Gipuzkoako Debagoienean, hierarkizatze ekonomikorako irizpide nabarmena antzematen da egurrezko sabaia duten elizen inguruan, baita hierarkizatze topografikoa ere. Erdi Aroaren amaieratik aurrera, batez ere XVI mendean zehar, ibarrean merkataritza trafiko handia eman zen Gasteiz eta Debako portuaren artean. Egunero, ehun eta berrogeita hamar abelburutik gora izaten ziren joan-etorrian, artilea garraiatzen zuten eta garraio hori Gaztelako Koroaren esportazioen %10a izatera heldu zen mendearen erdialdera.
Aldiz, mendialdean kokatuta zeuden baserri giroko elizek -zeinak merkataritza trafikoaz zeharka eta marjinalki aberasten ziren- egurlanez estaltzen zituzten beren elizetako sabaiak. Hala ere, Gaztelatik heltzen ziren “Izar erako gurutzeria” moduko joerak jarraitzen zituzten bertako artisauek.
Merkatari eta zamaltzainen joan-etorriek bidean zeuden kontzeju etxeen aberastea ekarri zuten. Hala, Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Bergara, Soraluze eta Elgoibarko eliza nagusiak berreraiki zituzten harlanduzko bobedak erantsita.
Landa gune txikiak izaten ziren, batezbeste hamar eta hogeita hamar baserri biltzen zituztenak, Mazmela eta Bolibar (Eskoriatza), Bedoña (Arrasate), Urrexola (Oñati), Araoz (Oñati), eta Angiozar (Bergara), baita jatorrizko ibilbidetik urrutiago zeudenak ere.
Pobreziaren eskalan maila bat beherago, landa gunearen biztanleria eta isolamenduak kofradien ermitak aztertzera garamatza; kapera txiki eta errentarik gabekoak, eta sakramentuzko eskubiderik gabekoak ziren ermita horiek, baina, nekazarien bizimoduan berebiziko garrantzia izan zuten. Landa guneko tenplu horien mantenua borondatezko ekarpenetan oinarritzen zen; gehienetan hamar baserrik edo gutxiagok bideratzen zuten eta ezin izaten zuten harlanduzko bobedarik egin.
Ars Lignea. Zurezko elizak Euskal Herrian liburutik hartutako pasartea. Egilea: Alberto Santana Ezquerra.