Bilbora, txakolina hartuta

Asteon Bilbon izan naiz, txakolina dela-eta. Arrazoi printzipala zegoen Sheraton hotel berri dotorean. Han aurkezten baitzizkion Bizkaiko Txakolinaren kontseiluak bere 12 txakolinik onenak Bizkaiko Ostalarien elkarteari. Gurea, Mendraka txakolina, ez zen besterik barik hamabietako bat, Felipek eta biok sailkatu genuen bi edo hiru onenen artean. Gero esango dizuet nor den Felipe. Aurrez, baina, txakolina hornitu genion ohiko bezero bati, Mugi ardandegiari, eta txundituta utzi nituen nolako errespetuz saltzen duen ardoa. Erritoa neurgailu, hura eliza da gehiago, taberna baino. Koadrila

Valen eta Miguel dira Mendraka upeldegiko ugazabak. Haiek ziren espedizioko arduradunak. Bizkartzain joan ginen Felipe eta biok. Felipe da Valenen laguna, Eskoriatzakoa, eta sarri ibiltzen da Mendrakan, mahats batzen eta. Ni, berriz, Mendrakara atxikitako mahastizaina, eta hangoen lankidea. Sheraton ezagutzeko irrikaz bildu ginen espediziora, eta arratsalde betea suertatu zitzaigun.

Gustatu zitzaidan. Oso arrazionalista da estiloz, apaingarri gutxikoa, baina dotorea. Igartzen zaio dagoela diru mendiz egina, baita gustu onez aukeratuta koloreak, materialak eta altzariak. Ez genuen kuxkuxeatzerik izan, Gastech azokarekin lepo beteta zegoelako, baina harrera tokia egin zitzaidan ikusgarri, hotelaren altuera osoa baitu, han goian sabaia. Eta, harrigarri, oso usain txarra zegoen, ur zikin jarioren bat bailegoen.

Sheraton

Hizlari bakarra izan zen Asier Arzallus (bai, junior), Bizkaiko kontseiluaren buru den aldetik. Ondoren hasi zen erromesaldia, mahaitik mahaira. Hartu txakolin apur bat kopa ardoztatzeko, lagunari pasa hark beste horrenbeste egin zezan, eta gero bai, dastatzeko lain eskatu. Felipe eta biak ibili ginen Mendrakakoen espioi, baina txakolina gustatu eta dastatutakoa edan egiten genuen. Hala, puntu batetik aurrera nahastu samar ibili ginen izen eta oroimenekin. Ordea, gure mahaira itzulita, oso garbi ikusi genuen hura zela denetan onena. Hori bai, inguruan zituen Itxasmendi eta… eta…

Aurkezpena

Sheratonera bidean txakolina utzi behar genuen Mugi ardandegian, Poza eta Areilza kaleen kantoian. Lehen ere izana nintzen haren biltegian, baina oraingoan tabernan sartu ginen eta paisaia harrigarria aurkitu nuen. Mostradore osteko horma osoa zegoen armairu-hozkailuz beteta, bakoitza ardo mota batekin eta honi dagokion tenperaturan. Ardo kontutan, garrantzi handia hartu du zein tenperaturatan edaten den ardoa, eta gradu zehatzetan ematen da bakoitzarentzat egokiena. Bada, Mugi honetan daukate armairu bat irekitako ardo beltzentzat, eta botila bakoitzak du bere tramankulua armairutik atera gabe kopak zerbitzatzeko, ez dadin berotu edo hoztu. Eta beste armairuetan banatzen dira botila osoak, ardo motaren arabera tenperatuta egokian, hasi 6 gradutik eta 18ra arte, gradu bateko koskarekin. Hori errespetua ardoari! Ikusgarria eta txalogarria.

Mugi

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude