Mahastiaren lehen urtetan, normala da mahatsondoren batzuk huts egitea, ez ernetzea. Arrazoiak izan daitezke bat baino gehiago: landarearen akatsa, satorraren eragina zuztarretan, edo besteren bat. Edozelan ere, oraintxe da unea landare iharrak ordezkatzeko. Gaur aritu naiz horretan, eta berriro ere kilikagarri egin zait landatzea. Bizkaiko txakolinean landare mentatuak erabiltzen dira, hau da, mahats klase gogorreko patroiari txertatzen zaio hondarribi zuriaren aldaxka. Honen arrazoi nagusia beldurra da. Izan ere, duela mende bat izurrite itzela etorri zen, filoxera, eta erabat birrindu zituen Bizkaia eta Gipuzkoa estaltzen zuten mahastiak. Bakio eta Getaria libratu ziren triskantzatik, nonbait biak ere mikroklima izan, eta han gorde da txakolinaren tradizioa.
Harrezkero, bakoitzak haurrera egin duenean, bide ezberdinak hartu dituzte landareak sortzeko orduan (beste ezberdintasunekin izango dira atal berriak). Filoxeratik babesteko, Bizkaian aukeratu ziren patroi ziurrak, eta hauei txertatzen zaie txakolin mahatsaren aldaxka. Mahatsondoak ematen duen mahatsa hondarribi zuria da, baina landarea babestuta dago filoxeratik.
Mentatuta edo gabe
Aldiz, Getarian ez dute erabiltzen landare txertaturik. Egin zuten proba, baina emaitzak eskasak izan ziren, eta lehengoan jarraitu dute. Urtero mahatsondoa kimatzen denean, adar onenetatik ateratzen dituzte aldaxkak eta bidaltzen mintegira. Han errotu arazten dituzte, eta landatzeko gertu itzultzen mahastizainari.
Txertatua edo ez, mahats landarea oso da xumea. Gaur eskuetan hartuta, komuneko isipu zaharren antza hartu diet: egurrezko kirtena, sustrai mataza ugaria, eta puntan, txertoa babesteko, argizari gorria. Baina urteotan ikusi dut nola aurrez landatutakoak, gaurkoen berdinak, bihurtu diren denbora laburrean sekulako mahatsondo, eta ari diren dagoeneko 2-3 kilo mahats eder ematen, bakoitza eta urteoro.
Zergatik zirrara?
Horregatik, gaur, landatzen aritu naiz bihotza samur. Begien aurrean nuelako mirari bat, biziarena.