Taula gainean Antton Valverde, beltzez, eta Esteban Urkiagaren poemak. Musikari lagun luxuzkoak, Karlos Gimenez pianoan, Pascal Gaigne kitarran, Txema Garzes baixuan eta Francisco Herreros biolinean. Ikusleen artean Joan Mari Irigoien eta Xabier Lete, adibidez. Eta Anttonek kantatu duenean goiz eder onetan erail biar nabe, niri elur maluta bat pausatu zait begiaren ertzean, Aresti dixit, eta bihotz bigun gelditu naiz kontzertu osorako. Emoziotik haratago
Begiak umel izan ditut denbora guztian, are umelago entzutean dana emon biar jako maite dan azkatasunari. Arindu zaizkit apur bat amodio bertsoekin, maitasun orretzaz, baina, maite ori, ez deutsazu itaundu zeure bijotzari, baina atzera busti azken kantuarekin, agur, Euzkadi. Tartean gelditu dira meatzariak eta txapel okerrak, Lauaxetak zuen gorria eta lirika. Baina, emoziotik haratago, ohartu naiz sekulako kanta puskak egin zituela Valverdek duela 25 urte, eta bikainak direla oraindik gaur. Era berean, ikusi dut nola ez den geroratzen ari gure iragan hurbila. Ez zegoen gazterik KMn, agian ez dakite nor zen Lauaxeta, edo nor den Valverde. Auskalo ezagutzen duten Koldo Mitxelena bera eta bere ekarria.
Edertasunaren gozoa utzi dit kontzertuak. Eta, aldi berean, gutxitasunaren gazia. Nola da posible ekimen hain betegarria ez izatea deigarriago?