Leloak

 Hitzen bidez gertaerak irudikatzeko irratiak daukan indarra sintetizatu guran,  “Radio Euskadi se ve” leloa erabili zuen luzaroan emisora horrek.
Ideia sinplea zen baina  jokoa ematen zuena.

Promoetarako ere oso aproposa suertatu zen eta gogoan dut “Pamploneses gora sanfermin” oihuak, txaranga musika eta etxafleruaren plisti-platak tartekatuz nola  egin zuten jaiei buruzkoa, bide batez gu  Iruñeako jaietan mentalki murgilduz.
Eta hori bezala, txirrindularitzari , hauteskundeen emaitzei eta literatura sari banaketari buruzkoak datozkit burura.

Orain, leloa aldatu dutela uste dut “Radio Euskadi, la realidad tal y como es” entzun baitut behin edo behin. Ez gehiegitan egia esateko baina  litekeena da emititzen dutenean ni beste zerbaitetan egon izana.
Lelo berrira itzulita, “…la realidad tal y como es…” bezalako bat aukeratzea ondo pentsatutako zerbait dela kontuan hartu behar dugu. Leloak, publizitate kanpainetan oso elementu garrantzitsuak baitira. Ez dira bat bateko kontuak izaten, inondik inora.
Eta honako honexek ematen du zer pentsa.

Soziologiaz zerbait dakitenek ondo baino hobeto esaten dute, errealitatea eraikitako zerbait dela. Gizarteak dituen mekanismo desberdinen bidez osatu, itxuratu eta zabaltzen den produktua. Egin, desegin eta berregin mekanismoek agintzen dutela errealitatea deitzen den hori itxuratzen. Etengabeko aldaketan sartuta dagoela. Gainera, beste gauza bat ere azpimarratzen dute: “errealitatea” eraikitzeko orduan hedabideek sekulako indarra daukate. Beraiek eta jendartean dauden beste mekanismo batzuen bidez ekoitzia  dela errealitatea.
Hedabideak ez dira beraz “errealitateari” buruz informatzaile soilak, zerbitzu publikoaren izenean, notario lana eginez, gertakari sozialen espilu  hutsak. Hedabideek notiziak ekoizten dituztelako, beraiek dira errealitatea eraikitzen dutenak.

Aspaldi irakurri nuen “La construcción social de la realidad” liburu interesgarriaren aitzakian bota ditudan goiko lerro horiez gain, lelo honek burura dakarkit aspaldiko beste bat. Gogoan izango duzue nik bezala, Saez de Buruagak telebista albistegiak amaitzerakoan egunero esaten zuena: “Así  es y  así se lo hemos contado”.

Tankera berekoak iruditu zaizkit lehengo Antena 3koa eta oraingo Euskadi Irratikoa. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude