Astigarragan izan berri naiz afaltzen, Donostia aldeko lagunekin. Eta irten zen probintzia/hiriburu tentsioa. Nik nioen Gipuzkoa ari dela jartzen donostiarregi, Debagoiena eta barnealdea ahaztuta, herrialde berez orekatua ari dela desorekatzen, hiribururantz. Haiek ezetz, keba, alderantziz, Donostia dela aspaldian galtzaile, Jaurlaritzak gastatzen duelako diru guztia Bilbon, botoak non dirua han.
Eta etorri zitzaidan gogora asteon berton Diario Vascok argitaratutakoa, nola Gipuzkoa ari den atzean gelditzen Bizkaiarekiko, eta ezinbestekoak dituela Pasaian kanpoko portua, Y trenbidea, eta ez dakit zenbait hormigoizko lantzar. Horiek guztiak egiten ez badira, Gipuzkoak betirako galduko omen du modernitaterako aukera.
Bi hausnarketa. Bat, zenbat gelditzen zaigun oraindik nazio izateko. Eta bi, lurralde abertzaleenak zenbateraino edaten duen Diario Vascotik.
Interesgarria izango litzateke jakitea Debagoienak zenbat diru ematen dion Haziendari, Gipuzkoako Haziendari alegia, eta zenbat jasotzen duen bueltan.
Neri Diario Vascoren formatoa, eta edukiak, oso interesgarri eta deigarri egiten zaizkit.
Itxura polit horrek ordea, haizto isil asko ezkutatzen ditu, eta ideologia jakin bat ere bai, oso monarkikoa, sistemaren defendatzaile sutsua…
Subliminalki ematen diren mezu asko, noraino heltzen diren irakurlearen hezur-muinera, hori ez dakit…
Ongietorri blogosferara Mikel.
Uste dut Gipuzkoako barne produktu gordinaren heren bat-edo sortzen duela Debagoienak. Eta seguru nago ez duela jasotzen pareko ordainik zerbitzutan. Adibidez, Aldundiak deskontuak egiten ditu Irun eta Eibar artean, baina Maltzaga-Bergara tartean ez. Nork ulertzen du?
Eta, Patxi, Diario Vasco nahiko aparte dago gipuzkoar askoren ikusmoldetik, baina hauek erosi egiten dute. Inertzia? Besteen gabezia?
Herrietako kronikak + eskelak + diseinua + telebistaren inguruko albisteak (gizartea telebistaren inguruan dabil dantzan) + muturrekoa ez dan ideologia bat (jendearen ikuspegiaz ari naiz). Inertziarena baino, kriterio zehatzagoak direnak, nere ustez.