Atzo gauean bigarren aldiz Elgetara joan nintzen Danbaka Debagoieneko Musika Lehiaketako kontzertua ikustera.
Oraingoan arrebarekin gerturatu nintzen Espaloia Kafe Antzokira. Scam taldekoak ezagutzen ditu arrebak Eskoriatza Kirol Elkartean areto futbolean jokatzen dutelako. Arrebak saskibaloian jokatzen du eta entrenamendua bukatu zuenean etxera ziztu bizian etorri eta nik prestatutako afaria korrika baten jan eta Elgetarako bidea hartu genuen. Scam taldearen Welcome to the family maketa entzuten egin genuen bidea.
Bosgarren kontzertuan Arrasateko Jim TNT eta Raul Lasa Ugartondo bakarlariak, Oñatiko Unnëa eta Aretxabaletako Scam taldeen musika entzuteko aukera izan genuen.
Jim TNT
Arrasateko Jim TNT bakarlaria izan zen taularatzen lehenengoa. Bigarren aldiz aritu zen Danbaka. Amaia Artzamendi biolin-jotzailearekin batera aritu behar zen, baina Amaiak Zarzuelan esku hartu behar zuenez ezin izan zen berarekin egon. Amaiaren hutsunea betetzeko edo bere arreba igo zen kantu pare bat abestera eta ederki bete zuen biolinaren hutsunea bere ahots finarekin.
Raul Lasa
Arrasateko beste bakarlari batek jarraitu zuen emanaldia. Emanaldia hasi baino lehen talde edo bakarlariei egindako elkarrizketa botatzen dute pantaila erraldoian. Raul Lasaren autobiografia (espetxetik iren eta lapurreta, narkotrafikoa eta bestelako delituengatik ezaguna zela zioen grabazioa) entzun genuen elkarrizketaren ordez. Raulek narratutako istorioei koreografia jartzen zion neska baten laguntzarekin egin zuen emanaldia.
Unnëa
Oñatiko Unnëa laukotea igo zen hirugarren taula gainera. Abenduaren 1a Hiesaren Aurkako Eguna zela aitzaki hartuta xingola gorria gitarran zutela irten ziren eskenatokira. Nerbioso ikusi nituen hasieran, baina kontzertuak aurrera egin ahala alde batera utzi zuten eta geurean ere popak jarraitzaileak dituela erakutsi zuten. Oñatitik etorritako grupi mordo bat ikusi genituen txaloka eta txistuka.
Scam
Scameko gazteak izan ziren taularatzen azkenak. Welcome to the family maketa aurkeztu zuten Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Musika bezain beste zaindu zuten estetika. Alkondara beltza eta zapatila berdinekin irten ziren denak, Vans markak patrozinatzen al die? Maceroak ere badirela ikusi nuen. Macintosheko pegatina bi baterian itsatsita zuen.