01. ORMAIZTEGI LEHEN URTEAK

Familia, eskola, euskara, enpresa, herria, aurreneko ardurak eta aurkikuntzak, harremanetan lehen arrakalak, osasun kontuak…

Gurasoak amaren jaiotetxera ezkondu ziren, Juana eta Julianen Telleri-zahar kale baserrira. Bertan jaio ziren Izaskun eta Gurutze, bi arreba nagusienak, baina nirekin derrigorra izan zen etxe aldaketa. Berjaldegi-berriko gure partea ere ez zen handia, bi logela besterik ez baitzuen. Behean amona Kaietana bizi zen, eta berea zen baita ere goiko solairuaren zati bat. Gurean urtero arreba edo anai bat jaiotzen zenez, laster geratu ginen kabitu ezinda. Beraz, kanpoan ikasten hasi ginenean, ikasturtea barnetegian pasatzen genuen, eta oporraldi garaian batzuk mugitu egin behar izaten genuen lotara, edo Kaietanaren zatira edo Telerri-zaharrera. Honi ‘bestetxe’ deitzen genion, natural, denbora asko pasatzen baigenuen bertan.

Lehen oroitzapenetako bat da nola aitona Julianek irakatsi zidan irakurtzen, eskolan hasi baino lehen. Aitona sasiletradua zen, ezkertiarra eta laikoa, irakurzalea. Trenbideko langile izana zen eta postari. Hori dela-eta bihurtu zen Telleri-zahar Karterone. Aitonak magalean hartzen ninduen eta aurrean jartzen zizkidan egunkariaren izeneko letra larriak: L-A V-O-Z D-E E-S-P-A-Ñ-A. Hori izan zen kultura idatzirako eman zidan sarbide bitxia; geroago, agian orekatzeko, Xabiertxo ere erabili zuen. Aitak, aldiz, Diaro Vasco irakurtzen zuen, eta sarri bi egunkarien bila bidaltzen ninduten estankora. Guztira 3 pezeta kobratzen zidaten eta, ikusita egunkarian bertan bakoitzaren prezioa 1,5 pezeta zela, bolada batez sinetsita egon nintzen estankoan porrua sartzen zidatela, 1 gehi 1 ezin zelako 3 izan. Dezimalak ikasi nituenean bukatu zen susmo txarra.

Ormaiztegiko eskola Karterone parean zegoen. Eskola eta maistraren bizitokia eraikin berean zeuden. Gaur eskola txikia deitzen diren horietakoa zen, adin desberdinetako mutikoak batera ikasten genuen. Neskak aparte, noski. Marianjeles zen maistra, ahots ederreko emakume gaztea. Urte mordoskara, nerabe nintzela, aita eta biok joan gintzaion bisitan Ordiziara, eta orduan deskubritu nuen euskaldun petoa zela. Eskolan euskara ezkutatu beharra zeukan.

Etxean euskaraz egiten genuen, bestetxean eta kalean ere bai; eskola, zinema eta Muruane tabernako telebista espainolez bakarriz zeuden. Hauen eraginez anai-arreba artean erdaraz hasten baginen, aitak berehala botatzen zigun: “Ondo hitzegin!” Eta bera amarekin erdaraz harrapatzen bagenuen, “guri ez zaigu ahaztuko, zuek ondo ikasi behar duzue” esanaz libratzen zen. Etxean telebista sartu zenean poza hartu nuen, baina hamarkadak pasatuko ziren aparailu haiei euskarazko hitz bat entzun orduko.

Eskolako oroitzapen askorik ez daukat. Gogoan dut bai, hasi berritan nola nabaritu nuen aitona Julianekin irakurketan hartutako abantaila. Eta gogoratzen dut, baita ere, urte batean behintzat udalbatza etorri zitzaigula eskolara bisita ofizialean. Hainbat idatzi, eskulan eta apaingarri prestatu genuen bisitari ilustreei harrera egokia egiteko, eta badakit harro sentitu nintzela bisitarien buru gure aita zelako, Ormaiztegiko alkatea.

Alkatetzan 9 urte inguru eman zituen aitak. Karrozeriako gerentea ere bazen ordurako, eta imajinatzen dut 40 urteren bueltan energiaz beteta sentituko zela. Frankismo betean egon arren, zeuzkan harremanak eta ekimen handia balia zitzakeen herriarentzat onurak lortzeko. Bere ohiko estiloan, berrikuntza iturrien bila aritu zen. Adibidez, sarri aipatu zidan Doxiadis arkitekto greziarra, 60ko hamarkadan mundu mailan hirigintza proiektu puntakoak gauzatzen ari zena. Haren eraginez, gure aitaren alkatetza garaian herrian eraiki ziren etxebizitza-blokeek arkupeak dituzte, euritik babesteko.

Alkatetza lanak ez ziren udaletxera mugatzen eta ohikoa zen jendea etxeko ate joka etortzea, alkateari hau edo hura esateko. Bisitarien artean maiz samar zetorkigun Ordiziako kuarteletik Guardia Zibilaren sargento arketipikoa, bigotedun beltzarana. Aitak lagunkoi eskaintzen zizkion kafea eta pattarra; eta uste dut inoiz haren altzoan joanda nagoela autoan. Trukean, geroago jakin nuen, haien zaintzapeko gaietan nolabaiteko ‘malgutasuna’ lortzen zuen aitak.

