Iparrerat: Juan Kruz Maiztegi, Larresoro
|Iparraldean bizi diren debagoiendarrak protagonista dituen sorta honetan, Larresoro, Juan Kruz Maiztegi oñatiarra eta bere bitartez beste hainbat jende eta kontu interesgarri ezagutu behar ditugu oraingoan, hainbat Debagoienarekin lotura dutenak, gainera. Izan ere, batetik sona eta tradizio handieneko Euskal Herriko makila egileak ezagutuko ditugu, Ainciart Bergara familiakoak, hauek ere Larresorokoak. Euren ahaide bat iritsi zen Iparraldera XIX. mendean, etxetik alde egin behar-eta, Gerra Karlistan. Bergarakoak ziren, eta euren berezko abizena beharrean Bergara hartu zuten bizitoki berrian, badaezpada. Ordurako makilak egiten zituen Ainciartar batekin elkartu zen Bergaratar bat, eta 91 urteko Charles Ainciart Bergarak jarraitzen du tradizioarekin. Mundu mailako jende ospetsuak du haien makila: egungoak izan ezik, gainerako Aita Santu denek jaso zuten, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak badu, eta Eric Cantona futbolariari ere oparitu zioten bere garaian. Adibide batzuk baino ez dira. Horrez gain, saioan ezagutuko dugu Armand Jaunarena, trinketean zein ezker paretan (Hegoaldean, profesionaletan) pilotari izandakoa, baxenafartarra sortzez, baina Lapurdin bizi dena. Umeekin ibiltzen da orain, pilotan erakusten. Eta haren bitartez ezagutuko dugu Susana Axpe, Larresoro ondoan, Zuraiden bizi den aramaioarra. 26 urte daramatza han bizi izaten, nahiz eta oraindik arabar (ere) sentitzen dela dioen.