Etiketaren artxiboa: telebista

Teledenda

Aitortu beharra daukat publizitate arruntetik harantzago dagoen, formato
transgenerikoa duen eta hipnosia eragiten didan genero hau oso interesgarria
iruditzen zaidala.

Programazio-taulen bazterretan, desorduetan eta beti ere azpi-produktu gisa
kontsideratua izaten den arren, miresmena sortzen dit.

Gainera, Teledenda saio bat ikusi eta gero beti zalantza bera  edukitzen dut: nola bizi izan naiz  ordura arte produktu hori barik.

Audiometroa, ohe puzgarria, latak mozteko labanak, baita intxaurretatik
zukua ateratzeko gai diren gailu magikoak etxeratu barik nola  izan bada zoriontsu!

Modu berekoa izaten da, politiko batzuen jarduna entzun eta geroko
inpresioa. Argumentazio ikaragarri sendoa, hitzen erabilera aproposa eta
pertsuasio tekniken jabe izanik esaten dutenak sekulako  eragina du. Hala gertatzen da elkarrizketa,
tertulia eta  albistegietan.

Hori bai, Teledendetan bezala, hipnosi egoeratik irten eta programaz
aldatzen duzunean ez dituzu batere faltan botatzen ez produktu magikorik ezta
orojakileen hitzik ere.

Prentsa-arrosaren ajeak

Telebista kanaletan horrenbeste ugaritu diren txutxumutxuei, “famatuen”
gorabeherei, “bihotzeko” kontuei eta kalenturei edota espektakuloei buruzko
programak oso interesgarriak suertatzen dira gure artean hedabideen eta
boterearen arteko harremanak nolakoak 
diren erakusteko.

Bi horiek, boterea, letra larriz, eta 
botere mediatikoa gauza bera direla uste dutenak ere ez dira gutxi.

Bakarra ala bata bestearen adar bat izanik, prentsa-arrosa generoko
programek boterea eta gizabanakoaren arteko erlazioa nolakoa “behar duen izan” markatzen
dute, argiro. Esaterako, eta beste askoren artean, intimitatea eta norberaren
irudiaren eskubidea nola jorratzen dira oso gai mamitsuak iruditzen zaizkit.

Botere politikoak mugatua du gizabanakoen “etxe barruko” eremuan sartzea,
esparru hori arautzeko tradizioa dago eta, orokorrean, jendeak ez  du eragin nahi zaion kontrol mota hori erraz
onartu gura izaten. Beraz, zuzenean egin ezin dena, zeharka egiteari ekin beharko.
Helburu horrekin, medioek famatuak (aldez aurretik hedabideetan agertzeko
adinako ospea eskuratua zutenak ala aldizkari eta pantailetan ikusi ditugulako ezagunak
zaizkigunak) erabiltzen dituzte kontrol sozial hori legitimatzeko. Intimitatearen
kolonizazio lanean, prentsa-arrosa programetan agertzen diren famatu horiek
zikiratu egiten dituzte. Lehenengo, haiei egindakoak, telebista-audientzia
ikaragarriena lekukotza eta 
onarpenarekin, gainontzekoei aplikatzeko bidea erraztu egiten da. Emaitzak
dagoeneko guztiongan ikus daitezke: norberaren irudiari legez gorde behar zaion
errespetua erabat bortxatua dago, eremu pribatua inbaditua izan da (irudiak eta
elkarrizketak grabatuz), frogarik gabeko salaketak irrati-telebistaz aireratua
izaten dira eta “alarma soziala” etiketapean edozein  motatako errepresiboa zabaldu egin da.

Zenbat kontu-korronte, mediku-txosten edota idatzi pribatu ikusi ditugu
horretarako baimenik ez duten telebista kanaletan eta argitalpenetan?. Eta, esan
bezala, “famatuak” diren horien eskubideak urratzen diren neurri berean, gureak
pikutara doaz, poliki-poliki.

Hedabideek, eta bereziki telebistek, “onargarria” denaren eta ez denaren arteko
aldea zein den esaten laguntzen dute. Eta, honez gero, mila aldiz ikusi
ditugunean “famatu naskante” modura sailkatzen ditugun horien inguruan egiten diren
epaiketa mediatikoak nola bada saiatu zuri ala niri buruzko aipamenetan polizien
eta jujeen informazio itukinei, frogarik gabeko salaketei eta irainei eta
makro-talde mediatikoen jazarpenei mugak jartzen.

SEGI ONDO

Hemendik urte batzuetara, Aznar, Bush, Garzón
eta tankerako batzuk (gaurkoagoen edo gertuagokoen izenik ez dut aipatuko)
zuri-beltzean bezalaxe agertuko zaizkigu memorian. Antzinako pertsonaje, giro
eta bizipenen irudi hutsak izango dira.

Gure aurrekoek gerra denborako pasadizuen
parekoak izango ditugu, etorkizunean, oraingo kontuak presente.

Eta akaso, hemendik urte mordoxka batera,
2007ko hasieran gazte batzuen atxiloketen irudiak berrikusi ahal izango ditugu,
minik sentitu barik. Legez kanpoko gazte taldeetako kideak izatera kondenatu
eta nola eraman zituzten. Haietarikoak ziren Amaia eta Igor izeneko bi, eskuak
lotuta, laubiderlau berdetan sartu zituztenean. Gogoan izango dugu, ETBko aurkezleari
entzun barik ere, bikote hark aste gutxiko titi-umea zain zuela etxean.

Hemendik urte batzuetara, Ilargi izeneko
neskatila jaio berri hari, albistegiaren irudiak erakutsi, eta behin eta
berriro esan ahal izango diogu bere gurasoen adorea eta xamurtasunak hunkitu
egin gintuela.

Ohituta

Urritik hona, jostailuen iragarkiek telebista-emanaldien zirrikituak
hartzen dituzte. Dakigunez, kontua ez  da
hor amaituko.  Programen arteko, minutu
horiek puztu egingo dira segidan txanpañak eta lurrinak saldu asmoz. Konturatu
orduko, programak eurak baino tarte zabalagoa beteko dute. Baina,
sasoian-sasoiko kontuak dira, eginak gaude horretara.

Aldi berean, ohitu gara gaur egungo telebistan ikuskizuna izatea nagusi.
Kosta eta dena egiten zaigu granhermano, erletxea, salsarosa edota tomaterik
gabeko telebista nolakoa zen imaginatzea.

Txilindroiaren modura, astiro baina bere azpian hartzen duena betirako
lurrean pega-pega eginda lagata, telebistak gure egunerokoa dekoratzen du,
normala zer den  esanez  eta onargarri  izan 
beharko  duguna
erakutsiz.

Hain indartsua den tresna horrek sekulako lekua dauka, oraindik  ere, euskara gure hartu-emanak eta bizitza
ikustekoa tankera normalizatzen. Horregatik da garrantzitsua tokiko telebistetan
euskarak lehentasuna edukitzea eta kanal handiekiko orekatzaile lana egitea.

Hamaika

Diario
Vasco
edo Correo irakurzale bazara ez duzu jakiterik izan tokiko telebista
euskaldunak sortarazteko Hamaika izeneko proiektua jarri dela martxan.

Jaurlaritzak laister (baina berandu) aterako duen legearen barruan, eskualde
bakoitzean euskaraz arituko den kanala bultzatu gura dute. Guk gurean,
Debagoienean, badugunez, ahaztu egiten dugu hemen baino euskaldun gehiago bizi diren eremu
gehienetan ez dagoela euskarazko tokiko eskaintzarik. Barakaldon, Donostian,
Irunen eta Gasteizen, esaterako, telebista lokalena panorama oso bestelakoa
(ustelekoa) da. Horregatik, polita da Hamaika egitasmoaren berri eduki izana (informazioi gehiago  hemen).

Beraien esanetan, lan ugari daukate begien aurrean, eta segurutik hiru hauek
kontuan hartu dituztela: emisio-eremu guztietara zabaltzeko bide desberdinak
urratzea; bideragarritasun ekonomikoa, enpresariala eta profesionala lantzea
eta, azkenik, baina ez garrantzi gutxienaz, programazio eskaintza interesgarri
bat eratzea. Hiru horietan, Goiena Telebistak badu eskarmentua. Know how
hitzaren esangura hemen aurki dezakete.

Negarrakasta

Lanegunero, hala suertatzen bada, “OT: El Casting” (Tele 5; 21:20-22:00) ikusten dut, hor, afalorduan nonbait. Eta aitortu beharra daukat musika-saio duen partetik baino jendearen izakerak eta erreakzioak erakusteko balio duen neurrian gustatzen zaidala.

Poza eta tristura, maila berean, azalekoenean, nola ageri diren erakusten du saioak.

Kameraren aurrean (guk parez pare edukitzeko moduan eta gu epaimahiaren puntuan/lerroan jarriz) ageri dira OT Akademian sartu nahi dutenak eta kantuan jartzen dira.  Horraino normal, ondoen egiten duenak aurrera egiten du sailkapenean. Besteak, gehienak, atzean gelditzen dira, paparrean irabaziaren gometsa zenbakitua jaso barik.

Baina, epaia entzun eta irabazle ala galtzaile ageri direnean (parrezka ala negarretan), beraien bizitzako ametsa zela eta hori zutela helburu bakar modura adierazten dute, denek ezpada bai askok.

Eta hori da oso deigarria egiten zaidana: epe laburreko arrakastaren filosofia nola zabaldu den. Agian gaztetasunaren ordaina da, momentuaren diktadura, baina OT lehiaketan partehartzaile gisa ageri direnek ez dute pentsatzen programa horretaz gain beste ezer dagoenik, bizitzak buelta asko ematen dituela eta kapitulu askoko katea. Momentuan momentukoa, irabazi ala galdu, hala bizi dute.

Orainaren menpe.

Hartzarena

Telebista-albistegien karetari (azal gisa
erabiltzen dituen irudiak eta sintonia) musika aldatu eta sekulako aldea izaten
da. Ikusia dut Telediarioari, Le Journali edota Gaur Egunari pasodoble bat edo
Opá (tebiazeunkorrá) bezalako musika jarrita zelako inpresioa egiten duen.

Antzerako efektu ziraragarria lortzen da
albistegien barruan kokatzen dituzten informazioei audioa eta irudia
desinkronizatuz gero. Bereziki, politikoak agertzen direnean izaten da efektu
fuertea.
Esaterako, prentsaurreko bat hartu eta segundu bat ala biko parekotasuna kendu
entzun eta ikusten denaren artean eta aho bete hortz gelditzeko moduko
sinesgarritasun falta somatzen zaie. Antzestua. Aurpegiak esaten duena eta
hitzen bidez adierazten denaren arteko sintonia falta. Faltsutasun puntua.

Lehengo egunean, EAJren Alderdi Egunaren berri
ematen ari zirela eduki nuen halako desinkronizazio bat ikusteko (gozatzeko,
aitortu beharra dut) aukera.

Ibarretxe eta JJ Imaz agertzen ziren
jeltzaleei (eta telebistaren bidez guri) zuzendurik, prozesuari*  buruz berba
egiten, mitinetako tonua erabiliz.

Halako batean, beraien ahotsak eta ezpainak
“dibortziatu” egin ziren eta bien arteko parekotasuna galdu zuten. Sinkroniak kale egin zuen.
Ondorioz, indar guztia urtu zen. Ikasitako zerbait errepikatzen ari zirela zirudien.
Epeltasunean murgilduak ageri ziren.

Ez dezala inork irakurketa orokorrik egin eta
Ibarretxek eta JJ Imazek adierazten dutena ez dela benetakoa, indarra falta
zaiela edo epelak direla diodanik pentsa. Telebistan ageri den ikus-entzunezko
diskurtsoek sinesarriak izateko behar izaten dituzten osotasunaz eta sinkroniaz
ari naiz, soilik.

Beste kontu bat da, adibide gisa erabiltzen
ari naizen notizia horretan bertan, JJ Imaz Ibarretxe besarkatzen ari zireneko
irudiena. Horiek nik egin dezakedan irakurketa baino serioagoa merezi dute.
Fuerteegiak ziren.

 

 (*) Prozesu hitzarekin automatikoki datorkit burura Juan Kruz Lakastak,
Berrian, igandeetan, idazten dituen artikuluetatik antologikoa izan zen bat,
prozesuari buruzkoa hain zuzen ere.