Lehenengo fasea

Urtarrilean urtea bete du “GUreztatu, Arrasateko azoka biziberritzeko ekimenak”.
12 hilabete hauetan, prozesuaren lehenengo fasea amaitu eta bigarrena hasteko norabidean jarri gara Arrasateko eragileak, udal politikari eta teknikariak, eta batez ere herritarrak . Baina kokatu gaitezen hasierako hilabeteetan, lehenengo fasearen hastapenetan. Nola sortzen da ekimen hau?Eta zergatik?

Abiapuntuko helburuak

Azokaren egungo egoeraz kezkaturik, gune honi bultzada eta bizi berria eman nahi diogu. Azoka berria egungo postu eta baserritarrik gabe ez dugu ulertzen. Baina era berean, azoka biziberritzeko gune berritzaile baten premia ikusten dugu. Hori dela eta, azokaren ohiko jarduerei ildo berritzaileak gehitu nahi dizkiogu; sinetsirik gaude funtzio aniztasunaren bidez indarra emango  diogula azoka guneari zein bertan kokatuko diren jarduera ezberdinei.

Azoka Biziberritzeko prozesu honetan, Arrasateko eragile nagusien inplikazioaz, eragileen saretzea ahalbidetu nahi dugu, ulertzen baitugu elkar harreman hau oinarri ezinbestekoa dela etorkizun hurbileko erronkei ekiteko. Eragile bakoitzak bere eremuan garatzen duen jarduera komunitatearen ongizatearen aberastasun-eragile direla eta denok elkarrekin, hau bezalako proiektu bat ahalbideratu dezakegula balioetsi gura dugu.

Horregatik Azoka biziberritzeko ekimena prozesu parte hartzailearen bidez egin nahi izan dugu. Arrasateko elkarte eta herri-eragileak, interesa agertu duten herritarrak, udal ordezkariak eta udal teknikariak, besteak beste, gara prozesu honen eragileak.

 

 

Pausuak
Arrasateko azoka biziberritzeko GUreztatu ekimenaren lehen urratsak 2011ko abenduan eman ziren, herriko zenbait eragile estrategiko elkartu eta ekimenaren nondik norakoak fintzen hasi zirenean. 2012an ekin zitzaion prozesu parte hartzaileari eta uztaila bitartean, asko izan ziren lehen fasean emandako pausuak; aurkezpen bilerak, formazio saioak, saio irekiak, galdetegiak eta kolektibo ezberdinekin azoka hobetzeko ekarpenak jasotzeko dinamika konkretuak, besteak beste.

 

Hala ere, prozesu guztiaren oinarrian, esparru ezberdinak landu zituzten lau lantaldeak daude: nekazaritza eta elikadura, produktu eraldatuak (bigarren eskukoak, bidezko merkataritza, herriko artisauak, etab.), herrigintzako plaza eta jolasgunearen gaiak lantzeko ardura izan duten lantaldeak.

 

Denera, 400 pertsona eta 50 eragile baino gehiagok parte hartu du GUreztatu ekimenaren lehen fasean! Eskerrik asko denoi!

 

Ondorioak

Lanketa handia egin dute lehen fasean parte hartutako herritar eta eragileek, eta horren ondorio dira proposamen faserako oinarri diren sintesi txostenak. Jarraian, lantalde bakoitzak jasotako ondorioetako batzuk identifikatzen dira:

Nekazaritza eta elikadura

Lehenengo sektorean, Baserrira inkorporazio berriak sustatu behar dira. Horretarako, erabili gabeko lursailak detektatu behar dira, auzoz-auzo eta baserriz-baserri bilerak burutuz. Lur banku bat osatu beharko litzateke, erabili gabe dauden lur sailekin. Administrazioaren  esku egon daitezkeen zenbait neurriren identifikazioa.

 Erosteko modu berriak sustatu: Lehenago ere sarri aipatu izan da, gaur egungo bizimoduarekin ez dela horren erraza plaza egunetan bertara joatea eta agian, ordutegia aldatu beharko litzatekeela edo beste modu batean produktua eskuragarri egon beharko litzatekeela eta horretarako egin ditugu proposamenak atal honetan.

Kontsumo taldeak: Kontsumo taldeak sustatzeko hitzaldi, ekimen eta komunikazio kanpaina Azokan leku propio eta erakargarria izatea. Kontsumo talde gehiago egon daitezen ekoizleak ere lortu beharko lirateke.

Irudia: Plazak irudi baten beharra du. Berdura plazaren inguruan sortu litekeen markaren inguruan bi arlo bereizi behar direla argi ikusi da. Bata, baserritarrek ekoizten dutenaren marka izan beharko litzateke eta bestea, berriz, azokarena berarena, orokorragoa.

 

Jolasgunea

Azokako egungo kokalekuari eta egoerari begiratuta, jolasgunearen diseinuari dagokionez, honako ondorio nagusiak azpimarratu dira: Montatu eta desmontatu daitezkeen ekintza puntualak burutu behar dira.Irudimena garatzeko, espazioaren sortze eta definitze prozesuan haurren eta gurasoen ekarpenak kontuan hartuko direlako.

Beste gune batzuen beharra ere identifikatu da, hala nola, edoskitze gunea eta emozioak lantzeko gunea.

Eskoletako haurrak azokara gerturatzea oso garrantzitsua da, espazio hau euren gune gisa hartu dezaten, bertako jarduerekin harremana izateko, etab. horretarako baina dinamika iraunkor bat abiaraztea benetan garrantzitsua da.

 

Kontsumo arduratsua eta produktu eraldatuak

Denda: Landu ditugun arlo gehienetan (artisauak eta diseinatzaileak, 2. Eskuko produktuak, bertako eta bidezko produktuak) beraien produktuak saltzeko denda baten beharra azpimarratu da. Bakoitza denda batean kokatu ezkero, bideragarritasun arazoak identifikatu dira eta horrenbestez, guztiak batera denda edo espazio berdinean salgai jartzea proposatzen da. Horretaz gain, bigarren eskuko produktuak jasotzeko edukiontzi bat eta biltegi bat kokatzea ere aurreikusten da.

Bestalde, espazioan bertan kontsumo arduratsua eta produktu eraldatuetarako leku bat egokitzeaz gain, dinamikak eta tailerrak antolatzea ere interesgarria izan daiteke.

 

Herrigintzako plaza

Kulturgintza sustatu eta horretarako leku bat egokitzea, Arrasateko azoka biziberritzeko bide interesgarria izan daiteke. Espazio bat sortzea (azoka horretarako ere egokitzea), non herritarrek eta kultur jarduerek “topo” egingo duten.

  • Kultur jardueretarako egokitutako kulturgune bat sortzea: Azoka gune ireki gisa ulertzea eta bertan izaera ezberdineko jarduerak egiteko txokoak egokitzea. Azokaren ohiko jarduerak ez daudenean, bestelako erabilpen bat izan dezake azokak.
  • Azoka biziberritzeko taberna, jatetxe edo kafetegi bat jartzea benetan positiboa izan daiteke, baina bestelako balio batzuk sustatu beharko lituzke gune honek.
  •  Salerosketa gune izatea gainditu eta norberaren elikagai eta bestelako beharren autoekoizpena sustatzeko gune bat sortzea, adibidez, sukalde-tailer bat.

Lehenengo fasea iruditan

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude