PORTUGALETEN

Ia hiru hilabete min hartuta egon ostean, Portugaleten ospatu zen orientazio lasterketak piztu ninduen. COBIDEAk antolatutako froga hiriko alde zaharrean ezezik, Sestao edota Santurtzira eramaten gaituen erreka bazterrean ere jokatu zen. Bertan, irailean, ilusio handiz, martxan jarritako orientazio eskolako neska- mutikoekin aurkeztu nintzen; eguraldi bikaina eta giro aparta.

Ibilbide ezberdinetan parte hartzeko aukera izaten da horrelako frogetan; hasiberriak direnak OPEN Horia izeneko ibilbidean aritzen badira ere, oraingo honetan orientazio eskolako neska jakin batzuei maila bat goragoko ibilbidea egitea gomendatu nien.  Gustura amaitu zuten; aparteko zailtasunik gabeko mapa bat izan zuten eskuartean baina denboran agian, luze joan zitzaien. Malenek ere, ibilbide laranja osatu zuen eta baliza baten izandako akats bat salbu, ganoraz egin zuen froga.

Beste behin Eneritzek sailkapenaren goiko aldean amaitu zuen froga. Beste podium bat erdietsi zuen Portugaleten. Erraz irakurtzen eta interpretatzen ditu mapak; oraindik, ikasteko asko duen arren, kirol hau gustoko du eta hau, emaitzetan ere nabaritzen da.

OPEN Horiko frogan izan ziren ausartak aipatu gurako nituzke. Auritzek bere bigarren orientazio lasterketa egin zuen¸ dirudienez atsegin du orientazioa. Mapa era egokian eramaten ikasten dabil; gustura bukatu zuen froga. Eta Auritzekin batera taldeko txikiena aipatu behar¸ Anek ere OPEN Horian hartu zuen parte, txapo!!

Lehen aipatu bezala, Portugaleteko orientazio lasterketak piztu nau. Transizio luzeak eta kale estu eta aldrebesez betetako froga bat aurkeztu ziguten. Orandik ere, berde samar banago ere, itxuran aritu nintzen OPEN Gorrian.

Ezkerraldea bizirik dagoela begi bistakoa da. Duela 30 urte ezagutu nuen hiri hark ez dauka egungoarekin zerikusirik. Gogoan dut, Bilbotik bertara iristeko trenak egiten zuen ibilbidea. Orduko Labe Garaietako galdaren artean eraikitako errail zaharrak edota adreiluzko tximinia luzeak, egun, Barakaldo edota Sestaoko taberna ilunetako argazkietan ikus ditzakegu soilik. Eta Portugalete ere, antzerako tamainan aldatu da; Bizkaiko Zubiaren ingurua paregabe dago.

Balizen bila, aipatutako trenaren pare, Sestaoraino heldu nintzen ia. Estropadak ziren Ibaizabaleko ur geldoetan; apustuaK, animoak eta urduritasuna igartzen ziren giroan. Halaber, balizen bila, denbora galdu gabe, korrika pasa nintzen kaiatik. Korrika nindoala Iurretako Espainiako txapelketa etorri zitzaidan gogora; eguardian jakin nuen, Sagarzazu eta Maider Leoz nafarra izan zirela euskaldun  azkarrenak.  Eta beteranoetan berriz, Ziani eta Etxeberriaren denborak txukunak benetan.

Mapak aldiz, korrika egiteko uneak ezezik, eremu teknikoak ere eskaintzen zizkigun. Horrela, kontuak kontu, eta akats bat edo beste tarteko, gustura gelditu nintzen Portugaleten eginikoarekin. Indarra, abiadura eta beste aspektu asko ditut hobetzeko baina tira…bagoaz. Asteburu honetan Jaizkibelen izango gara. Ea bada.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude