The end

Umeen jolasetan nahiko modu naturalean agertzen da heriotza. Bizirik
egotetik betirako joaten denaren azken uneak, helduek baino errazago
irudikatzen dituzte adin txikikoek. Lurrera jausitako eskulturak
bailiran besoak zabalik, arnasa hartu barik eta begiak itxita ageri
zaizkigu antzeztutako hildako horiek.

Zinean eta telebistan ere, askotan erakusten dizkigute hiltzen ari
direnen irudiak. Ikus-entzunezko medioetan gainera, gehienetan
errekurtso narratiboa izaten da heriotza eta benetakoarekin
antzekotasuna bigarren mailako kontua izan daiteke.

Azken denboraldian, hileta dezentera joan behar izatea suertatu zait
eta arretaz entzun ditut adinduek ondo hiltzeari buruz esaten
dituztenak. “Sinatuko nuke nik halako bat”, “txoritxo bat bezala hil da”
ala “lasai joan da” bezalako esaldiak aurkitu daitezke beraien
diskurtsoetan. Jakin badakitelako bestelakoak ere egon badaudela, gura
baino gehiagotan. Izan ere, heriotzarako bidea tortura hutsa izan
daitekeela erakusten duten kasuak ez dira gutxi izaten, agonia
jasanezina bilakatuta. Horietariko kasu bat aipatu zidan duela gutxi
aita hil berri zaion lagun batek. Eta bizi izandako esperientziarekin
penatuta baino amorratuta eta haserre jarraitzen du.

Itzulerarik ez zeukan gaixotasunak jota aita minetan luzeegi egon
baitzen, egunak gaizki eta gauak amaierarik gabeak, aieneka. Minbiziak
aurpegirik latzena erakutsia zion gizon hari. Ordurako askotan hitz
eginda ziren aita-alaba eta momentua heldutakoan gidoia pentsatuta
zeukaten. Beraiek erabaki nahi zuten helmuga non jarri.

Gauzak baina aldrebestu egin ziren. Bidearen azken pausoak ematerakoan
erraztasunak baino trabak aurkitu zituzten. Osasun zerbitzu publikoan
pertsona eta profesional egokirik ez zuten eskura izan pasabide
malkartsu hori eramangarria izan zedin. Azken atea lasai zeharkatzeko
modurik ez eta gaixoak eta familiakoek inpotentziaz bizi izan zituzten
egun haiek.

Sufrikarioa alferrikakoa izan zen. Agonia hark ez zuen inongo zentzurik
ezta justifikaziorik ere. Azkena izango zuen gauean, muxu bat ematera
hurbildu zenean “noiz amaituko da pelikula txar hau” bota zion gaixoak,
beste inork ez entzuteko moduan, bakarrik zeuden arren. Alabak aitortu
zidan telebista aparailua begiratu zuela keinu inkontzientean. Pantaila
baina itzalita zegoen.

Egunak aurrera joan ahala gero eta garbiago dauka eskubide kontua dela
duintasunez hiltzearena. Pelikuletatik albistegietara eraman beharreko
kontuaz ari garela.

(Argiaren 2.315 zenbakian argitaratua, 2012ko martxoaren 18a )

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude