Uraren deia

Lau egun eman ditut zeruan. Bakoitzak jakingo duzue zeuena non, nire zerua Bartzelonatik gora dago, La Garrigako bainuetxe honetan. Bitxia lehorreko batek aurkitu izana uretan zerua, ez?. Bada, zeruan ere, akordatu egin naiz zuekin eta pentsatu dut bueltan kontatu behar nizkizuela emandako urratsak, zerura bidean. Ormaiztegi

Nire umetako Ormaiztegin bazen bainuetxe handi bat. Haren azken urteak eta nire lehenak parean suertatu ziren. Baina, hala eta guzti, baditut irudi batzuk akorduan: Don Luis Aldai balkoitik karameluak botatzen mutikooi; eta famili ospakizun bat, bataio edo jaunartzeko oturuntza jendetsua. Badatozkit, baita ere, zerbitzari dotore eta bulartsuen irudiak, baina ez dakit hauek ez ote dizkiodan Felliniri hartu.

Ormaiztegiko bainuetxean uratsa jaiotzen zen, ‘aguas sulfurosas ferro-manganíferas’ errezitatzen zuen izeba Katalinak. Eta sona handia zuten azaleko gaitzak osatzeko. Hain handia, urrunetik ere etortzen zela jendea, ilustre samarra gainera. Nire aitona Julian karteroa zen eta haren baserria, berez Tellerizar, bihurtu zen ondorioz Karterone. Han entzunda dakit nola jaso zuen behin gutuna Madrilgo alkateordeak, Ilera (edo Hilera?) jaunak, bainuetxean zegoela.

Bainuetxeen gainbeherak Ormaiztegikoa ere harrapatu zuen. Berpizkundeak, berriz, ez. Ordurako birrinduta zegoen. Eraikin handitik zati txiki batek bakarrik dirau, etxebizitza bihurtuta.

Agian txikitako arrak eragingo zuen hurrengo urratsa. Kontua da garaiz kanpoko opor batzutan otu zitzaidala Arnedilloko bainuetxera joatea, duela 20 urte inguru. Ondoa jota zegoen sasoi hartan, urtean apenas sei hilabetez irekitzen zuten eta, ni joan nintzenean, gehiago ziren langileak bezerook baino. Bainuak ia niretzat bakarrik! Kontua da bederatzi egun haietan seko maitemindu nintzela hidroterapiaz. Eta, gainera, bainuetxeko langile taldetxoa bihurtu zitzaidan lagun min. Haietako biren ezkontzan izan nintzen duela dozena bat urte, eta beste birenera joatekoa naiz, aurtengo udan edo, ezkontza homosexualak onartuko dituen legearen arabera.

Arnedillo

Garai hartan banenbilen osteopata batekin, ea bizkarrean eta gerrian sortzen zitzaizkidan kargek ba ote zuten erremediorik. Bainuetxetik bueltan etorri nintzaionean, sinistu ezinik esan zidan niretzat hura zela –alegia, ura- terapiarik onena. Harrezkero, ez dut utzi pasatzen urte bakarra bainuetxera joan gabe.

Hamar bat urtez bezero fin ibili naiz Arnedillon, baina bainuetxearen berpizkundeak jendetza ekarri zuen eta patxada eraman. Orain lagunengana joaten naiz, bisitan.

Bainuetxe ezberdinak korritu ditut geroztik: Liérganes eta Puente Viesgo, Palacio de las Salinas eta Zestoa. Eta denetan ibili naiz gustura. Baina, handi samarrak izanda, jende askorekin konpartitu behar dira zerbitzuak eta nik Arnedilloko patxada hura nahi… Hala ere, Zestoa hartu dut ohiko, abenduan asteburu batez joateko. Oso ondo antolatuta dauka bainuen gunea, eta bainuetxe bakarra izango da munduan euskaraz edonon egin daitekeena. Hori gutxi balitz, mirariak ere gertatzen dira. Nire lagun Jose Antonio, 60 urteren bueltan joan zen lehen aldiz, nik gomendatuta. Eta txundituta itzuli zitzaidan: ‘Hi, gogorra bigundu jatek eta… biguna gogortu!’.

Erromesaldia

Ez dakit behar bezainbat dokumentatuta ote dagoen Zestoako uren eragin afrodisiakoa, baina hori barik ere, oso aukera ona da. Dena den, nik jarraitzen nuen galdutako zeruaren bila.

Arnedilloko lagun batek gomendatuta joan nintzen lehen aldiz La Garrigara. Bainuetxearen sarrera atarte arrunt baten dago, kale nagusian, eta susmo txarra hartu nion hasieran. Baina barruan zerua zegoen. Bainuen gunea itzela da eta hotelak ez ditu… 22 gela besterik!. Gainera, aste santuan bete samar egon ondoren, pazko astean egoten da ia hutsik. Eta, egonaldia bapo ordainduta, zerbitzu mordoa doan erabil daiteke egun osoan zehar. Errematerako, aire libreko gunean, lorategi ederra du igerileku epelaren bueltan.

Berriro zerua

Hango errutinan, goiz osoa ematen dut ur eta mimo artean. Bazkal ondoren siestatxoa eta paseoa, soro zainduen artean. Eta afal aurretik, berriro saunak, ur beroak eta patxada, itzelezko patxada. Zinez diotsuet, nik ez dut gehiago behar zeruan egoteko!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude