Etxean entzuna diet, aita zenari-eta, nola gazte zirenean janzten zuten alkandora luzea, kamixea esaten ziotena. Honen ezaugarri nagusia ziren beherantzako belarri luzeak, aurrean eta atzean. Kontua da nire aita zena gazte zenean, pobre ere bazela, eta ez bera bakarrik, baita bere ingurua. Gerra aurreko Ormaiztegin etxe gehienetan juxtu bizi zen jendea, eta sobrante gutxi zegoen jantzietan gastatzeko. Mutikoek, adibidez, berandu arte ez zuten erabiltzen galtzontzilorik, eta hauen ordezkoa egiten zuten kamixaren belarriek, atzekoa aurrera tolestuta eta aurrekoa atzera, prakak gerrira eraman baino lehen. Honela, trabaz arin ibiltzen zituzten azpiak, eta askatasun horri deitzen zioten pedolibre.
Gustuko hitza izan dut beti eta, bere esangura gogoan, blog honen atal baterako berreskuratu dut. Trabaz arin jarduteko atala dut pedolibreena. Oraingoz ugariena. Txiripaz?