Wazemank-ek zapatuan betetzen
zuen ordutegian, jarri dute, ETB1n, Ordu
Txikiak izenekoa.
Dozena erdi umeek famatu
bati eginiko elkarrizketak (Benito Lertxundi, lehen saioan) hartzen du saioaren
tarterik zabalena. Gero dator aktualitateko gaien inguruan neska-mutikoek botatzen
dituztenez osatutako atala. Mikel Elizegi aurkezle lanetan jarri dute. Espero
nuena baino hobeto moldatzen da gainera. Ez nuen askorik espero, egia esanda.
Onik ez behintzat.
Inteligentzia
handiz egin beharreko saioak izaten direlako umeak erabiltzen dituztenak,
lotsaizunik gordinenean ez jausteko. Horretarako, beste elementu batzuez gain, lehen
mailako aurkezleak izaten dituzte (beste kanaletako Xavier Sardá eta Bertin
Osborne datorzkit burura). Elizegik ez zuen porrotik egin, behintzat.
Programaren
amaieran egon zen zatirik barregarriena. Familia bi lehian jarri zituzten
beraien umea ezagutzen ote zuten jakiteko. Umea, lehenengo, galdetu, erantzunak
asmatu guran jarriz gero gurasoak. Orduan bizi izan genituen O TXen momenturik onenak,
gurasoek, oso sarri kale egiten zutela ikusteko.