Azken bi astelehenetan, kotxez nindoala, topo egin dut Euskadi Irratiak emititzen duen Dani Arizalaren saioarekin.
Iluntzeko 21:08tik, eta hamarrak arte, elkarrizketa landu eta ondo eramandakoa eskaintzen digu Beste gu izeneko saioak.
Irakurri nuen aspaldi, AEBn, azken hamarkadan, bi irrati-eredu suertatzen ari direla arrakastatsu: musika berezitua eskaintzen dutenak (adin, gustu, hizkuntza ala emisio-tokiaren araberakoak) eta hitzetan oinarritzen direnak.
Danirena azken multzo honetan kokatuko nuke nik. Sakoneko elkarrizketak egiten ditu, bestelako saio eta bestelako hedabideetan aurkituko ez dituzun istorioak eskainiz.
Entzule gisa naukan denboraldi berriaren lehen saioan, urriaren lehenetan, neska budista (eta hala ez bazen barka nazala) elkarrizketatu zuen. Munduaren, bizitzaren eta denboraren beste pertzepzio batzuk daudela gogorarazteko balio izan zuen. Euskara erdoildu xamarra zuen arren, bere mezua, bere ikuspegia ondo bideratzen jakin zuen Arizalak.
Urriaren 9an, aldiz, speedak eta kokainak burujabetza galtzera eraman zuen neska baten kontakizunak entzun nituen. Oso interesgarria. Asko ikastekoa. Beste horrenbeste eskertzekoa.
Laudorioen gurinetan urtu aurretik, Beste gu irratsaioa gomendagarria dela esango dut.
Gainera, eta fribolitate hutsez gehituko dut, espero dudala Wazemank-ekoek Dani Arizalaren imitazioa ematen segituko dutela. Gure herri eta hedabide ikonografian leku propioa du Arizalaren berba egiteko eta galderak egiteko moduak. Eta halakoetan gertatzen den bezala, joanetorriko bidea egin du Angel Alkainen imitazioak, izan ere Dani Arizalaren irudia sendotu egin duela esango nuke.