Kixmi boxeolari

boxeolari

“Le Monde” egunkarian agertu zen goiko irudia joan zen larunbatean. Poizat ilustratzailearen lana da, neokreazionismoaren inguruko artikulu bat ilustratzeko.

Jainkoa, tximinoa, gizona… ironiaz hartzen ditu. Izan ere ironiaz baino ezin da hartu Diseinu Adimentsuaren gaia. Ameriketako Estatu Batuetako Bibliaren Gerrikoa deituriko zonalde ultrakristauaren sakontasun abisaletatik, mendebalde sinesgabe materialista osoa konkistatzera dator teoria zahar-berria. Eta litekeena da aurki Euskal Herrira heltzea Eliza Katolikoaren iherarkiaren eskutik.

Jainkoak unibertsoa duela sei bat mila urte inguru sortu zuela uste dute kreazionistek. Orain jantzi berriekin agertu dira AEBetan, eta Diseinu Adimentsua jarri diote izena mozorroari. Teoriaren arabera, organismo konplexuak ezin dira zoriz sortutakoak izan, baizik eta «diseinatzaile adimentsu» batek sortutakoak. Bizidunak ingurumenaren erronkei erantzun eta aldatu egiten direla onartzen du Bill Harris medikuntza irakasle eta Diseinu Adimentsuaren bultzatzaileak. Edonola ere, «gizakia istripua» dela ukatzen du. «Bizidun forma guztiak arbaso komun batetik datozela eta prozesu natural baten ondorio direla ezin da esan, zientzian oinarrituta», esan zuen.

Kreazionismoaren mozorroa

1987an kreazionismoa eskoletan irakastea galarazi zuen AEBetako Auzitegi Nagusiak «sasizientzia» dela iritzita. Diseinu Inteligentearen bultzatzaileak beste bide bat bilatu nahi dute, kreazionismoa ikasgeletan sartzeko. Agnostikotzat jotzen dute euren teoria, eta darwinismoarekin batera irakastea proposatzen dute. Azken finean, komunitate zientifikoak eztabaidatzen ez duen eboluzionismoa «beste teoria bat» besterik ez dela eman nahi dute aditzera eskoletan.

Txiste zahar bat ekartzen dit gogora teoria bitxi honek.

  • Tipo batek prakak hartzera eraman ditu jostunarengana. Handik astebetera deitzen dio jostunak prakak jasotzera pasa dadin. “Astebete prakak hartzeko?”, esaten dio haserre jostunari, “Denbora horretan Jainkoak mundu osoa sortu zuen!”. Jostunak serio begiratzen du eta honela erantzuten dio:”Bai jauna, Jainkoak zazpi egunetan sortu zuen mundua, baina begiratu zure prakak, eta begiratu mundua”.

Hedabide gutxitan agertu bada ere, ezkutuan, ateak itxita, bilera berezia egin zuten joan zen astean Vatikanoko buruek, Joseph Ratzinger Eliza Katolikoko Aita Santua buru. “Ez gaude hemen eboluzioaren zentzurik gabeko istripu batengatik”, entzun diogu lehen ere Ratzingerri. Filosofoak, zientzialariak eta teologoak bildu ditu Benedikto XVI. delakoak, Eliza Katolikoa diseinu adimentsuarengana biltzeko bidea prestatzeko, ziurrenera.

Poizaten marrazkia ezin egokiagoa da.

Kixmi boxeolariak eskularruak jantzi ditu. Lehen “round”-a hastear dago, eta kanpaiak ez gaitu salbatuko.