Hamaika

Diario
Vasco
edo Correo irakurzale bazara ez duzu jakiterik izan tokiko telebista
euskaldunak sortarazteko Hamaika izeneko proiektua jarri dela martxan.

Jaurlaritzak laister (baina berandu) aterako duen legearen barruan, eskualde
bakoitzean euskaraz arituko den kanala bultzatu gura dute. Guk gurean,
Debagoienean, badugunez, ahaztu egiten dugu hemen baino euskaldun gehiago bizi diren eremu
gehienetan ez dagoela euskarazko tokiko eskaintzarik. Barakaldon, Donostian,
Irunen eta Gasteizen, esaterako, telebista lokalena panorama oso bestelakoa
(ustelekoa) da. Horregatik, polita da Hamaika egitasmoaren berri eduki izana (informazioi gehiago  hemen).

Beraien esanetan, lan ugari daukate begien aurrean, eta segurutik hiru hauek
kontuan hartu dituztela: emisio-eremu guztietara zabaltzeko bide desberdinak
urratzea; bideragarritasun ekonomikoa, enpresariala eta profesionala lantzea
eta, azkenik, baina ez garrantzi gutxienaz, programazio eskaintza interesgarri
bat eratzea. Hiru horietan, Goiena Telebistak badu eskarmentua. Know how
hitzaren esangura hemen aurki dezakete.

Negarrakasta

Lanegunero, hala suertatzen bada, “OT: El Casting” (Tele 5; 21:20-22:00) ikusten dut, hor, afalorduan nonbait. Eta aitortu beharra daukat musika-saio duen partetik baino jendearen izakerak eta erreakzioak erakusteko balio duen neurrian gustatzen zaidala.

Poza eta tristura, maila berean, azalekoenean, nola ageri diren erakusten du saioak.

Kameraren aurrean (guk parez pare edukitzeko moduan eta gu epaimahiaren puntuan/lerroan jarriz) ageri dira OT Akademian sartu nahi dutenak eta kantuan jartzen dira.  Horraino normal, ondoen egiten duenak aurrera egiten du sailkapenean. Besteak, gehienak, atzean gelditzen dira, paparrean irabaziaren gometsa zenbakitua jaso barik.

Baina, epaia entzun eta irabazle ala galtzaile ageri direnean (parrezka ala negarretan), beraien bizitzako ametsa zela eta hori zutela helburu bakar modura adierazten dute, denek ezpada bai askok.

Eta hori da oso deigarria egiten zaidana: epe laburreko arrakastaren filosofia nola zabaldu den. Agian gaztetasunaren ordaina da, momentuaren diktadura, baina OT lehiaketan partehartzaile gisa ageri direnek ez dute pentsatzen programa horretaz gain beste ezer dagoenik, bizitzak buelta asko ematen dituela eta kapitulu askoko katea. Momentuan momentukoa, irabazi ala galdu, hala bizi dute.

Orainaren menpe.

Hartzarena

Telebista-albistegien karetari (azal gisa
erabiltzen dituen irudiak eta sintonia) musika aldatu eta sekulako aldea izaten
da. Ikusia dut Telediarioari, Le Journali edota Gaur Egunari pasodoble bat edo
Opá (tebiazeunkorrá) bezalako musika jarrita zelako inpresioa egiten duen.

Antzerako efektu ziraragarria lortzen da
albistegien barruan kokatzen dituzten informazioei audioa eta irudia
desinkronizatuz gero. Bereziki, politikoak agertzen direnean izaten da efektu
fuertea.
Esaterako, prentsaurreko bat hartu eta segundu bat ala biko parekotasuna kendu
entzun eta ikusten denaren artean eta aho bete hortz gelditzeko moduko
sinesgarritasun falta somatzen zaie. Antzestua. Aurpegiak esaten duena eta
hitzen bidez adierazten denaren arteko sintonia falta. Faltsutasun puntua.

Lehengo egunean, EAJren Alderdi Egunaren berri
ematen ari zirela eduki nuen halako desinkronizazio bat ikusteko (gozatzeko,
aitortu beharra dut) aukera.

Ibarretxe eta JJ Imaz agertzen ziren
jeltzaleei (eta telebistaren bidez guri) zuzendurik, prozesuari*  buruz berba
egiten, mitinetako tonua erabiliz.

Halako batean, beraien ahotsak eta ezpainak
“dibortziatu” egin ziren eta bien arteko parekotasuna galdu zuten. Sinkroniak kale egin zuen.
Ondorioz, indar guztia urtu zen. Ikasitako zerbait errepikatzen ari zirela zirudien.
Epeltasunean murgilduak ageri ziren.

Ez dezala inork irakurketa orokorrik egin eta
Ibarretxek eta JJ Imazek adierazten dutena ez dela benetakoa, indarra falta
zaiela edo epelak direla diodanik pentsa. Telebistan ageri den ikus-entzunezko
diskurtsoek sinesarriak izateko behar izaten dituzten osotasunaz eta sinkroniaz
ari naiz, soilik.

Beste kontu bat da, adibide gisa erabiltzen
ari naizen notizia horretan bertan, JJ Imaz Ibarretxe besarkatzen ari zireneko
irudiena. Horiek nik egin dezakedan irakurketa baino serioagoa merezi dute.
Fuerteegiak ziren.

 

 (*) Prozesu hitzarekin automatikoki datorkit burura Juan Kruz Lakastak,
Berrian, igandeetan, idazten dituen artikuluetatik antologikoa izan zen bat,
prozesuari buruzkoa hain zuzen ere.

Denboraldi Berria

Urte sasoi honetarako, telebista kanal guztiek erabakita daukate datorren denboraldirako programazio-taula nolakoa izango duten.

Aurkezleak edo antzezleak kontratupean, ekoizpen-etxe bakoitzak egingo dituen programak zehaztuta eta, gehiago ala gutxiago, audientziaren eta publizitate fakturazioaren simulazioak amaituta.

Dakitenek diote betiko bidetik joko duela programa eskaintzak 2006-2007 denboraldian: entretenimendua eta ikuskizuna nagusi. Nola bestela, lehendik ere telebista pribatuek joera markatzen zuten eremuan bi berri daudenean: Cuatro eta La Sexta. Ikusiko dugu nola joango diren gauzak. Munduko futbol txapelketarekin apustu gogorra egin du La Sextak eta Espainia uste baino lehenago kanporatu dute.

Beharrezkoa dute halako aurreikuspenarekin aritzea goitik behera lehiakorra suertatzen ari den telebista merkatuan leku bat eduki nahi badute. Antzera ari dira kanal pribatuak eta publikoak, industrializatuta dagoen telebistaren negozioan.

Mundiala amaitzen denean ea zein ibilbide hartzen duen kanal berriak.

Euskal tokiko telebisten merkatua

Kataluniako tokiko telebisten erakuslehio garrantzitsuena bilakatu da MAC (Mercat Audiovisual de Catalunya) delakoa, bertan, kanal bakoitzak egiten dituen programa eta programazio-taula garrantzitsuenak jartzen dituzte ikusgai eta salgai.

Hemen, Eusko Jaurlaritzak kaleratuko duen dekretuaren zain gaudenean, tokiko telebisten mundua bizi-bizi dago.

Hiriburuetarako kanal euskaldun bana martxan jartzeko egitasmoak gorpuzten doaz eta, badirudi, gure erakundeek baino erantzunkizun eta ikuspegi luzeagoa duten eragile sozialek tokiko telebistagintzaren garrantzi estrategikoaz jabetuta daudela. Pozgarria da, guztiz.

Euskarazko tokiko telebisten erreferentzialtasuna sendotu eta ahal den neurrian indartu asmoz, UEUk antolatu duen ikastaro batean sartuta nabil. Eibarren, UEUren Udako Ikastaroen barruan, gertuko telebisten lehen azoka antolatu dugu, hemen dauden esperientzien berri emateko. Hitzaldi-sorta arruntetatik ihesi, telebista saioak ikusteko eta programazio-eredu desberdinei buruz berba egiteko parada izango dugu Markeskua jauregian, bi goizez.

UEUk antolatutako ikastaro honetan, euskarazko programaziogintzari pisua emanez, hango eta hemengo kanaletan ikus daitezkeen hainbat saio aurkeztuko dira.

Ttipi-Ttapa, Goiena, Localia Gipuzkoa eta Goierri bezalako telebisten eskaintza aitzakia modura hartuta kanalen arteko trukea eta koproduzioei buruz arituko dira.
Hori dela-eta, Tokiko bezalako esperientzien berri emango da, uztailaren lehen astelehen eta asteartean, goizez eginiko saioetan.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak amaitzear duen dekretuaren nondik norakoen berri izango dugu.

Ez da Kataluniako Mercat Audiovisual-en mailakoa, baina hemengo egoera ezagutzeko eta etorkizunera begira aurrera egiten hasteko urratsa izan daiteke Eibarreko hau.

Hala gura izanez gero, han ikusiko gara.

Berriketa

Irratian eta telebistan horrenbeste ugaritu diren tertulia-saio zalea naiz, oro har. Gustura ikus-entzuten ditut eguneroko gertakariak hobeto ulertzeko eta bere testuinguruan kokatzeko lagungarri izaten zaizkidan programak. Eta gainera, argudioak, hitz egiteko moduak, diskurtsoak antolatzeko tankerak eta keinukeretan ohartuz gozatu egiten dut. GOITBko Berbaire saio arrakastatsuaren jarraitzaile fidela naiz. Gainera, gure tertulia horretan inoiz muturra sartu dudan arren, gurago izaten dut ikusle modura aritzea.

Baina, ez dut ezkutatuko, irrati-telebistetako tertulien inguruko kezka badudala. Izan ere, berriketaldi horiek gero eta gehiago ikusten ditut hedabideetako musikaren inguruan dantzan aritzen diren automata hutsen bilgune modura. Beste batzuek erabakitako gai-ordenari jarraitzea. Presio-talde (mediatiko, politiko, ekonomiko…) erraldoien gai-jartzaileei erantzuten ibiltzea batzuetan, eta gehienetan, beste nonbaiten entzundako argudioen eta ideien errepikatzaile lana egitea. Eta hain da zaila joko-eremu horretatik irtetea!

Etxe(kalte) doktorea

House telesaila (Cuatro) oso gustora ikusteaz gain ematen dit zer pentsatu. Hospitaleko giroa, heriotza eta bakardadea oso presente egoten dira istorioetan.
“Bortizki zintzoa”, “bakartia” eta oso sarri “harroa” izaten den House medikuak harreman pertsonaletan bi indar kontrajarri daudela agerian jartzen du. Batek, gure aldamenekoak ondo tratatu behar ditugula esaten du. Medikuen kasuan gainera, ondoezik eta laguntza beharrean daudenak izaten direlako bezero.

Baina, horren gainetik, Housek aplikatzen duen terapia zera da: esan beharrekoak esan, labur, zuzen eta gordin.
Hor nire buruhausteak, bi indar horien arteko oreka non ote dagoen.Galduta gehienetan.

“Alperriko bueltak eman barik gauzak esan egin behar dira, onak eta txarrak”, dio nire alde batek. Besteak, aldiz,tentuz ibili beharra, inor mindu barik aritzea hobe dela dio, errukiz beteriko gezur txikiekin bada ere.

Housek ez du zalantzarik izaten, baina gutariko edozeinek arazo gehiago izaten ditu aurreko egunean esandakoagatik barkamen eske ibiltzeko biharamunean.

Nik bai behintzat.

Non zinen?

Hemendik hogei urtera etorriko dira hedabideetakoak su-etena
iragarritakoan non eta zertan ginen, zelan enteratu eta zer pentsatu genuen
galdezka.

Buruko disko gogorrean gordea izango dut bazkalorduan jaso nuela berria. Gero, kotxean, Euskadi Irratian entzun nituela zehaztasun guztiak. Harritu ninduela, Aznarrek esango lukeen bezala, “nazio askapenerako
mugimenduaren” bozeramalea emakumezkoa izatea. Baina, bereziki, gogoan izango ditut irudiak, ETB1en eskutik ikusitakoak. Mahaia, hiru ikurrinak, harmarria, hiru kaputxa zuridunak eta irratiz entzun nuen ahots berberak “iraunkorra” zelan esaten zuen. Akorduan edukiko dut ere
GoiTBk programazio arrunta lehertarazi eta beste askok baino malgutasun handiagoz programa berezia aireratu zuela.
Akaso, bestalde, hemendik hogei urtera, ahaztuta edukiko dut zein eskas kudeatu zuen ETBk halako primizia, nola ibili ziren A3 eta Tele 5 Ibarretxeren prentsaurrekoaren gaztelerazko bertsioaren zain, betelanean, kazetari euskaldunik ez zutelako. Gaurkoak urruti ikusiko
ditugu orduan.

