Esteñibarren badugu, baratz ondoan, magnolio bat. Eta urtero, negu irteeran, loratu egiten da, derrepente zuhaixka biluzia betetzen da lore handiz, arrosa eta more kolorekoak. Gaur gertatu da aurtengo miraria, ustekabean batera tokatu dira lore moreak eta aste santua. Eta burua joan egin zait denboran atzera. Nire haurtzaroan, aste santua morea izaten zen. No-do zuri beltza
Telebistako irudi zaharrak edo no-doa ikusita, badirudi iraganak ez zuela kolorerik, dena zela zuri eta beltz. Neurri batean egia da, bizitza ofiziala ondo tristea eta iluna zen Francorekin. Baina, udaberriko zerua urdina zen orduan ere, eta polizia grisen egurrak eragiten zuen odol gorria edo mailatu ubelak. Eta, aste santua iritsita, dena bihurtzen zen more.
Francok eskubidea zuen paliopean ibiltzeko, eta trukean eliza katolikoak erabat baldintzatzen zuen eguneroko bizitza. Aste santua iritsita, dena desagerrarazi behar zen, eta erlijioa bakarrik utzi bistan. Telebistan, Moises. Zinemak itxita. Irratian, musika klasikoa. Gainera bekatu mortala zen elizara ez joatea. Ihesbiderik ez. Eta elizara sartzean, sorpresa: aldare guztiak estalita, zapi morez.
Aste santuan, bakarrik erlijioa
Ormaiztegiko eliza handi horietakoa da, herri txikietan ohi den bezala. Eta erretaula nagusia estaltzeko behar zen zapi itzela, eta maniobra zaila. Harrigarri badirudi ere, elizak bazuen ganbara, eta aldare parean hiru zulotxo. Han goitik botatzen zituzten hiru soka zoruraino, eta hauek lotzen zitzaizkion zapi handia eusten zuen barrari. Gero, poliki-poliki eta hirurak batera altxa behar zuten zapia, eta goian sokak lotu. Hau dena bereziki zaila zen, ze ganbarakoek ez zuten zapia ikusten, hain zen txikia bakoitzaren zuloa. Beraz, ezin jakin ea batera ari ziren.
Ormaiztegiko elizan maniobra
Eskerrak Joxe Barrenetxeari! Joxe zen Xaparen semea, eta aita bezala zapatari, ile motzaile, postari, eskopeta saltzaile eta beste, duela gutxi jubilatu den arte. Joxek hartua zeukan aste santuko zapiaren ardura, eta berak zuzentzen zuen altxaldia. Horretarako, landua zuen kode berezia, ganbaratik -ikusi ez eta entzun apenas- ondo ulertzeko. Ormaiztegiko eliza paralelo dagoenez errepidearekin, alde honetako zulotxoa zen kamiñokoa. Eta eliza atzean abere hiltegia egonda, zulotxo hura zen mataderokoa. Tartekoarentzat ez zen apartekorik asmatu behar, ezinbestean zen erdikoa. Eta horrekin zuzentzen zuen Joxe Xapak maniobra osoa: mataderokoa, gora! edo kaminokoa, geldi! esanda. Tarteka juramenturen bat ere izaten zen, goikoei ahazten bazitzaien nor zen nor. Orduan aztoratzen ginen begira geunden mutikoak: elizan juramentuka! Baina, Xapari esker, beti ondo bukatzen zen maniobra eta itxura beldurgarria hartzen zuen Ormaiztegiko elizak, aste santuak eskatu bezala.
Xaparen zuzendaritza
Oso polita, mezua. Izugarri gustatu zait.
Irudiaren balioa baliatuz, Joxek argazkia atera dio Faroan
Oraingoan esteka zuzen.