Naufragoak aurkituko ditugu bidean. Uretan igerian edota itotzeko zorian. Egun hauen zai izango balitz bezala, norbaitek zeruko iturria itxita mantendu du; edukiera handiko depositu bat bete artean agian. Eta, orain, otsailari aste pare bat jan dizkiogunean zabaldu da iturria, erori zaigu zerutik euri bilakatutako urtegia.
Antzuolako mendi lasterketako bidezidorrak maldetan behera zetozen errekatxoek estaltzen zituztela entzun dut. Nahiz eta, lasterketak iraun zuen bitartean euririk ez egin, zapatu gauean eroritakoak bilakatu zituen Irimoko basoak umeltasunaren paradisu. Lasterketan parte hartu zuen lagun batek aitortu zidanez << helmugan zapatila marka bakarra antzematen zen, marroi koloredun marka internazionala>>. Aipatu beharra ere bada, itsasotik jotzen duen haize gogorra, mendabala alegia, pairatu dutela kostaldean; eta esaerak dio << mendabala euritan, berrogei eta zortzi ordu bustitan>> .
Goitik behera datorren euri urtuari ezezik, igerilekuan dagoenari begira egoteko aukera ere izan dut asteburuan. Legazpiko kiroldegian, larunbatean, jokatutako frogetan izan zen alabetako bat; lan txukuna burutru zuen, gustura etorri zen Udanan behera Zubikoan jokatzen ari zen eskubaloi norgehiagoka ikustera. Izen ere, Arrasate eta Oñatiko taldeen arteko derbi beroa izan genuen ikusgai. Kiroldegia leporaino bete zen denboraldi bikaina egiten ari diren bi taldeen artekoa ikusteko.
Cross denboraldia ere amaitzear dago. Atzokoan, Abadinon, Euskadiko cros motzeko txapelketa izan zen. Kostata baina iritsi da lupetza crossera. Orain arteko cross lehorrek ez dituzte atzo beste korrikalarien oinak zigortu; putzu eta alfonbra buztinduetako dantzaririk trebeenak Ainhoa Sanz eta Dabid Garcia izan ziren. Biak ala biak, denboraldi bikaina burutzen ari dira.
Penaltiak zuzenean jaurtitzeko ahaleginak parekorik baduela erakutsi dute Messi eta konpainiak. Cruyff handiari keinu egin nahian edo, bi jokalarik jo zuten baloia birritan gola sartzeko. Aparteko liga batean egiten du futbolean Bartzelonak eta kontu honek izan dezake ondoriorik etorkizunean; arerioaren konpetitzeko gogo ezak zakartu dezake liga. Ummmmm
Nafarroak, sartu garen aste honetan, badu albisterik. D ereduan ikasteko eskaintza sare publiko osora zabalduko da. Horrelako titularrak irakurtzea zeinen ederra den, ez da?
Bukatu zaizkit oporrak. Kanarietako maratoiaren osteko atseden egunak amaitu dira. Aurkitu du naufragoak txalupa. Erronka berriei begira jarri naiz dagoeneko. Bihar, hasteko, korrika apur bat egingo dugu igandean izandako bazkari ederregiaren haieneak gainetik kentzeko. Has dadila festa. Ondo izan.