ETA

Ingelerazko hiztegian begiratu eta hala dio: “Estimated Time of Arrival. Also known as ETA”.

Hain erabilia den akronimoaren beste alderdia erakusten digu. Eta, egungo egoera ondo deskribatzen du, gainera.

Egia da. Oso zabalduta dago gure artean “noizko, noizko?” galdera errepikakorra.
Irrati-tertulietan ere gai honetatik irtetzea kosta egiten zaie. Gainera, zerbaiten jakitun dela erakutsi nahi duen hizketakideak beti dio lehengo asteburuan asko zabaldu zela su-etenaren zurrumurrua, ez dakit zein egunkariko moldiztegiak azken minutura arte geldituta egon zirela eta ez dakit norako bidaia ofiziala bertan behera uzteko zorian izan zela aldarrikapen ofiziala orduantxe bertan egingo zela pentsatuz.

Ni ere Time of Arrival horren esperoan nago, eta ez Estimated, benetakoa baizik. Iruditzen zait gainera geldi ezina den uholdea etorriko dela haren ostean, ez dut esango berehalakoa, baina bai aldaketak ekarriko dituena, epe luzekoak.

Hori diot hala pentsatzen dudalako eta neurri berean behar dudalako. Bestela jasan ezina litzateke gaur egun erakunde, alderdi eta agintari batzuek erakusten duten harrokeria eta nagusikeria. Baita, osasunerako kaltegarriak suertatzen zaizkidalako hedabide batzuetako edukiak (entzuten al dituzue RNEko ala COPEko tertuliakide batzuen hizjario pozoingarriak eta egunkari batzuetako editorialak eta izenburuak egiteko manerak) eta gaibakarrerako dagoen joera.

Sinistuta nago horiei ez zaiela su-etenarena interesatzen. Pagotxa ederra beraiena.

ETAren aitzakia amaitzen zaienean zeri helduko diote txantxullo, “gureartekeria” eta monopolioan aritzeko hamarkadetako joera mantentzeko?

Imagina ezinak zaizkit bestelako testuinguru batean hemen ohikoak suertatzen zaizkigun hainbat egoera. Eta hau idazten dudanean gogoan ditut hamazortzi/laurogeita hamazortzi delako epaiketa tragikomikoa mantentzen duen egitura judiziala, AHT egitasmo faraonikoa eta lurraren inguruko espekulazioa, zerbitzu publikoen kudeaketa patrimonialista (irrati-telebista, hezkuntza, garraioa eta osasuna, esaterako), kontrol publikorik gabeko erakundeen jarduna, aginte-makila nor duen erakusteko poliziaren erabilera eta hedabideen botere faktikotasuna, beste askoren artean.

Heldu da egoera honi astindu bat emateko ordua (time is over).

Laurden gutxietan

Lagun batek esan didanez, aurten, Macintoshek ordenagailuekin baino negozio handiagoa egin du iPod-ekin. Lepotik zintzilik daramanaz, musika eta internetez ekarritako irratsaioak entzuten ditu, gura duenean. Aratusteetan ateratako argazkiak erakutsi dizkit tramankuluak duen pantailatxoan. Pozik dabil bera, agenda eta iratzargailua ere baduen kapritxoaz.

Punta-puntako teknologia erabiltzen du beti, 17 urte egin berri dituen neskak. Asmakizun berrien gaineko zalantzaren bat daukadanean berari galdetzen diot. Horregatik asko poztu nintzen GoiTB Internet bidez ikusteko zain zegoela esan zidanean. Berak denbora gehiago ematen du sarean telebistaren aurrean baino.

Lanean bai, baina etxean bestelako ohiturak ditut nik. Eta horien artean, egunero, ordurako laurdena falta denean GoiTBn albistegia ikustea. Inoiz azken zitara heldu naiz justu-justu, baina gehienetan ETB-2ren Teleberria ikusi aurretik (20:45) jartzen ditut hemengo berriak. Bergarako lagunari bezalaxe, altanto egotea gustatzen zait.