Blogari

Lagun bati entzun berri diot, aste betean pasatu zela ‘blog’ hitza ez ezagutzetik alde guztietan entzutera. Hark iturri zuen Joxe Aranzabalen liburua eta honen aurkezpenak hedabideetan izan duen oihartzuna. Agian zuk beste iturri batetik jaso duzu berba magikoaren berri. Gerta dakizuke oraindik aro kretazikoan egotea, blog berba ezagutu gabe, baina horrek ez dizu asko iraungo. AEBtan iaz berbarik sonatuena izan omen zen, Irak-eta baino areago, eta dagoeneko sukarrak jo gaitu gu ere.

Blog-a da tresna bat sarean jartzeko ugazabak nahi duena, testuak, irudiak, soinuak, loturak… Eta edonor izan daiteke blog baten ugazaba, berdin pertsona edo talde, zu edo ni. Beno, ni dagoeneko hasi naiz blogari, asteon. Izan ere, blogintza iritsi da goiena.net atarira, eta hor ausartu gara batzuk lehen urratsak egitera.

Eta zer da, bada, blog-a?

Nire blogak zutabe honen izen bera du, piperrautsa, eta hemengo antzera arituko naiz. Hori bai, bi pizgarri handirekin. Batetik, arituko naiz formaz libreago, hemen lotuta bainago neurri eta maiztasun jakinetara. Eta bestetik, jaso ahal izango ditut zuen iritziak hemen ez bezala. Zutabea abiatu nuenean, eskaini nuen helbide bat, baina apenas erabili duzuen. Orain samur daukazue kontua: sartu blogean eta erantzun. Bota iritziak edo proposamenak. Han sortzen den trukeak izango du isla gero hemen, paperezko Piperrautsan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Blogari-ri

  1. egilea: eneko

    Eta ez nola hala, blogari talde ederra sortu duzue, eta gustora irakurtzen duguna, Goiena.net-en.

    Baina, seguru hobea zenbat eta jende gehiago animatu blogintzara.

    Zorionak!!!

    >Izan ere, blogintza iritsi da goiena.net
    >atarira, eta hor ausartu gara batzuk lehen
    >urratsak egitera.

  2. egilea: Jabi

    Niri hauek asmatu duten “Blogari” horrek, ez dakit zergatik, “Olegario” edo “bulegari” gogora ekartzen dit, baina “bitakoragile” baino laburragoa bada behintzat. Dena dela, ongi etorri bitakoradunon estratosferara. Goiena larregi jarraitzen ez dugunok seguruenik zure bloga sarriago bisitatuko dugun irudipena daukat.

  3. egilea: mikel

    Poza hartzen da erantzunen parentesi artean zenbakiren bat agertzen denean. Are gehiago animorako berbak irakurtzen badira. Mila esker biei!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude