Alderdiei eskaera

2019.01.11

Hauteskunde urtean gaude, udalak eta aldundiak berritzea tokatzen da maiatzean. Botoen emaitza izango da pozgarria edo ez, boto-emailearen arabera; baina eskarmentuak dio bozkatu aurreko hilabeteotan alderdien arteko harremanak ohi baino liskartsuagoak izango direla. Denon kalterako.

Ez da nik asmatua ondoko tesia: gizarte modernoetan gero eta urrunago daude herritarron kezkak eta alderdien logika. Hain zuzen, urruntasun hori gainditzera letorke erditzen ari den gobernantza demokratiko berria, ‘res publica’ lankidetza partekatuaren bidez kudeatzea proposatzen duena.

Kontua da hauteskunde giroak hankaz gora jartzen dituela dinamika kolaboratiboak, botere banaketa lehentasun bihurtuta. Nik alde honetatik bakarrik uler dezaket EAEko aurrekontuekin gertatu dena; alegia, denok galtzea, inork irabaz ez dezan. Bestelako adibide onak ere izan ditugulako, horra nire eskaera alderdiei: eutsi konfrontazio demokratikoa liskar antzu bihurtzeko tentazioari. Aukera ezin hobea daukagu hurrengo urteotan herrigintzan urrats sendoak egiteko; ez dezagun denbora galdu beharrik izan hauteskundeetan elkarri egindako zauriak osatzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Ultranazionalismoa

Espainiako II errepublikan Calvo Sotelo politikari eskuindarrak hau bota zuen Donostian: “Entre una España roja y una España rota, prefiero la primera, que sería una fase pasajera, mientras que la segunda seguiría rota a perpetuidad”. Nazionalismoaren formulazio gordina egin zuen gizonak: klase interesen gainetik dago nazioaren batasuna, eta onargarria da arerio politikoak agintzea, horrekin bermatzen bada nazioa ez dela apurtuko. Gogoratu behar da espainiar eskuina eta ezkerra muturreko konfrontazioan bizi zirela errepublika garaian eta giro bortitz horretan gertatu zela Francoren estatu kolpea. Ba, hala ere, nazionalista espainiarren benetako etsaia nazionalista euskaldun eta katalanak ziren.

Andaluzian gertatu denari ere ez zaio buelta asko eman behar gakoa aurkitzeko: Kataluniako prozesuak Espainia ‘apurtzeko’ arriskua bistaratu du, eta espainiar nazionalismoak lehenetsi du batasuna bermatzea gauza guztien gainetik,  demokrazia defendatzea bigarren mailan jarrita. Hau da, onargarria zaie demokraziari zulo edo kalte galantak egitea, Espainiaren batasuna mantentzeko bada. Ez dute horrela esplizitatzen, baina euskaldunok baditugu fronte nazionalista espainiarraren adibide argiak. Zer da bestela Legebiltzarrean gehiengo unionista lortzeko ezker abertzalea legez kanpo jartzea, eta gehiengo faltsu horrekin gobernua osatzea, etengabe ‘desberdinen arteko akordioa’ aldarrikatu ondoren?

Andaluziak erakutsi du Espainian tentsio nagusia ez dagoela ezkerraren eta eskuinaren artean, baizik eta espainiar nazionalismoaren eta nazio periferiakoen artean. Desoreka egiturazko batekin: espainiar nazionalismoak dauka boterea eta ez du arazorik ultranazionalismo bihurtzeko, ‘a por ellos’ lelopean eta erregearen babesarekin, Aznarrek oparitu zien ‘konplexurik gabeko espainiartasuna’ oinarri hartuta.

Andaluzian gertatu dena heda daiteke Espainian, nola ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | 3 iruzkin

Jubilatua eta bloga

Aurten jubilatu naiz. 2011n aukera izan nuen Kutxan 25 urtez egindako ibilbidea eteteko; eta lanera ez joateko lizentzia eman zidaten (beste 500 inguru lankideri bezala) nahiz langile izaten jarraitu. Harrezkero izan naiz Topaguneko eta TOKIKOMeko lehendakari, dedikazio mugatuarekin, eta (Kutxabank-en eszedentzia hartuta) Gipuzkoako aldundian Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari, neurririk gabe lanean murgilduta. 

Orain jubilatuta nago, pentsioa kobratzen hasia naiz, alegia. Jubilatua bai, erretiratua ez, ordea. Jarraitzen dut han eta hemen laguntzen. Aldea da orain ez daukadala ardurarik; arduradunak beste batzuk dira, eta horrek asko lasaitzen nau.

Jarraitzen dut Gipuzkoako aldundiarekin kolaboratzen, karguan egon nintzen denboran abiatutako prozesuak burura eramateko. Jaurlaritzatik ere deitu didate tarteka, lan-saio ezberdinetan parte hartzeko; edota Uda ikastaroetatik. Aurtengo lanik handiena, baina, Eusko Ikaskuntzaren kongresua izan dut. Euskararen etorkizuneko ildoan talde eragileko kide nintzen lehendik eta, behin jubilatuta, denbora gehiago eskaini ahal izan diot prozesuari. Azkenean, Mendeurreneko kongresuan ere tokatu zait ageriko lan batzuk egitea, eta sukaldeko beste hainbat.

Bada nire ezaugarri bat: gizarte dinamiketan sartzen naizenean, aurrera egin ahala ia beti joaten naiz gero eta lan gehiago hartzen.

Kontua da hainbeste saltsa artean ahaztu egin zaidala bloga elikatzea. Twitter-i eutsi diot, baina blogeko azken sarrera maiatzekoa da, justu jubilazio paperak egin nituenekoa. Jubilatu eta bloga ahaztu! Ez da normala, logikoagoa dirudi alderantziz izatea.

Beraz, erabaki dut blogari berriro heltzea. Denbora gehiago izango dut, eta gairik ez da falta. Areago, uste dut Euskal Herria aldi oso beroa bizitzen ari dela azken urteotan, dinamika berri ugari sortzen ari dela, lankidetzan eta herri arduran oinarrituta. Adibide hurbileko bat emate aldera: joan den larunbatean, Oñatin, Eusko Ikaskuntzak egitasmo partekatua aldarrikatu zuen Euskal Herriarentzat eta proposamenez betetako liburu zuri bat eskaini, aditu, aritu, ordezkari eta herritarrekin landutakoa; eta euskararen lurralde guztietako agintari gorenak ere egitasmo partekatuaren alde agertu ziren, ekitaldi berean. Noiz hitz egin genuen azken aldiz Euskal Herriaz serio samar?

Ez dakit nolako maiztasunarekin, baina errepidean naiz berriro. Oh, yeah!

 

 

 

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Gizarte aktibatua

Argia, 2018.05.06

Duela aste batzuk, pentsiodunak gai izan ziren hiriburuetako kaleak betetzeko. Aldarri argia eta zentzuzkoa landu dute, eta horren inguruan ari dira biltzen, gero eta gehiago, gero eta trinkoago. 70eko hamarkadan demokraziaren alde mugitzera ohitu ziren belaunaldiak berriro mugitzen hasi dira, eta ez dira geratuko.

Egun gutxi lehenago, emakumeen txanda izan zen. Indar erakustaldi handia egin zuten; militantziaren esparrua gaindituta, emakumeen aldarria gizarte osora zabaldu den seinale. Emaitza ikusita, klase politikoa lotsagorritu egin zen hasieran eta moretuz doa ondoren. Hau ere ez da berehalakoan apalduko.

Bi dinamika indartsu hauek, gainera, elkarri begira jarri dira, interes komunen bila. Eta interes komunak ez dira aurkitzen zailak. Oraindik pentsiodun ez dena izango da noizbait, eta belaunaldi arteko elkartasuna azalpen handirik gabe ulertzen da. Bestalde, pentsiodunen artean emakumezkoak dira kaltetuenak, gehien irabazteko dutenak. Aliantza naturala da, eta indar oso handia har lezake.

Gehiago ere bai. Gure Esku Dago dinamika orain arte metatutako gizarte atxikimendua erakunde publikoetara bideratzekotan da, hauetan eragiteko. Ekainerako giza-kate erraldoia iragarri du, Donostian abiatu eta Bilbotik zehar Gasteizko Legebiltzarreraino; bertan herri ordezkariei emango zaie Herritarron Ituna izeneko arrazoi bilduma erabakitzeko eskubidearen alde. Ehun mila lagunetik gora lotuko dira berrehun kilometroko tartea betetzeko.

Eta udagoien hondarretan gauzatuko da Euskaraldiaren lehen olatua. Euskaraldia da hizkuntza ohiturak aldatzeko dinamika, hizkuntza berdintasunera bidean. Gizartea astindu nahi du euskal hiztunaren egoera hobetzeko helburuarekin, erdal hiztunari ulertzeko eskatuta. Eta orain artekoak argi erakusten du hau ere birala dela, zabalkunde azkarra eta handia ari dela izaten.

Dinamika hauek guztiek badute oinarri komun bat: denek bilatzen dute gizartearen aktibazioa eskubide oinarrizkoen alde, jabekuntza prozesuak dira erabakimena eta eragin-indarra gizarteari itzultzeko norabidean. Oso posible da hiritar bera bi dinamiketan, hirutan edo lauretan jardutea, guztiz koherentea litzateke hori.

Bada, etorriko balitz halako bateratasun bat mugimendu guztion artean, gizarte tsunami bat gertatuko litzateke hurrengo hilabeteotan, gure egitura instituzional eta politikoak astindu ditzakeena. Katalunian gertatu denaren antzera, han independentziaren alde eta hemen eduki anitzagoekin. Han eta hemen, gizarte aktibatua eskubide oinarrizko eta unibertsalen alde.

Eta 2019a hauteskunde urtea da…

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Euskararen palanka

2018.04.20

Euskaraldia ekimena Euskal Herri osoko herri eta hiri askotan gauzatuko da lehen aldiz aurtengo azaroan eta abenduan. Izena emateko orduan, ehundik gora herrik esan dio baietz ekimenari, horietako bakoitzean sortu da talde eragile bat tokiko aktibazioaren ardura hartzeko prest. Dinamika indartsu honek beste hainbat herri mugiarazi du, eta antolatzaileek izena emateko epea luzatzea erabaki dute, bigarren txandakoek ere aukera izan dezaten.

Euskaraldia elkarlan publiko-sozialetik jaio zenez, pentsa zitekeen harrera ona izango zuela. Baina gertatzen ari denak aisa gainditzen ditu aurretiazko usteak, ekimenaren hedapena birala bihurtu da. Nire ustez, halako ekimen baten premia zegoen, bateratua eta ekintzara bideratua, aldi berean eragingo duena partaide bakoitzean eta portaera kolekiboetan. Urteak daramatzagu esaten euskararen biziberritze prozesua moteltzen ari dela, eta Euskaraldiak erakusten du palanka egokia jartzen denean behar den tokian, herritarren eskuak berehala biltzen direla indar egiteko. Sinetsita nago palanka hau ondo erabilita goranzko inflexioa eragin dezakegula euskararen prozesuan.  

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

20 urte barru

2018.03.02

Ez dakit ondo zergatik, baina ez gara epe luzeko plangintzaren oso zaleak. Laupabost urteko planak bai, egiten ditugu ugari; neurri motzean trebeak gara. Seguruenik, erakunde publikoen lau urteko zikloak erakutsiko zigun legealdien arabera funtzionatzen. Baina hortik gora…

Euskararen prozesuarekin gertatu izan zait aldiro. Niri oso logikoa egiten zait irudikatzea non egon nahi dugun eta non egon gintezkeen 20-25 urte barru, eta horren arabera planifikatzea nondik joan daitekeen, zein baliabide ditugun ibilbide hori egiteko, nola antolatu eragile ezberdinen artean, tarteko geltokiak eta neurketa sistema bat, jakiteko ondo ala txarto ari garen… Baina halako kontuekin hastean, beti aurkitu izan dut erresistentzia, ekintzari balio handiagoa ematea plangintzari baino.

Oraingoan, hala ere, badago dinamika bat epe luzeko ikuspegia lantzen ari dena. Eusko Ikaskuntzak 100 urte beteko ditu aurten –Oñatin bete ere- eta gure herriaren etorkizunaz argi luzea piztuta dabil, 700 inguru aditu eta ariturekin. Joan den astean Gasteizen izan ginen euskararen 2040ko egoera irudikatzen, ariketa interesgarrian. Emaitzak, udagoienean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Eraikitzeko ordua

Argia, 2017.12.03

Uste dut egintzat eman dezakegula euskararen prozesua aro berri batean sartzeko lehen baldintza: zoru komun bat identifikatzea, terminologia eta diagnostikoak hurbiltzea, lubakien gainean zubi behin-behinekoak jartzea… Zantzu asko dago, izan Korrikaren Santiago zubiko argazkia, Udaltop jardunaldiko ekimena, Euskal Herriko euskararen erakunde publikoen lankidetza akordioa… Azken zantzua, Kontseiluak berriki egin duen ekitaldian azaldu zuen diskurtso berriaren osagaiak: konplizitate publiko-soziala, hizkuntza politika elkarrekin birpentsatu, egitasmo partekatuak eta jauzi esanguratsu bat egiteko aukera.

Behin oinarrizkoa zen baldintza sortuta, ordua da zoru komun horren gainean eraikitzen hasteko. Eraiki beharko genituzke, ordena honetan:

  1. Elkarrenganako konfiantza. Mesfidantzaren garaian, ohiko bihurtu zaigu solaskidearen hitzei baino intentzio ustezkoei gehiago erreparatzea. Konfiantza da sinestea solaskidearen nahia dela hain justu esaten ari zaigun hori, beste tolesdurarik gabe.
  2. Ekimen partekatuak. Konfiantza igurtziarekin sortzen da; eta igurtzia, ekimen partekatuekin. Balekoa da batek antolatzea eta besteak atxikitzea, baina hobea da elkarrekin antolatzea eta gauzatzea, bide osoa elkarrekin egitea; ekintzan bezainbat, ideien artean ere igurtzia bilatzea. Praktikatzeko aukera ezin hobea da indartzen ari den aktibazioaren dinamika, ahobizi-en eta belarriprest-en festa.
  3. Marko instituzionala. Aspaldi amestutako urratsak gauzatzen hasi dira, bai erakunde publikoen artean (euskararen herriko hiru administrazioen akordioa), bai erakunde publiko eta gizartekoen artean (HPS-Topagunea ardatza aktibaziorako) Marko hau osatu eta egonkortu egin behar da, prozesua baliabidez eta bermez hornitzeko. Erakunde publiko/sozialen egitekoa da baldintzak sortzea hiztunak bidea egin dezan, gero eta erosoago, haizea alde jarrita.
  4. Ibilbide planifikatua. Behin bidean elkarrekin abiatuta, ezinbestekoa izango da ibilbidearen mapa adostea: epe jakin bateko helburua (25 urte?), haraino iristeko palankak eta palankariak (funtzio banaketa), tarteko helmugak eta helburuak, neurketa sistema, beharrezko baliabideak…

Lehen bi esparruak emozioekin lotzen dira, batik bat, eta inguru hurbilean landu behar dira nagusiki, ohiko harremanen esparruan. Azken biak, aldiz, jakintza eskatzen dute borondateaz gain, eta egituren bidez ekin behar zaie. Alde horretatik, oso lagungarri litzateke gune bat propio sortzea, euskararen erakunde publiko guztiak eta unibertsitateak bilduko lituzkeena, ezagutza zientifikotik marko instituzional bateratua eta plangintza adostua bultzatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Kale neurketa

2017.07.20

Zalaparta dezente piztu da euskararen azken kale neurketaren emaitzekin. Oro har, ez dira onak, ez. Baina bere tokian kokatu behar dira, negarrari ekin aurretik.

Kale neurketarena metodo atipiko bat da, ezohikoa. Argazkia beti antzera eginda, balio lezake argazki arteko bilakaera antzemateko. Balioa irabazten du, ordea, inkesta estatistikoekin gurutzatuta. Are gehiago irabaziko luke erabileraren neurketa sistema oso bat garatuko balitz, biziberritze prozesuaren beste adierazleekin bateratuta.

Duela bost urte kale erabilerari sabaiak ikusi zitzaizkion, eta oraingo neurketak sabai horiek berretsi egin ditu. Badira datu onak –gazteen eta emakumeen lidergoa- baina baita arriskua adierazten dutenak.

Lanean ari gara, baina, are gogorrago bost urtetik hona; lanean, gauzak ezberdin egiteko, eraginkortasun bila; lanean, hiztunak aktibatzeko eta euskararen baldintza sozialak hobetzeko. Elkarrekin ari gara lanean, bateko eta bestekoak, indarrak metatuta ahal handiagoa izango dugulakoan. Elkarrekin bide berrien bila, bost urte barru joera alda dezakegula sinetsita. Gogotsu eta bizi, inertzia aurka daukanak lana baitu eguneroko afana.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Elkarrekin bide bila

ARGIA, 2017.06.25

Maiatzaren 18a, Hernaniko Orona Galleryn. Ehun lagun bildu ginen, Gipuzkoako aldundiak deituta, Euskara 4.0 dinamikaren bueltan. Ia bi orduz aletu genituen euskararen prozesuan aurrera egiteko jorratzen ari garen bilaketak. Hizlariak, jardun esparru ezberdinetakoak: GFA (Diputatu nagusia eta biok, Ogasuna, Kabia), EHU, HPS, Euskaltzaleen Topagunea, Soziolinguistika Klusterra, Hekimen, Euskalit eta Mondragon korporazioa. Euskararen biziberritze prozesua bidegurutzetik aurrera eramateko, elkarrekin bide bila gabiltza mota askotako erakunde eta eragileak; lankidetza emankorrean eta berrikuntza aldartearekin.

 

Bitxia izan zen ARGIAk han bertatik idatzitako kronikari jarri zion izenburua: “Euskalgintzaren zati bat eta Gipuzkoako Aldundiaren arteko lankidetza” Ez nuen oso ondo ulertu, baina egunkari ingeles haren izenburu famatua ekarri zidan gogora: “Mantxa itsasarteko behe-laino itxiak isolatuta utzi du kontinentea”.

Txantxak alde batera, nabari diren mugimenduak serioak eta sakonak dira. Neronek ikusi ditut ezin argiago aldundian egiten ari garen partaidetza prozesuan. Aurten bigarren fasea osatu dugu, eta oso bistakoa izan da partaide gehienak ez gaudela orain bi urte geunden toki berean.

Publiko eta nabarmena izan da, norabide berean, Udaltop jardunaldian gertatu dena. Gizarte aktibazioaren gaurkotasunak eta proposamen berritzaile baten iragarpenak eraginda, gainezka egin zuen izen-emateak, eta itxaron zerrenda ere ireki behar izan zen. Ohiko kopurua ia bikoizten zuten partaideek ‘itxaropentsu’ hartu zuten HPSk eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarrekin landutako proposamena, Euskal Herri osoan aktibazioa sustatzeko lan ildo baten inguruan. Ilusio giroan bukatu zen jardunaldia eta inoizko baloraziorik altuena jaso du ondorengo inkestan.

Hiztun komunitate emantzipatua eta indartsua aldarrikatzen dugunontzat, dinamika hau oso pozgarria da; erakunde publikoak eta gizartekoak lankidetzan natural aritzea, urte luzez amestu dugun zerbait. Esango nuke eraikitzen ari garela ‘gu’ berri bat, zabala, komuna, bateratzailea, euskararen inguruan.

Ez da batasuna, bateratasuna baino; ez da ibilbide bakarra, ibilbideen sinkronizazioa baino; ez da helburu monolitikoa, helburuen konstelazioa baino. Gizarte konplexua gara, ez dugu uniformerik behar. Bai, ordea, interes komunen alde lankidetzan jarduteko kultura. Euskara biziberritzen, esaterako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Benetako ipuina

2017.06.16

Behin batean, EAEko hizkuntza arduradunak esan zuen euskararen biziberritze prozesuan beharrezkoa zela erakunde publikoen eta gizarte eragileen arteko lankidetza, horrekin egingo zela jauzi handi bat aurrera. Eta adibide argia emate aldera, gobernuaren izenean eta gizarte mugimendu euskaltzaleko arduradunarekin batera, proposamen zehatz bat aurkeztu zuen, lankidetzan garatutakoa eta irekia erakunde publikoei eta eragileei.

Nafarroako hizkuntza arduradunak azaldu zuen lurraldean lehen aldiz egin dutela plan estrategiko bat euskararentzat; bikoiztu egin dutela euskararen aurrekontua; eta, udalek hala eskatuta, milaka herritar asko ihesi doazela zonalde ez erdaldunetik zonalde mistora. Baita nafar arartekoak arrazoia eman diela, ihes horrekin eskubide eta berme gehiago lortzen dituztelako.

Iparraldeko hizkuntza arduradunak azaldu zuen lehen aldiz egitura administratiboa dutela, hizkuntza politikan eskumenduna, eta azken urteotako neurriekin dagoeneko lortu dutela hiztun galera etengabeari galga jartzea.

Azkenik, hirurek batera iragarri zuten lankidetza hitzarmen bat sinatzekotan direla.

Ipuin hau benetan gertatu da asteon, Bilbon.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina