Gipuzkoako Aldundiak bere urrezko domina eman die kooperatiba taldeko fundatzaileei. Hauek guztiak gizakumeak izaki, eta seguruenik palmaresa orekatze aldera, domina eman zaio ekitaldi berean Menchu Gal pintore emakumeari. Berriak garrantzi txikia izan du hedabideetan, hirugarren mailakoa. Eta nik diot: ez da normala, gizarte normal baten eguneko albiste nagusia izan behar zukeen. Garrantzi handiko ekarpena
Kooperatiba taldeak garrantzi handia du zenbakitan, milaka langile bildu eta milioika euro saltzen dituelako. Itzelak dira, halaber, inbertsio zifrak eta mundu osoan hedatzeko urratsak. Baina ni oraindik gehiago harritzen naute mugimenduaren osagaiak. Nahi beste inperfekzioekin, autogestioaz ari gara, langileen antolakuntzaz, lankidetzaz. Hutsetik eraiki da sekulako egitura, ez zegoen tokian sortu da ondare itzela. Gizaki arruntak izan dira egile. Eta bultzagile, abade bat eta lau gazte, gehi Ortubairen lehen txanpa laburra. Beti ere, ahaztu barik Eibarko aurrekaria.
Ez dago antzeko askorik munduan. Eta zinez uste dut euskaldunok, giza talde gisa, hiru ekarpen egin badizkiogu munduari gure historia osoan, horietako bat izan dela kooperatiben mugimendua. Hobeto ezagutu beharko litzateke Debagoienetik kanpo. Eta harroago behar genuke guztiok ekarpen honetaz.
Eta, tokatzen denean, albiste nagusi bihurtu.
Ez dut ulertzen halako mugimenduak nola ez duen oiartzun gehiago gure artean.
Urtero Jaurlaritzak ahoa eta itxura galtzen ditu enpresa-gizonak goraipatzen.
Eta kooperatibei, giza talde gisa?
Noizko, Debagoienetik mesetara irtetzeko autobidea? Bai, badakit eraikitzen ari direla. Baina, adibide honek ez du dena esaten?