Larunbatean, KIXMITRON

tagzaniapaste
Tagzania: elilaztan

Egin dugu hitzordua.

Larunbatean joango gara Erremellurira Bixente Ameztoiren Paradisua eta beste koadroak ikustera. KIXMITRONen sasi-misterioa argituko dugu eta inguruan bazkalduko dugu.

Zazpi bat lagun gara. Bai, Azken Afarian ere pertsona gehiago izan ziren (ofizialki, 14: 12 apostolu, Kixmi eta Mari Maddalen) baina jakina da afarietarako jende gehiagok ematen duela izena beti.

Goiz xamar jarri digute hitzordua Erremellurikoek: goizeko 11etan abiatuko dugu bisitaldia, baina luze joko duelakoan nago, beraz badago astia geroxeago ere etortzeko.

Jatorrena tabernan (Bastida) egongo gara, bestela, bazkaltzeko orduan.

Bastidan izan nahiko nuke, zioen poetak.

Bastidan izango gara.

Mapa ez da paradisua

Nork behar ditu Googlen sateliteen bidezko mapak?

Aurreko batean kontatu nuen Erremelluri ez zetorrela mapetan, Paradisua bezala. Denbora luze eman dut udaberriko txangoaren nondik-norakoak ilustratzeko mapa egoki baten bila. Alperrik. Googlen satelite bidezko mapek hiri handien inguruan dute soilik behar bezalako definizioa, dirua usaintzen duten tokian, alegia.

Eta, hara non, Juanmak mapa polit hau egin digun. (Eskerrik asko Juanma, ez du preziorik). Lehen eskukoa da gainera. Memoriaz eta di-da egin du marrazkia Juanmak. Izan ere, txikitan oporrak Bastidan igarotzen zituen, eta bazterrak bere zapatak bezain ongi ezagutzen ditu.

Nabarmentzekoa da mapa perspektiban marraztu duela, ez eta plano huts moduan. Begiak Toloño mendira altxatu ditu oroimenaren esploratzaileak.

BASTIDAN IZAN NAHI NUKE

  • “Kristo” muinoaren magalean /
    lautada zabalean
    /
    *Ebro ibaia eta Toloño /
    mendiaren artean… /
    Galsoro, olibondo eta mahasti /
    denetatik badu aski /
    Bastida xahar eder maitea /
    benetan ez dago gaizki!* /

Mapaz gain, ingurune horri eskainiriko poema bat bidali dit Juanmak. Hona osorik:

  • O, Bastidan izan nahi nuke /
    Bastidan izan nahi nuke
  • Ttiki-ttikitatik zugana bildu /
    zure deia ez da ixildu /
    zenbat une eder, zenbat oroitzapen
    … /
    zurekin naiz maitemindu /
    “Castrijo” haitza, Larrazuria /
    San Gines, Santa Luzia /
    uda sargoritsuan freskagarri /
    izaten da, bai euria!
    /
  • O, Bastidan izan nahi nuke /
    Bastidan izan nahi nuke
  • Zurekin ametsak ditut Bastida /
    bihotza bor-bor ari da /
    aske sentitu naiz ikusiaz /
    gau izartsuen dizdira
    … /
    Mendigurina, Mairua(re)n gaztelua /
    mugarik gabe zerua
    … /
    Erremelluri, Mota, Olmo auzuak /
    zein gogorra den negua!
    /
  • O, Bastidan izan nahi nuke /
    Bastidan izan nahi nuke
  • Urtero-urtero ez dizut hutsegin /
    aurkitu baitut mila atsegin /
    bihotzean sakon erroturik /
    eramaten zaitut nerekin
    … /
    *Zure paisaiak dituen bazterrak /
    jendearen gatz ta piperra /
    Toloño(re)n erakargarritasuna /
    zure ardoa bezain ederrak!* /
  • O, Bastidan izan nahi nuke /
    O, Bastidan izan nahi nuke
    /

    (1996-VI-19)

  • Bastida, Bastida /
    nere bihotzean /
    betiko bizi da
    /
    Arabar Errioxa: /
    bihotzean /
    ematen didazu poxa

Eskerrak Spectrum proto PCaren belaunaldikooi oraindik lagun analogiko bakan batzuk geratzen zaizkigula. (Gurasoek ez ziguten inoiz erosi Spectruma, Itoizko abeslariari tren elektriko hura erosi ez zioten bezala)

Datozen asteotan saiatuko naiz txango osoaren mapa osatzen joaten. Saiatuko naiz Tagzania erabiltzen mapan informazio gehiago jartzeko. Nola erabiltzen den ulertu beharko dut lehenbizi. Analogikoa is beautiful.

Paradisura!

Udaberrirako plana egin dugu, eta zuetako nahi duenak izango du parte hartzerik. Paradisu Egitasmoa abiatu da, Guinness liburuan sartzen saiatuko gara.

Bidaia egingo dugu Kixmilogiaren leku santuetara. Egun bateko txangoa izango da, printzipioz, eta segun eta zenbat jendek ematen duen izena, autobus, mikrobus edo auto batean (‘sidecar’-rekin, noski) egingo dugu espedizio psikogeografikoa.

Egitaraua

Behin-behineko egitarau bat pentsatu dugu, baina edozein proposamena, aldaketa, gehitzea edo denadelakoa aztertuko dugu. Egitaraua irekia dela, alegia.

1- Jendea jaso, goizean goiz.

2- Erremellurira abiatu (Arabako Errioxako ardotegira).

3- Harrian zulaturiko hilobi erromanikoetan etzan, heriotza eta berpizkunde saio txamaniko laburra egiteko.

4- Berpizturik gaudela, Erremelluriko baselizara joan eta Bixente Ameztoiren Paradisua koadroa zuzenean ikusi.

5- Ardandegia bisitatu, biziaren ardoa dastatu.

Eguerdia

6- Otxate herri abandonatura joan. Giroa usaindu. Ektoplasmak ikusi, psikofoniak entzun, hirugarren faseko harremanak izan estralurtar zein intralurtarrekin.

7- Bazkari pantagruelikoa.

Arratsaldea

8- Paradisu Egitasmoa gauzatu, hau da, paradisugintzako munduko marka hautsi.

9- Etxera itzuli.

Paradisu Egitasmoaren helburua paradisugintzako munduko marka haustea da. Danteren arabera, jatorriko paradisuak zazpi minutu iraun zuen. Adan eta Ebak berehala egin zioten kosk sagarrari jainkoaren begi oroikuslearen aurrean.

Guinness marka?

Beraz, paradisua eraiki behar dugu berriz, eta paradisuari, gutxienez, 7 minutuz eta 01 segundoz eutsi.

Gizaki taldetxo bat bilduko gara, eta bakoitzak gehien maite duena egingo du. Demagun niretzat paradisua sardina ogitarteko bat jatea dela, Eros Ramazzotiren kanta hura entzuten dudan bitartean. Demagun niretzat paradisua Peru edo Marirekin (edo biekin) zirri egitea dela. Demagun Krimen Uriberen olerki bat ispiluaren aurrean irakurtzea dela. Demagun… Zenbat buru, hainbat “demagun” egongo da, jakina.

Nola osatu paradisua?

Norberak desio-objektu, ekintza edo pertsona hori ekarri beharko du.

Kutxazain automatiko batean egingo genuke saioa. “Paradisu” hitza farsi hizkuntzatik (Iranen egiten dena) dator, eta “lorategi itxia” esan nahi du. Leku itxia behar du izan, beraz. Horrez gain, Jainkoaren begiaren azpian egin behar dugu paradisua, eta kutxazainetan beti dago kamara bat, une oro piztuta, gizakiak zaintzen.

Non osatu paradisua?

Zerrenda bat ireki dugu blog honetan, eta jendeak txangorako izena hemen eman dezake edo sarrera honi erantzun. Paradisua osatzeko zer ekarri edo egingo duen esan ahalko duzu, edo sekretupean gorde. Masa kritikoa lortzen dugunean abiatuko gara, udaberri aldera edo.

Antolaketa

Paradisura goaz! Telebista ikusten geratuko al zara?

Izenak heldu ahal jarriko ditut, eta, aldamenean, bidaliriko mezu edo iruzkina.

Zerrenda

  1. MAIALEN (“Paradisura joan nahi dut”)
  2. OIER (“Paradisua, Magical Mistery Tour bat da; datorrena… datorrela”)
  3. IZARNE (“Paradishurantz mikrobuseez? UFO? Iufa! Banua!”)
  4. ARANTXI, AITOR, UNAX eta LIZAR (“Gure furgonetan joango gara, hurbil bizi gara eta”)