Taberna hartako kafea dut gogoan. Irakinda zerbitzatu ziguten hura. Kafe galdua ei da, irakindakoa.
Iruñatik gehiegi urrundu gabe, bailara zabal eta eder bat ageri zaigu. Mediterraneo isurialdeko bailararik altuena dela esan dezakegu; horrela diote behintzat han eta hemen bisita ditzakegun webgune edo liburuxka ezberdinek. Ultzama errekak ematen dio izena bailarari; Belateko mendatean hasten den erreka honek, bihurka eta lotsagabe, baso eta soro ezberdinak saihesten ditu harik eta Arga ibaiak irensten duen arte. Kolore ezberdinez jositako paisai zoragarrriak bidean marrazten dituen bezalaxe, horren argi eta horren lerden, usaintzen dira freskotasunez bustitako inguru hezeegiak ere.
Eltzaburura iristearekin batera gogoratu dut. Badira urtetxo batzuk bertan izan ginela; orduan, oraindik ere, Malen eta Eneritz haur txikiak ziren. Orduan,aldameneko herrian, Larraintzarren, ospatu zen lasterketa batek eraman gintuen bertara. Arrostasunez bigarren lekuan sailkatu nintzela azaldu nahi izan diet alabei baina ez didate aparteko jaramonik egin; Maiderren imintzio esangurutsu batekin konformatu behar izan naiz, en fin.
Orgiko hariztira hurbidu gara arratsaldeko lehen orduan. Adinean aurrera noan heinean, nolabaiteko zaletasun arraro bat dut ehun urtetik gorako zuhaitzengatik. Inoiz euren lekutik mugitu ez diren zuhaitzak, bizitza nola pasatzen den ikusten dutenak; eta maiz, inongo intentziorik gabe, geure herriaren historiaren protagonista bilakatzen direnak. Garaienak izan daitezke, zaharrenak agian edota ospetsuak bilakatzen direnik ere bada. Orgiko haristian badago zein behatu, zeinekin “ hitz egin”, zeinekin aspertu.
Behin eguzkia ezkutatuta etxeratu gara. Oharkabean, biharamunean Ansoainen izango dugun orientazio frogako xehetasunak bilakatu dira protagonista. Konpetizio eremua, landaretza edo lasterketen luzerak arduratzen gaituzte.
Ansoain Ezkaba mendiaren magalean dago. Herri txikia da berez, aldiz, mendi aldera erruz zabaltzen da. Larre zabalez gain, pinudiak ere badude; balizen bila aritzeko leku ederra dirudi. Orientazio saioa bukatuta, ez gaude denok gustura; Eneritz eta Maleni astuna egin zaie ibilbidea. Okerreko erabakiak tarteko, sastrakez betetako bideak irentsi dituzte, arantzekin liskarrak izateraino gainera. Ane aldiz, itxuran aritu da; asko ikasi du etxeko txikiak. Ganoraz, mugitzen du mapa.
Etxerako bideari ekin aurretik ,Ansoaingo sastraka matraka ozeanoari begirada gaizto bat eskaini diogu. Behatz potoloan eta belaunean ere, arantzak eramaten ditugu Oñatira. Arga ibaiaren ibilguak bustitako eremu hezeak zeharkatu eta Sakanan barrena sartu gara. Beriaingo Donatok zaintzen gaituela dirudi. Etxegaratego fondan egin dugu geldialdia; ogitartekoa, baxo-erdia….
Kafe hutsaren keak eraman ditu Ultzama eta Ansoain aldeko haieneak. Dagoeneko Zaragozara begira jarri gara; Aragoiko base militar bateko orientazio frogara alegia….hemengo kontuak…hurrengoan.