi guztiek ateratzen dituztela sinplekeria, setakeria eta beste zenbait -keria? Gure inteligentziari egindako iraina iruditzen zait, nola iraingarri ikusten dudan garbigarrien publizitatea, etxekoandreei zuzenduta dagoelako hain sinplea, hain kutrea.
Keinuetan etena
Eta, hala ere, uste dut prozesu sakona abiatuko dela, hauteskundeen ondoren. Eragile guztiak konturatu dira aukera sekulakoa dela, faktore asko dagoela alde. Egunotako nahasmena argituko da 17an, botoarekin. Ondoren nagusitu bedi ganora.