Gipuzkoa.net: Irisgarritasuna eta euskara

Lanean Gipuzkoako errepide sarearen infografia bat egitea egokitu zait albiste bat ilustratzeko. Errepide lanen azken egoera zein den jakiteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunera jo dut. Errepideetako proiektuak sailean mapari buruzko datuak atalera jo eta Firefoxek webgunea ikusteko Autodesk-en [es] MapGuide [en]  plugina [eu] behar dudala esan dit.

Joño Microsoften Windowspean dabilen plugin [eu] bat behar da! Zer gertatzen da Mac OS X eta GNU/Linux erabiltzaileekin? Ez al dugu urtero zergak ordaintzen? Gipuzkoako Mendi ibilbideen webgunearekin ere berdina gertatu zen. Eta Igorrek ere bere kezka zabaldu zuen.

Harro egongo dira Foru Aldundiko teknikariak! Irisgarritasun maila gorena betetzen dutela diote bi webguneetan, baina TAW testa maila baxuenean eginda ere 27 errore agertzen dira.

Euskararen presentzia kaxkarra

Iradokizunen gutunontzian mezua laga diet. Mezua bidali denean  Su información ha sido enviada correctamente. Gracias esan dit webguneak, nahiz eta euskarazko gunean nabigatzen nengoen. Gainera, euskarazko bertsioko webguneak akatsak ditu. Webgune bat garatzerakoan ez da nahikoa edukiak euskarara (edo beste edozein hizkuntzatara) itzultzea. Iratxe Esnaola eta Mikel Olasagastik argi azaldu zuten zergatia duela hilabete batzuk. Markatzeko lengoaian dago koxka.

Ekintza zuzena

Bat egin dut e-kintza zuzena gonbitearekin. Webgunean bertan irisgarritasunarekin arazo bat aurkituz gero harremanetarako formulario bat dute betetzeko. Formularioa betetzerakoan galdera bat: Nola identifikatu nahi duzu zure burua? Ziurtagiri digitala aukeratu eta hurrengo pausora jarraitu dut. Izenperen txartela ziurtagiria irakurgailuan sartu eta identifikatzeko botoia sakatu dut. Firefoxen beste mezu bat: Aukera hau Internet Explorer-en bakarrik erabil daiteke. Barkatu eragozpenak. Harroputza izan behar gainera! Mezetara bekatuak barkatzeko bakarrik joaten diren horietakoak izango dira. Infernuan erreko zarete, bekatariak!

Imamon

Hau Arrasateko Imanol Soriano diseinugile grafiko, argazkilari eta blogariaren porfolioa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude