Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

“Auzia auzi” bideoaren aitzakian

Ikusia dut dagoeneko bideoa.

Denbora izan dut lekukotzak entzun  eta 
beraiei darien optimismoa, patxada, ironia, mingostasuna inoiz eta kezka
sentitzeko.

Bideo horietatik doa bideoa…argudioz, arrazonamenduz
eta esperientzia pertsonaletik eta talde eta 
mugimendu  sozialetako partaide
direnen ikuspegitik eginiko adierazpen asko eskainiz. Baina, bideoak ez zaitu
horrekin uzten…sentimenduetan eragiten du.

Ez da 
beraz  dokumentu huts bat…horixe
beroi baldin bada ere: ikus-entzunezko dokumentu bat.

Ez da dokumental huts bat (definizioak dioen moduan
informatzailea, didaktikoa eta benetako 
gertaera  eta eszenetan oinarritua
bada ere)

Testigantza sorta bat da, loreenak diren bezala,
kolore, tamaina, itxura, usai eta izakera 
desberdinekoak…

 59
minutu

Ia ordu bete, 60 izateko minutu bat faltan…bideoak
epaiketa baten  berri ematen du. Baina,
halako askotan gertatzen den bezala Auzia
Auzi
bideoan, tituluan esaten duen bezala, epaiketa bera da epaitua.

Eta bideoak lortzen du, auziak  berak lortu duen maila berean, ikusle huts ez
sentiaraztea. Hor daudenak, bideoan ikusten ditugunak, gu denak izatea. Horiek bezala gu, gure tankerakoak direlako horkoak, Hor, hemen, gu,
zuek…

 
Plano
desberdinak

Fondo eta figura, pertzepzioaren jokoan nora doa
gure arreta bideoaren aurrean?

Bada, bietara, takian-takian.

Lekukotzek duten indarra eta hurbiltasuna oso
presente daudelako, oso aurrean jartzen zaizkigu ahotsak eta ideiak,
argudioak  eta hausnarketak…

Eta atzealdean, fondoan, denborak ematen duen
patxada, iraunkorragoa dena…hizketan ari denaren atzealdean paisaje berdeak,
etxeak, eguneroko giroa…

Bideoak biak erakusten ditu, fondo eta figura…biak
pertzibitzen dira bideoan. Oraina eta etorkizuna sumatzen  diren modu berean. Dokumentu historiko baten
aurrean egotearen sentimendua eta, oraintxe bertan, aste honetanxe, Audientzia  Nazionalean ,Madrilen, egiten ari diren
epaiketaren lekukotza.

Hangoa Audientzia Nazionala izango da, hemengoa,
bideoan ikusten dena, Disidentzia
Nazionala
da.

 
Minutu bat faltan du bideoak bere iraupenean ordu
betera  heltzeko. Eta erabili gabeko
minutu hori oraindik amaitu gabeko epaiketa 
bati dedikatua dirudi. Amaierak aidean uzten du gaia. Minutu horrek
suspentsea uzten du agerian. Bideoak 
berak beste momentu batzuetan bihotza gelditzeko  moduko testigantzak erakusten dituen moduan,
amaierarik ez du.

 
Nik bai, 
nik oraintxe amaituko dut, Alegria abizeneko batek esaten duena,
orain  ikusiko duzuena, aurreratuz: auziaren
tarte batean epaileak mehatxatu egiten dit aretoan parre egiten duena  kaleratuko duela esanez… Etzutegi Nazionaleko
itzultzailea izan  gabe ere,  badakigu nola esaten den hori euskaraz: parre egiten duena kalera doa. Jakin
gabe euskaraz kalera hitzak duen konnotazio positiboak, esperantzari aterak
irekitzen dizkionak. Bada, egin dezagun parre, optimismoz ikusi gauzak,
esperientzietatik ikasi eta aurrera egiteko borondateari eutsi…horrekin seguru
nago betetzen dugula bideoari ordu beterako falta zaion minutua. Modu  horretan guk jarriko  diogu azken minutua bideoari.

Teledenda

Aitortu beharra daukat publizitate arruntetik harantzago dagoen, formato
transgenerikoa duen eta hipnosia eragiten didan genero hau oso interesgarria
iruditzen zaidala.

Programazio-taulen bazterretan, desorduetan eta beti ere azpi-produktu gisa
kontsideratua izaten den arren, miresmena sortzen dit.

Gainera, Teledenda saio bat ikusi eta gero beti zalantza bera  edukitzen dut: nola bizi izan naiz  ordura arte produktu hori barik.

Audiometroa, ohe puzgarria, latak mozteko labanak, baita intxaurretatik
zukua ateratzeko gai diren gailu magikoak etxeratu barik nola  izan bada zoriontsu!

Modu berekoa izaten da, politiko batzuen jarduna entzun eta geroko
inpresioa. Argumentazio ikaragarri sendoa, hitzen erabilera aproposa eta
pertsuasio tekniken jabe izanik esaten dutenak sekulako  eragina du. Hala gertatzen da elkarrizketa,
tertulia eta  albistegietan.

Hori bai, Teledendetan bezala, hipnosi egoeratik irten eta programaz
aldatzen duzunean ez dituzu batere faltan botatzen ez produktu magikorik ezta
orojakileen hitzik ere.

Prentsa-arrosaren ajeak

Telebista kanaletan horrenbeste ugaritu diren txutxumutxuei, “famatuen”
gorabeherei, “bihotzeko” kontuei eta kalenturei edota espektakuloei buruzko
programak oso interesgarriak suertatzen dira gure artean hedabideen eta
boterearen arteko harremanak nolakoak 
diren erakusteko.

Bi horiek, boterea, letra larriz, eta 
botere mediatikoa gauza bera direla uste dutenak ere ez dira gutxi.

Bakarra ala bata bestearen adar bat izanik, prentsa-arrosa generoko
programek boterea eta gizabanakoaren arteko erlazioa nolakoa “behar duen izan” markatzen
dute, argiro. Esaterako, eta beste askoren artean, intimitatea eta norberaren
irudiaren eskubidea nola jorratzen dira oso gai mamitsuak iruditzen zaizkit.

Botere politikoak mugatua du gizabanakoen “etxe barruko” eremuan sartzea,
esparru hori arautzeko tradizioa dago eta, orokorrean, jendeak ez  du eragin nahi zaion kontrol mota hori erraz
onartu gura izaten. Beraz, zuzenean egin ezin dena, zeharka egiteari ekin beharko.
Helburu horrekin, medioek famatuak (aldez aurretik hedabideetan agertzeko
adinako ospea eskuratua zutenak ala aldizkari eta pantailetan ikusi ditugulako ezagunak
zaizkigunak) erabiltzen dituzte kontrol sozial hori legitimatzeko. Intimitatearen
kolonizazio lanean, prentsa-arrosa programetan agertzen diren famatu horiek
zikiratu egiten dituzte. Lehenengo, haiei egindakoak, telebista-audientzia
ikaragarriena lekukotza eta 
onarpenarekin, gainontzekoei aplikatzeko bidea erraztu egiten da. Emaitzak
dagoeneko guztiongan ikus daitezke: norberaren irudiari legez gorde behar zaion
errespetua erabat bortxatua dago, eremu pribatua inbaditua izan da (irudiak eta
elkarrizketak grabatuz), frogarik gabeko salaketak irrati-telebistaz aireratua
izaten dira eta “alarma soziala” etiketapean edozein  motatako errepresiboa zabaldu egin da.

Zenbat kontu-korronte, mediku-txosten edota idatzi pribatu ikusi ditugu
horretarako baimenik ez duten telebista kanaletan eta argitalpenetan?. Eta, esan
bezala, “famatuak” diren horien eskubideak urratzen diren neurri berean, gureak
pikutara doaz, poliki-poliki.

Hedabideek, eta bereziki telebistek, “onargarria” denaren eta ez denaren arteko
aldea zein den esaten laguntzen dute. Eta, honez gero, mila aldiz ikusi
ditugunean “famatu naskante” modura sailkatzen ditugun horien inguruan egiten diren
epaiketa mediatikoak nola bada saiatu zuri ala niri buruzko aipamenetan polizien
eta jujeen informazio itukinei, frogarik gabeko salaketei eta irainei eta
makro-talde mediatikoen jazarpenei mugak jartzen.

SEGI ONDO

Hemendik urte batzuetara, Aznar, Bush, Garzón
eta tankerako batzuk (gaurkoagoen edo gertuagokoen izenik ez dut aipatuko)
zuri-beltzean bezalaxe agertuko zaizkigu memorian. Antzinako pertsonaje, giro
eta bizipenen irudi hutsak izango dira.

Gure aurrekoek gerra denborako pasadizuen
parekoak izango ditugu, etorkizunean, oraingo kontuak presente.

Eta akaso, hemendik urte mordoxka batera,
2007ko hasieran gazte batzuen atxiloketen irudiak berrikusi ahal izango ditugu,
minik sentitu barik. Legez kanpoko gazte taldeetako kideak izatera kondenatu
eta nola eraman zituzten. Haietarikoak ziren Amaia eta Igor izeneko bi, eskuak
lotuta, laubiderlau berdetan sartu zituztenean. Gogoan izango dugu, ETBko aurkezleari
entzun barik ere, bikote hark aste gutxiko titi-umea zain zuela etxean.

Hemendik urte batzuetara, Ilargi izeneko
neskatila jaio berri hari, albistegiaren irudiak erakutsi, eta behin eta
berriro esan ahal izango diogu bere gurasoen adorea eta xamurtasunak hunkitu
egin gintuela.

Ohituta

Urritik hona, jostailuen iragarkiek telebista-emanaldien zirrikituak
hartzen dituzte. Dakigunez, kontua ez  da
hor amaituko.  Programen arteko, minutu
horiek puztu egingo dira segidan txanpañak eta lurrinak saldu asmoz. Konturatu
orduko, programak eurak baino tarte zabalagoa beteko dute. Baina,
sasoian-sasoiko kontuak dira, eginak gaude horretara.

Aldi berean, ohitu gara gaur egungo telebistan ikuskizuna izatea nagusi.
Kosta eta dena egiten zaigu granhermano, erletxea, salsarosa edota tomaterik
gabeko telebista nolakoa zen imaginatzea.

Txilindroiaren modura, astiro baina bere azpian hartzen duena betirako
lurrean pega-pega eginda lagata, telebistak gure egunerokoa dekoratzen du,
normala zer den  esanez  eta onargarri  izan 
beharko  duguna
erakutsiz.

Hain indartsua den tresna horrek sekulako lekua dauka, oraindik  ere, euskara gure hartu-emanak eta bizitza
ikustekoa tankera normalizatzen. Horregatik da garrantzitsua tokiko telebistetan
euskarak lehentasuna edukitzea eta kanal handiekiko orekatzaile lana egitea.

Rumsfeld, aireportuak eta Eroskiko poltsak

Pelikula iparamerikarretan, lana utzi  egiten dutenean (erretreta hartuta,
promozionatuta ala kaleratuta), azken agurraren liturgian, kartoizko kutxetan
sartzen dituzte bulegoko mahai gainean dituzten gauza “pertsonalak”.

Zerrenda erraza bezain errepikakorra izaten
da: emaztea (jakina: pelikula gehienen protagonista gizakumea) eta seme-alaba
WASP irriparretsuak erakusten duen argazkia, beisboleko eskularrua,
lizentziaturako orla eta paper sortatxo bat. Libururik ez. Parazetamolen kutxa
ezta. Eta, are eta gutxiago ere, hortzetako eskuila.

 
Edozelan ere, gauza gutxi, nire irudikoz.

 
AEBko hauteskundeen “ostian” (“hauteskunde
ostiak” eta “demokratek hartutako ostia)

 Nolakoa zatekeen, atzo, telebista kamerak
aurrean zirela Donald Rumsfeldek prestatu behar izango zuen kutxa. George
Bushek oparitutako argazki autografiatua, bilobak eginiko marrazkia eta arrantza
trofeoren bat. Ala: Abu Graib-eko argazki-bilduma osoa (“ikusi gabeko argazkiak”
barne), Sadam Hussein agintean zeneko eskultura baten buru anputatua, beste
estatu batzuk erasotzerakoan edo inbaditzerakoan erabili beharreko izen
apokaliptikoen gida-liburua, …

 

 

Nork daki. Baina, pelikuletan ageri izaten
direnak baino gauza  gehiago edukiko
zituen kutxetan sartzeko, ezkutatzeko.

 

Eskuko poltsa (lehengo eskuko ekipajea)

 Agerikoagoa izango da hemendik aurrera
abioietan sartzen utziko dituzten/dizkiguten trastuak. Diotenez, plastikozko
poltsa gardenetan paratu beharko dira eskuko-ekipajean eraman beharrekoak. Dena
agerian. Lotsa kentzeko terapia.

 
Opari gisa erositako pitxi-pitxia, barruko arropa
ordezko bat, amuleto aitorezina, barrenak lasaitzeko zerbait, dokumentazioa,
liburutxo bat…Plastikozko horretan sartzen dena (eta erakusteko modukoa dena)
eta kitto, besterik ez. Gainontzekoa ala eraman ez  ala fakturatu maletan.

 

Eroskiko poltsa (lotsa)

 Urte bete pasa da Eroskik poltsa gardenagatik
ordezkatu zituela lehengo zuriak? Akaso bai. Orduan indiskreto samarrak iruditu
zitzaizkidan eta  gaur ere antzera
pentsatzen dut.

Supermerkatutik atera eta kotxeraino joateko, tira,
baina hortik aurrera poltsan daukazun guztia ikusteko moduan egotea arraroa
egien zait. Ez gauza bereziak erosten ditugulako baizik eta gure alde
pertsonala, intimoa eta ilunari buruzko informazio asko ematen duelako
bakoitzaren erosketa-zerrendak.

Eta hortik aurrera, erosketak hustu eta  poltsak 
beste zerbaiterako  erabiltzen
ditugunean (ez al da hori benetako birziklajea?), den-dena ikusteko moduan
egoten da. Zuk  jakingo duzu zertarako
erabiltzen  dituzun, baina niri  behintzat joko handia  ematen didate,  bueno zidaten, orain, gardentasunak mugak
jartzera behartu nau.

 

 
Hurrengoan, abioia hartzera joaten banaiz,
Eroskiko poltsetan eramango dut eskuko ekipajea. Kia, ekipaje osoa plastikozko
poltsa gardenetan (Txantxilo gogoan zaitugu). Total, ezkutatzeko gauza gutxi
dut nik.

 

Ezingo luke gauza bera esan Rumsfeldek.

 


Aurrerapauso ikaragarria

Jaurlaritzak atera berri duen dekretuak euskararen normalkuntzaren
bidean azpimarratzeko  moduko aurrerapausoa
ekarriko du, tokiko telebistek  euskaraz
emititu behar duten gutxienekoa markatzerakoan populazioan dagoen elebidunen
kopurua kontuan hartzen duelako.

Beste era batera esanda: emititzen dena “ondo” ulertzeko
moduan dauden elebidunak eta elebidun hartzaileak batera hartuz
erabakiko da euskaraz pantailaratu beharko 
denaren portzentaia.

 

Hori zen dekretuaren zirriborroari egiten zitzaizkien
krititetatik bat eta  ikusten denaren
arabera Jaurlaritzak kasu egin die emendakinei. Zorionak.

 

 

Dekretua
gainbegiratuz 

Denbora faltan eta inor ez 
aspertzeko, ez dut dekretua aztertuko, bere osotasunean.

Poliki eta sakonean jorratu beharreko kontua da hori,eta
luze joko luke, baina  ezin dut
disimulatu tokiko kanalek euskaraz emititu behar dutenaren portzentaia nuela
dekretuaren maila eta  kalitatea
neurtzeko termometro modura. Eta, irakurrita eta Eustaten eta EASn datuak begiratuta
optimista izateko moduko kontuak ateratzen zaizkit.  

 

Eukal Herriko Hizkuntza-Adierazleen Sistemak elebidunen
kopurua  zenbatekoa den markatzen du eta
hor eztabaidaezinak diren kopuruak ageri dira, 
eta  horrek markatuko du gero
tokiko telebistetan  entzungo dugun
euskara.   

 

Badakigun arren emisio-eremuka (demarkazioka) erabakitzen
dela, baina EAEko  erreferentzia  orokorra edukitzeko, to datuak:

 

– EAEko populazioa (>5 urte), guztira:             1.984.958

– Elebidunak                                                        639.296

– Elebidun hartzaileak                                           361.006

– Erdaldun bakar                                                  984.656

 

Beraz, EAE orokorrean hartuta,  eta demarkazio bakarra balitz modura,
populazioaren % 50,4 elebiduna da, modu batera ala bestera (1.000.302 pertsona).

 

Ez pentsa optimismoak mozkortu nauenik, begiratu bestela
EASek egiten dituen elebidunen definizioak:
– Elebidunak: Euskaraz gutxienez  “ondo”
ulertu eta hitz egiten dutenak.

– Elebidun hartzaileak (HPS): Euskaraz “nekez” hitz zegin
edo, hitz egin ez arren, “ondo” ulertu 
edo irakurtzen dutenak.

 

Beraz, tokiko telebistetan, emisioen erditik gora euskaraz
izango da.

 

Pozgarria. Oso pozgarria!!

 

 

 

P.S. Gauzei alde ezkorra ikusten diena ere egongo
denez,  nik ere badakit datu horietan
bost urtetik beherako umeak ez sartzeak 
elebidunen kopurua jaitsi egiten duela 
eta, beraz,  euskara ulertzen
dutenen multzoa txikitu egiten dela.  Gainera,
gaur gaurkoz ditugun datuak  2001koak dira
eta horrek baxuago ematen du elebidunen  kopurua, egungoak seguru nago altuagoa dela. Baina,
hori konponduko dutela uste dut.

Furgonetarik gabeko gurasoa

Arazo baten aurrean nago. Zortzi urteko seme bat dut eta,
badakizu,  ez  dagoenez guraso izateko inongo eskolarik, ez
dakit gauzak ondo egiten ari naizen. Kontatuko dizut.

Urte batzuk  badira 
banandu nintzela  eta, orokorrean,
mutikoak gauzak ondo eraman dituela esango nuke. Aita toki batean eta  ama bestean 
bizitzearena kosta egin zitzaion, baina zinez dakit  biekin ondo moldatzen dela. Jakinaren gainean
da-eta  biok ezer baino  gehiago eta guztiaren gainetik maite dugula.
Biekin egoten da gustora, bioi ematen digu bizipoza.

Bueno, ba horixe da hain zuzen ere, gakoa: poza. Edo beste
modu  batera esanda: ilusioa.

Eta, hona hemen nire kezka: ona al  da ilusioa eduki dezan laguntzea, ilusio hori
puztea gomendagarria al da.

 

Superestitxu

Telebistan  ikusten
zaitut, Supernnany programaren aurkezpen lanetan,  eta gustatuko litzaidake egin dizudan galdera saioaren psikologoari luzatzea. Ez baitakit ondo egiten ari naizen ilusioaren kontura.

 Ez naiz adarretatik ibiliko. Poltsikoan ditut, urriaren
30ean, Gernikan zozketatzen den furgoneta baterako hainbat txartel. “Hainbat”
eufemismoa  bat da, pila bat dut erosia.
Eta, sukaldeko kortxo batean dauzkat jarrita, Ander, nire semearen begien  aurrean, tokatuko zaigun esperantzan egunero
elikatuz.

Gaur egiten da Gernikan furgoneta doatsuaren zozketa eta
urduri nabil egun osoz, kontzentratu 
ezinean, burua “hiriburu foralean”, zentratu ezinean…gaizki, Estitxu.

 

Tokatuko zaidala sinistuta nago. Unbeko ama birjina
bera  niri begira dudala  sinistuta nago. Arantzazukoari hainbat agindu egin
dizkiot trukean. Zin egin dut Dorletako ama birjinaren elizara oinutsik joango naizela nire
nahia (beharra) betetzen bada.  Eta, dena
esanda,  txikiteoari utziko diodala
agindu diot Uxuekoari, zenbakiaren hautaketan nire alde egiten badu.

 Baina, zerukoekin ez naizenez aspaldi  oso formal ibili, zuri, Estitxu, laguntza
eske natorkizu. Tokatzen ez bazait, zer egin behar dut? Trauma ikaragarri bat
sortuko al zaio semeari? Inoiz gaindituko ez duen zauria egingo al diot? Zer dio horretaz  Supernnanyk?

 

Zuk, Fernandez, telebistan egiten duzu lan  eta entxuferen bat izango duzu nire
oinordekoa traumaz betea atera ez dadin!

 

Galdetu iezaiozu, 
faborez, psikologoari kinka honetan zer egin behar dudan!

 

Hedabide ahaltsuan 
zaude eta akaso modua izango duzu Gernikan zozketa egiten dutenekin
berba egiteko. Modurik ikusten al duzu zozketan niri bultzadatxo bat emateko?

 

Ez dut esango etsituta nagoeneik, baina oso kezkatuta bai.
Zure laguntza  behar dut! Egingo al
zenuke nire alde?

 

Furgonetaren zozketarako txartel meta muturren aurrean
daukat, Gernikan zenbaki magikoa (norberarena da  magikoa, besteena…putza)  noiz aterako duten zain. Baina, hori
bitartean, zuri erreguka nabil, Estitxu.

 

Presoak etxera  eta furgoneta nirera

“Eman duzun diru laguntzarekin preso eta iheslarien  duintasuna 
eta giza eskubideak bermatzeko pausu bat eman  duzu. ZURE ETA GUZTION KONPROMEZUAREKIN
DISPERTSIOA ETA BERE ONDORIOK GAINDITUKO DITUGU” dio txartelaren atzekaldean.
Justu-justu furgoneta zoragarriaren barruak 
erakusten dituen krokis baten azpian. Nire, eta bereziki nire semearen,
ametsetako  furgoneta.

 

Nola  egin  furgoneta horren piloto automatikoa nire etxeruntz jartzeko? Ez al
zaizu bururatzen, aurten furgoneta Aranatarren aldera norabideratzeko? Arrazoi medikuez, psikologikoez,  justifikaturik!!

 …/…

Kezkatuta nioen. Ez. Oso arduratuta nago. Zizko eginda.
Tokatzen ez  bazait furgoneta  zer esango diot umeari. Nola adierazi
horrenbeste ilusioz puztu dudana hutsaren hurrengoa izango dela. Non geratuko da nire kredibilitatea, nire gurasotasuna.

Furgonetak
alde egingo digula, aurten ere, pentsatze hutsak takikardian jartzen nau!

 

Etsipenaren aitortza

 Tira, Fernandez, daudenetan utzi gauzak. Ikusten nabil,
biharko egunkarietan beste norbaiten argazkia agertuko  dela eta ez nirea, furgonetaren giltzak
jasotzen  ari naizela.

 

Telebistan agertzeak zeozertarako balioko zuela pentsatzen
nuen, baina ikusten dut ezetz. Ezinezkoa zaizula zozketa nire alde egitea.

 

…/…

 

Bueno, tira, hala ez 
bada, zergatik  ez duzu  beste zerbait egiten: datorren urtean  halako zozketarik ez behar izateko baldintzak
jarri. “Preso en   eta iheslarien
duintasuna eta giza  eskubideak bermatu”
beharrik ez edukitzea. Ekarri denak honuntza eta listo. Etxean denak. Eta, modu horretara, furgonetaren
kontura ez naiz semeari burua berotzen ibiliko. Oraingoan ere, gutarren osasun mentala dela-eta, ekarri itzazu denak honuntza.

 

…/…

 

Baina, nola diren gauzak, badakit, orduan ere beste zerbait
egongo dela, dirua bidu beharra ez dela presoen kontuaz amaitzen. Beti egongo
da zer hobetu …orduan, zozketan jarriko dute beste furgonetaren bat eta gurpil zoro honek ez du amaierarik izango.
Eta, nik  eta semeak sukaldeko kortxoan
zulatuko ditugu ilusioz beteak.

 

 

Irrati-erreportaiak ditut faltan

RNE irratiak, gaueko zortziretako albistegiaren ostean, El suplemento (Guillermo Ordunaren zuzendaritzapean) izeneko saioa eskaintzen du, lanegunero, ordu erdiz. Eguneko albistegien gainetik, baina beti ere gaurkotasunari helduz , gizarte-gaiak jorratzen dituzte erreportaje delako genero gutxiestuari aukera bat emanez.

Eta konturatu naiz, euskarazko irratigintza publikoan (ez naiz ausartzen Euskal Herria Irratia, Arrosarekin bateginik dauden emandegiak edota Info 7ren programazioari buruz ezer esaten, ezjakintasuna dela-eta) ez direla erreportajeak aideratzen.

Aipatutako Euskadi Irratian gehiegitan jotzen da magazinera, elkarrizketa luzeak egitera, kirol-saioak edota irratsaio tematikoa erabiltzera formato modura, beti ere albistegi huts-hutsera mugatzen ez bada.  Eta, hor erreportajeak badu lantzen ez den eremu bat.
Formatu bat besterik ez da, badakit, baina irratia egiteko eta gaiak lantzeko aukera berri bat ere bada.
Lan gehiago dakarrela eta zukutu arteko elkarrizketa errentagarriagoa eta errazagoa dela badakit, baina erreportajeak ditut, momentu honetan gustuko.
Besteen ahotsetan (ez bakarrean, plis) jartzea gai baten garapena eta aurkezleak loturak eta bizkar hezur ikusezin bat jartzera mugatzen direnen kasua dut gogoko. Gainera, agian horrela, gidoi landuegiak, hitz joko jator bezain astunak albora utziko genituzke, gaur egungo esatari askok egiten dutenaz nekatuta. Eta, azkenik, soinuak, hutsuneak eta musikak beharrezkoa duten lekua berreskuratuko lukete.
Esandakoa, El suplemento bezalako saio bat nahi dut hemengo gaiak, hemengo ahotsak eta hemengo soinu giroaz.

Non eskatzen dira halako gauzak?

Bst gu

Azken bi  astelehenetan, kotxez nindoala, topo egin dut Euskadi Irratiak emititzen duen Dani Arizalaren saioarekin.
Iluntzeko 21:08tik, eta hamarrak arte, elkarrizketa landu eta ondo eramandakoa eskaintzen digu Beste gu izeneko saioak.

Irakurri nuen aspaldi, AEBn, azken hamarkadan, bi irrati-eredu suertatzen ari direla arrakastatsu: musika berezitua eskaintzen dutenak (adin, gustu, hizkuntza ala emisio-tokiaren araberakoak) eta hitzetan oinarritzen direnak.
Danirena azken multzo honetan kokatuko nuke nik. Sakoneko elkarrizketak egiten ditu, bestelako saio eta bestelako hedabideetan aurkituko ez dituzun istorioak eskainiz.

Entzule gisa naukan denboraldi berriaren lehen saioan, urriaren lehenetan, neska budista (eta hala ez bazen barka nazala) elkarrizketatu zuen. Munduaren, bizitzaren eta denboraren beste pertzepzio batzuk daudela gogorarazteko balio izan zuen. Euskara erdoildu xamarra zuen arren, bere mezua, bere ikuspegia ondo bideratzen jakin zuen  Arizalak.

Urriaren 9an, aldiz, speedak eta kokainak burujabetza galtzera eraman zuen neska baten kontakizunak entzun nituen. Oso interesgarria. Asko ikastekoa. Beste horrenbeste eskertzekoa.

Laudorioen gurinetan urtu aurretik, Beste gu irratsaioa gomendagarria dela esango dut.

Gainera, eta fribolitate hutsez gehituko dut, espero dudala Wazemank-ekoek Dani Arizalaren imitazioa ematen segituko dutela. Gure herri eta hedabide ikonografian leku propioa du Arizalaren berba egiteko eta galderak egiteko moduak. Eta halakoetan gertatzen den bezala, joanetorriko bidea egin du Angel Alkainen imitazioak, izan ere Dani Arizalaren irudia sendotu egin duela esango nuke.