Maite Artola

Gaur egungo irratigintzan gehien gustatzen zaidan profesionala da.

Esatari ona, kazetari zorrotza eta aurkezle atsegina.

Informazioan zentraturiko magazina da berea. Interesgarria, oso. Gaurkotasunaren zergatietan ibiltzen dena.

Tertuliaren tartea ere gustora entzuten da. Zertaz ari diren dakitenen arteko elkarrizketa moderatzen du Maitek. Horrek ez du kentzen berak zuzentzen duen irrastsaioan (“Mezularia”, Euskadi Irratia, lanegunero, 18:00-20:30) gauzak moztu behar direnean dzast egiten ez duenik. Ezta ere, naturaltasun osoz parre egitea egoerak hartara eramaten duenean. Parre freskoa eta kontagiosoa.

5 iruzkin “Maite Artola” bidalketan

  1. xintxan

    Bai ados, Maite Artola oso ongi moldatzen da euskarazko irratigintzan.

    Haatik, konparatzeko askorik ez dagoela esan beharko dugu. Gogoratzen al du inork Egin Irratiko goizeko magazineko Maribi Ugarteburu eta Ixiar (barkatu, ez dut abizena gogoratzen)? Sekulako lan ona egiten zuten, eta sekulako ahots ederrak zituzten.

    Gogoratzen dut Egin irratia itxi zutenean Euskadi Irratiaren entzulegoa pilo handitu zela (injustiziari esker, esan beharko).

    Nora jo bestela? Donostialdean ez dut jada jasotzen Gure Irratiaren seinalea.

    Nora jo Maite Artolaren dohaiak konparatzera?

    Erantzun
  2. Edorta

    Arrazoi berdaderua daukazu Xintxan.
    Aipatu duzun Egin Irratiaren itxieraren inguruan, denborarekin, bati baino gehiagori odola izoztuko zaiola sinistuta nago: lotsaz. Egin, egunkaria eta irratia, eta geroko Euskaldunen Egunkariaren itxierena Delancre inkisidorearena bezalako barrabaskeriak izan dira.
    Hala ere, badira frekuentzia banaketaren aferetan historiak erakutsiko dizkigun hainbat paper negargarri, PNVk eginikoa esaterako. Epe ertainera eta luzera ikusterik ez duenari zaila da gauzak nola egin daitezkeen erakustea. Ikus besela telebistagintza lokalaren panorama.

    Erantzun
  3. Unai

    Bat nator Maiteri buruz esaten duzun guztiarekin… baina gauzatxo bat.

    Zergatik ez dituzte bestelako iritziak jartzen tertulian? Denak dira abertzaleak, horrek aspertu egiten nau, izan ere denak bat datoz euskal politikari buruzko gauzetan.

    Jon Juaristi, Mikel Azurmendi, Luis Aranburu… ezin al dute horrelakoren bat fitxatu?

    Erantzun
  4. Edorta

    Ibarrezkerreko alderdi sozialistaren aldeko bati entzun nion Euskadi Irratiaren tertuliakide gehienak abertzaleak zirela. Eta harritu egin ninduen, ez nuelako nik inpresio hori.

    Hala ere, eman zidan zer pentsa.

    Besteak beste, zer diferente ikusten ditugun gauzak, ikuspuntuaren arabera, noski.

    Eta, bestetik, iritzi kontrajarrien orekari buruz.

    Hau da, iritzi guztiek lekua behar dutela esaten denean zer esan nahi da? Irrati-emisora batean, bakoitzean, esan nahi dut, sentsibilitate guztiak egon behar dutela presente? ala, irratigintzaren panorama orokorrean gainontzeko emisoretan (RNE, SER, COPE, Onda Cero…) entzuten ez diren iritziak hemengoetan argiago eta leku gehiagoz plazaratu daitezen bidea jarri behar dela?

    Beste buelta bat emanda, zer da orekatzaileagoa, irekiagoa eta anitzagoa hemengo irrati publikoen barne-oreka bilatzea ala beste emisorekiko balantza egiten jardutea?

    Erantzun
  5. Unai

    Ez dakit, baina gustatuko litzaidake Mikel Aramendi Jon Juaristi batekin eztabaidan entzutea…

    Mezulariko tertulia, bakarrizketa izaten da askotan. Bakoitza 2 minutuz aritzen da bere argudioekin, eta gero hurrengoak aurrekoarenak berresten ditu.

    Erantzun

Utzi erantzuna xintxan(r)i Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude