Egilearen artxiboa: hamaika

DBH: “oso ongi” eta “bikain” artean

DBH seriea asko gustatzen zait.  Lan-sektore berean egiten dudalako lan izango da agian, baina bai gustura ikusten dut. Camera caferen formatoak jokoa  ematen du (hemen hiru set erabiltzen dituzte: fotokopiagailua, komuna eta irakasle-bulegoa) eta ageri diren pertsonaiek badute izaera propioa, piperra eta gatza.

Albistegia ikusi eta gero ala ikusteko umorerik ez daukadanean, DBHra jotzen dut. Gomendagarria egunari txispa apur batekin amaiera emateko.

http://www.eitb.tv/eu/#/bideoa/2222245496001

Olagarroa

Gehiegitan, gobernu aldaketekin bat, irrati-telebista publikoetako goi-karguetarako izendapen berriak egin eta albistegietako aurkezleak eta karetak/sintoniak aldatzen dituzte. Gurean seguruenik, eguraldiaren mapa ere birdiseinatuko dute. Hasierako lehen  kolpe horren ostean etorri ohi dira kargu ertainen eta eduki  hornitzaileen sarearen berrantolaketa eta programazio-taularen inguruko dantza. Behin horretara helduta (inork esango du hauteskunde gauean bertan hasitako ibilbidea dela), gainontzeko profesionalen nolabaiteko birkokatzea sumatzen hasten da. Halakoak ikusi izan ditugu RTVEn eta baita EITBn ere.

Ordua heldu da baina, aginte politikoaren eta irrati-telebista publikoaren arteko dependentzia hori hausteko. Zerbitzu publikoaren izenean eta profesionaltasunean oinarrituta, menpekotasun lotura horretatik askatu beharra dago.

Baina ez  hori bakarrik, komunikabide publikoen inguruko eztabaida sakonak beste hainbat puntu jorratu behar ditu, orain eta hemen.

Digitalizazioak ezarri duen testuinguru berrian bertoko komunikabideen papera zein  izango den eta zein eduki-eskaintzan mamituko den adostu beharrean gaude. Marko berrian, euskararen rola birpentsatzea lehentasunetako bat da. Zentralitatean irabazi eta hizkuntzen inguruko artikulazio berriak, azkarrak eta ausartak egin behar dira. Duela hiru hamarkada hartu ziren  erabakiek ezer gutxirako balio dute gaur egungo egoera sozio-linguistikoan eta apustu kolektiboa bilakatu den normalizazioaren bidean. Eredu dikotomikoa (hizkuntza bakarreko kanal bana, irratian, telebistan eta interneten) gaindituta dago. Baina  ez hori bakarrik, une teknologiko eta sozial honetan, bertatik bertarako ikuspegi informatiboa  eta erreferentzialtasuna multimedia  ikuspegiarekin jorratu beharra dago. Horretarako EITB ez da eragile bakarra, ezta izan beharrik ere, eta euskaraz aritzen diren gainontzeko komunikabideekin sinergiak landu behar ditu, bereziki ikus-entzunezkoen artean. Sektore honetako motorea izateak, hori bai, garrantzi gehiago ematen dio erabakiak hartzerakoan, eta kontsentsua eta irekitasuna lantzea komeni da.

“Egin beharrekoez” zirpriztindutako goiko lerro hauen ostean baina, patxada eta hausnarketarako tartea zabaltzea derrigorrezkoa dela iruditzen zaigu, EITBren barruan eta baita sektore osoan ere. Abiatu aurretik, hartuko den bidez pentsatu beharrean gaude.  Egoera honetan, artikuluaren izenburuan kokatu dugun itsasoko animaliak balio beza adierazteko EITBren inguruan ireki beharreko hausnarketa garaiaren konplexutasuna. Izan ere, olagarroak zortzi hanka, hiru bihotz, garuna gorputzeko alderdi desberdinetan banatua…eta, guztiaren gainetik, izaera propioa, malgua, azkarra, bereziki indartsua eta mimetizazio maila ikaragarria du. Beharrezkoak ditugun komunikabideen tankerakoa.

(Argia urtekaria, 2013)

EiTB birsortu

Urriko hauteskundeen emaitzek posible egiten dute orain, komunikabide

publikoen inguruan aspaldidanik beharrezkoa zen eztabaida sakon eta
patxadatsuari ekitea.

Ez da jauntxokerietarako garaia. Gehiengoaren perfil sozio-politikoa
kontuan hartuz, komunikabide publiko zein ekimen sozialekoen gaineko
hausnarketa irekia egiteko baizik, duela gutxi arte ez bezala.

Baikorrak izateko arrazoi ugari dago. Asko dago eztabaidatzeko, adosteko eta jarrera
berriekin ibiltzeko.

EiTBren hogeita hamargarren urteurrena ospatzen
da aurten eta, paradoxikoa bada ere, ikus-entzunezko publikoen etorkizuna
daukagu mintzagai, ez hainbeste iragana. Testuingurua zeharo aldatua dugulako
eta horretan gaur gaurkoz komunikabideek jokatu beharreko rola beste bat
delako. Hasteko, jendartearen perfil kulturala, hizkuntzen ezagutza eta
ikus-entzunezkoekiko jarrera asko aldatu direlako  (besteak beste, populazioaren erdiak  ulertzen du euskara eta hezkuntza  eredu euskaldunak dira nagusi). EiTBren
papera duela hiru hamarkada eta orain ezin dira berberak izan, pantailaz
bestalde daudenak aldatu direlako.

LTDaren ezarpenak, gainera, biderkatu egin du
etxeetara heltzen den kanal kopurua, baina agerian utzi du kontzentrazioa
jabegoetan, homogeneizazioa edukietan, gazteleraren nagusitasuna eta
espainiarzaletasuna lerro editorialetan.

Bada, azkenik, EiTBren sorrera legean zeuden helburuak berregokitu beharra
dagoela erakusten duen beste elementu bat ere hain zuzen ere, ikus-entzunezkoen
erabilerari dagokionez jendeak gaur egun daukan portaera (zer ikusi, zergatik,
zein tramankulu erabiliz, zenbateraino gogobetetasuna…).

Oinarriak berrezartzeko garaian gaude. Euskal Komunikabideen (irratia,
telebista, internet) zereginak berdefinitzeko aukera paregabean kontuan hartuz,
besteak beste,  Euskal Herriko
komunikabideen mapa orokorra, lege arauketa, ikus-entzunezko propioen garapena
eta zerbitzu publiko izaeraren aplikazioa.

EiTBren zereginaren berraztertzea komunikabide publikoek, herri ekimenekoek
eta pribatuek jokatu beharreko funtzioaren arabera egin beharra dago. Eremu
zabaleko zein tokian tokiko komunikabideen arteko erlazioak eta sinergiak
gozatu behar dira eta gazteleraz eta euskaraz aritzen direnen arteko oreka
berriak bilatu beharko dira. Bereziki, euskararen presentzia eta garapena ziurtatuko
duten marko eta lan egiteko modu berriak bilatu behar dira, bai EITBren baitan
baita hedabideen panorama orokorrean ere. Horretarako, aurreko legealdian ez
bezala, orain baldintza egokiak ematen dira erabat zaharkitua gelditu den
sorrera legeari astindu on bat emateko. Jakinik, ikus-entzunezkoen panorama
asko aldatzen dela egunetik egunera, baina norabidea markatu beharra dagoela,
medio egituraketa arin  eta  malguak aprobetxatuz.

Kontuan hartu beharreko marku berri horretan daude: ikus-entzunezko
komunikabideen lege orokorra; EiTBrena (katalanek egin zutenaren antzera
birbataiatu beharko litzateke, again EKb-Euskal Komunikabideak izenarekin),
haren zuzendari eta administrazio kontseiluaren funtzioak eta aukeratzeko
moduak; korporazio publikoaren alderdiekiko autonomia sakonduko duena; bertako
profesionalei ahotsa emango diena; komunikabide publiko eta herri ekiminekoen
arteko elkarlana bideratuko duena; bertoko industria bultzatu eta orokorrean
euskara eta euskal kultura modu integratzailean eta hezkuntza sistemarekin
sintonian ezagutza eta erabilera sustatuko duena.

Beste toki askotan bezala, hemen ere, krisiaren aitzakian, zerbitzu
publikoak eztabaidagai jartzen ari direnean, euskal komunikabideak eta euskaraz
aritzen direnak bereziki, rol garrantzitsua daukatela berretsi baharra dago.
Euskararen alde, informazio zabala eta orekatua eta entretenimendu duina
eskainiz, ikus-entzunezko alfabetizazioan eta kultura transmisioan behar
beharrezkoak dira komunikabide publikoak. Eta bertako langileen profesionaltasuna
muin-muinean daukagun bermea da. 

Hauteskundeen osteko aritmetikak ez du ematen jarrera politiko itxietarako.
Ikuspegi miopiko eta instrumentalek kale egingo dute, ikuslerik eta ilusiorik
ez badago pantailen bestaldean

Momentu zoragarria da, urteurrenaren ospakizunekin batera, eztabaidarako
bideak irekitzeko, eredu berriaz hausnartzeko eta erronkak mamitu daitezen
pausuak emateko. EiTB izan  denaz  baino
aurrera begira zertarako nahi dugun adosteko une egokia da
oraingoa.

Ikusten ez dena

Hunkituta atera naiz “Barrura
begiratzeko leihoak” pelikula ikustetik.

Gustatu zaizkit
kontatzen diren istorioak. Erritmoa (zinema aretorako egokia). Irudien
testura.  Argiarekin nola jokatzen duen (“duten”
esan beharko nuke, bost egile desberdin baitaude). Eta, bereziki, hau bezalako
dokumental bat egiteko atzetik dagoen produkzio lana. Baina azken hori buruz lerro
pare bat idatziko ditut amaieran.

Hasteko, nahiago
dut niretzako lau-bost momentu gogoangarrienak aipatzea:

gizona preso duen emakumearen ikuskera. Barruan dagoenaren idealizazioaren aurrean, egunerokoari eusten dion emakumearen jatortasun praktikoa.

elkartasunaren sakontasuna, “zurea” ez den borrokan bustitzera eramaten duena.

toturatua izan den gaztearen ikara momentu latz horiek gogora arazten dituen bakoitzean

gaixo dagoen presoa krudeltasunez tratatzen duenaren zitalkeria

bere burua ziegaren txikitasunean aurkitu zuen intelektualaren testigantza

kartzelako leihotik “Maite haut” ohiukatu eta erantzun gisa, irrintzi bat jasotzen duenaren poza.

Ez zait zinera  joanaurretik pelikula “oso ona” dela entzutea gusta izaten. Deskubritzera baino, entzundakoa betetzen ote den neurtzera joaten naiz-eta orduan.

Baina, bai, gustura egon naiz.

Herri honen historian kontatu beharreko istorioen artean hau da bat. Ez bakarra, noski.

Esandakoa, pelikula ikusi eta gero ere kontakizuna bere horretan mantentzen da zure gogoan. Eta
agertzen da hau bezalako ekoizpen bat burutzeko aurre-produkzioaren zailtasunak:
istorioak aukeratu, pertsonaietan sakondu, audio eta bideo grabaketaren berezitasunak
eta finantziaketarako arazoak, besteak beste.

Eta hori gutxi balitz, berriro ere, pelikula zinema aretoetan ikusi ahal izatea delitu bilakatu nahi izatea.

Faltan bota

Lagun batek beti tentatzen nau txikehn bildu.net-en bideoekin,  barrezka lehertzen  den bitartean. Umorea oso garrantzitsua  dela zalantzarik ez dago. Baina aitortu beharra daukat sinistuta nengoela sarea gehiago erabiliko zutela eta, beraz, EAEko legebiltzarrerako kanpainan ehbildu sare sozialez eta biralitateaz gehiago baliatuko zela.
Mintegi hautagaia oso  ondo  ikusi  dut twitterren eta blogean (postak  gehiagitan luzeegiak ateratzen zaizkion arren). Eta aurrez  aurreko  elkarrizketetan. Baina, kanpainan zehar ez da gehiegi erabili berak duen balio ikonikoa. Lehen planoa ondoen aguantatzen  duen hautagaia da eta hori asko  da.


Kartelak tira, ez  zaizkit berritzaileak iruditu. Agian, berriro ere jo delako talde irudira eta, nik uste, oraingo honetan, plano laburrak eta gertutasuna zirela plazaratu behar ziren elementuak.

Emaitzen gaineko apostuak oso garbiak egin ditu artikulutxo honen hasieran aipatu dudan lagunak, ehbildu lehen indarra izateraino. Norberaren nahiak estatistika elektorala hankaz  gora jartzea  ez zaio inporta. Dagoeneko Laura Biltegi deitzen du hautagai bizkaitartua.

 

Garraio ppublikoa

Hauteskunde kanpaina eskuetatik joan aurretik argazki hau jaso nahi nuen blog honetara. Izan ere, PSEk 2012ko Legebiltzarrerako aukeratutako hautagaiaren argazkia txarra bazen, beste honek ez  du parekorik. Argazkiaz ari naiz, noski. Baina ez  bakarrik.

Zuri beltzean izatea da PPk egin duen akatsik larrinea? Ez, portzierto. Nik uste dut gehiago dela fotoan agertzen denaren jarrera, begirakuna, irribarre sanoa, jazkera eta… bereziki, eslogana.
Nori otuko zitzaion “Si tu no vas ellos ganan” leloa?
Eta zergatik ez “Si ellos no van tu ganas” edo “Si ellos ganan  tu no vas”…eta zorabio puntura helduta: “Si tu no ellos ganan  vas”.

Ez ditut kalean PPren kartel asko ikusi. Markesinetan bai eta hor hartzen du leloak bere zentzu osoa…autobusaz ari dela baituridi.
Bizkaibus erabiltzearen aldeko kanpaina izan da aurtengo PPrena!!

Berez, berez, beheko partean esan beharko luke: “Ahora más que nunca Bizkaibus”.

 

“Bi lehendakari…

“…eta biak emakumezkoak” horrela  bota dit, hauteskundeen gaineko apostua egiteko  papera ta bolia eskatu dugunean tabernan.
“Ez da  posible. Hipotesi txoroenek ere ez dute aukera hori aurreikusten. Nafarroan  eta EAEn, aldiberean, bi emakume izatea agintari nagusi,  ezinezkoa da. Zu  ez zaude ondo!” esan diot nik.
Bera kikildu ez eta bazkari bat jarri du jokoan. Eta nik onartu.

Wikipedia irakurrita zekarren: “Barcina Burgosen sortu, Bizkaian bizi  17 urte zituen arte eta gero Iruñean. Mintegi, Lizarran jaio eta Algortara  joan zen bizitzera. Laster  Gasteizen egingo du lan.”. Azkena esanaz  bat, keinu egin dit!

Gabonak helduko dira gu biok mahaiaren bueltan jarri orduko baina  tira bere kontu jatea pentsatzen dut.

Paperezko serbilletan eta  hemen idatzita gelditu da.

Bekokian idatzita:EAJ

Hauteskundeetako kartelak errepasatzen nabilen honetan, aitortu behar dizuet niri bai, niri gustatu zaidala Iñigo Urkulluren kartela. http://www.goiena.net/blogak/hamaika

Hasieran ez ninduen konbenzitzen argazkiari egin dioten kolore solarizazioak. Baina zalantza barik begirakunak sekulako indarra hartzen du. Eta ezpainek!  Basagoiti enbidian egongo da, haren kolore faltan.
Auzoko jeltzale batek esango lukeen bezala, “jentleman” baten antza du!
Esloganean “aurrera” eta argazkiaren  behekaldean EAJren “bolie”. Eta modernitatearen zigilua: QRa. Konpleto.

Hauteskunde kartelak: PSE

Gaiztoa izatearen plazerra errazten du 2012an EAEko Legebiltzarrerako hateskundeetarako PSEk plazaratu duen kartelak.
Zer eta jende askoren imaginarioan ETAren jarduna behin betirako uztea erabaki zueneko egunean, AEBko tren batean harrapatu zuen lehendakaria orain ere dio “Estamos a lo que hay que estar”.

Nori otuko zitzaion argazkia zuri beltzean ateratzea (Antonio Basagoitirena ere halakoxea da)?
Grisa nagusitzen da argazkian. Eta gizon bat bere horretan, bakarrik. Lanean, hori bai. Ala, tira, behintzat, ordenagailura begira.

Trena aipatu dut lehen. Kanpainako argazkikoak gogorarazten dit RENFEko geltoki buru bat, bere bulegoan, hurrengo trena noiz  datorren zain. Serio demonio, “Guk gure bidea”, “Guk gure bidea” behin eta berriro bere pantailan idazten duen bitartean.

Treneko prentsa  agerraldi famatua eta oraingo kartelerako argazkia pertsona berberak erabaki al du? Nor da kanpaina burua?

.

Gaztefilia

Gaztetasuna idolatratua dago gure artean. Eta gainera, edertasun eredu oso estuaren menpekoak gara. Gizon-emakumeen
paperak oso markatuak dira, eremu publikoan eta pribatuan ere. Kontsumitzeko
gai izatea eta askatasuna parekatu egin dira aspaldi honetan. Eta halako
batean, iragarkian bezala, adineko gizon (emakume) horiek agertzen zaizkigu. Erakutsiz
gustura daudela. Beraien gorputzaren jabe. Eroso sentituz. Errebindikatuz
beraien joko-eremua. Etxekoa eta kalekoa. Eta esaten digute zimurren gainetik
pertsona aktiboak eta positiboak direla. Eta, beraienak bezala, aldarrikatzen
dituztela denontzako eskubide berberak.

Iraultzaile beterano horiek borrokan
ari dira zahartzaroari beldurra eta sekula sekulorumerako gaztetasunaz
obsesionatuta daudenen hobe beharrez. Adineko aktibistak dira desberdintasuna
eta gure buruaz gustura egotearen poza errebindikatuz.

Gauzak dexente aldatu beharra
dago oraindik ere adinekoak galtzontzilotan eta kulerotan normaltasunez agertu
arte. Norberaren gorputzetik hasitako askatasuna lortu arte. Horra helduta, ez
da behar izango elektratresna berririk “aire egokitu” ezin hobea disfruta
dezagun guztiok.

 

(Gerontofobia izenpean, Argiarako idatzi nuen artikuluaren azken zatia)