Karrozerian ere garai betea izan ziren 50eko azken urteak eta 60ko hamarkada. Tailer zaharra txikiegi geratuta, berria eraiki zuten, Karteroneko lurretan. Irudi bat daukat, etxeko leihotik tailer berriari begira, ni mukizu bat aitaren besoetan. Sei arku handiko egitura industriala zen, eta arku bakoitzean hizki bat margotu zuten: I-R-I-Z-A-R. Gure etxean garbitzen ziren hango toallak eta gurera desbideratzen zen telefonoa enpresako bulegoa ixten zenean. Telefono zenbaki bakarra zegoen Ormaiztegi osorako, eta karrozeriarena luzapen bat zen. Ohikoa zen aitak etxetik elkarrizketa luzeak izatea bezeroekin ezordutan; eta deigarria egiten zitzaigun nola askotan bukatzen zuen ‘a mandar, a mandar’ esaldiarekin. Espainia frankistako giroen adierazgarri iruditzen zait.

Hamarkada aldaketarekin hasi zen kooperatibarako trantsizioa. Enpresa handitzeko dirua behar zen eta ordurako Arrasaten lehen kooperatibak hasiak ziren bidea egiten. Migel Marik izan zuen haren berri eta filosofia gustatu egin zitzaion, langileak enpresaren parte izatea bat zetorren bere pentsamoldearekin. Harremanetan jarri zen kooperatiben arduradunekin eta tarteka ni ere eramaten ninduen bileretara, 6/7 urteko umea. Gogoan dut hitzaldi bat, Felix Aldabaldetreku izeneko hizlaria, eta iltzatuta geratu zitzaidan leloa: “desarrollo económico y social”. Urteen poderioz ulertu nuen esanahia eta jabetu nintzen helburuaren anbizioaz; gero ohartu izan naiz kooperatiben ibilbidean sarri ahuldu dela helburua bere bigarren partean, sozialean alegia.

Prozesu neketsua ondo burutu zen. Artean jabe ziren lau anaiek eskuzabal jokatu zuten, kooperatibista berrien ekarpenetarako maileguak bankuen aurrean abalatuz. Horrela, ia mende batez familiarena izandako enpresa 1962an kooperatiba bihurtu zen; aitak beste 7 urtez jarraitu zuen gerente. Garaiko oroitzapen bitxi bat datorkit. Migel Mari tematuta zegoen enpresako gazteen prestakuntzarekin, eta jarri ninduen 10 urte inguruko mutikoa nintzela ni baino 8/10 urte zaharrago ziren gizonei klaseak ematen. Zehazki kebradoak azaltzen gogoratzen dut nire burua egun batean. Gerora eskola jarri zuen enpresak maistra batekin.

Kooperatiba bihurtu ondorengo urte horietan hazkunde esponentziala izan zuen enpresak, ekoizpenean bezala lantaldean; baina horrekin batera arazoak ere hasi ziren eta azkenean lau Irizar anaietatik hiruk utzi egin zuten proiektua, nahiz aurrerago bat itzuli egin zen. Prozesua xehetasun handiz dago azalduta ORMAIZTEGI 1860-1970 liburu mardulean, zeina osaba Millanek, bere seme-alaba Xabier/Idoiak, eta Zeles Otamendik landu baitzuten urtez luzez eta pazientzia handiz. Haren harira Zelesek elkarrizketa sorta bat egin zuen, eta hemen dago niri egindakoa.

Irizar aldetik enpresaren kultura eta ardura jaso banituen, Karteronek kontzientzia politikoa eman zidan. Aipatu dut aitona Julian gorria zela, zehazki Manuel Azañaren Izquierda Republicana alderdikoa. Hiru osabak izan ziren gudari: Ignacio, jeltzalea; Juan Mari, sozialista; eta Xanti, ANVkoa. Frankistak hurbildu zirenean Intxaustitarrena izan zen familia bakarra Ormaiztegitik ihes egin zuena. Neke handiz Santanderreraino iritsi ziren, eta han aiton-amonek erabaki zuten etxera itzultzea, alabak eta osaba zahar bat Frantziara bidalita Sarastone itasontzian. Tartean gure ama izango zen Kontxa neskatila. Estatu kolpea gailendu ondoren errepresaliatuak izan ziren, gehienek pasatu behar izan zuten kartzelatik eta herrian seinalatuta geratu ziren. Baina ez ziren makurtu eta guri ez ziguten ezer ezkutatu. Amona Juanak argi esaten zigun: “Santanderretik bueltan Telleri-zahar erabat hutsik aurkitu genuen, baina asmatuko nuke herriko zein etxeetan dauden guri harrapatutakoak!”

Lezio eder bat ere eman zidan amona Juanak nerabezaroan. Artitris gogorra hasi zitzaion artean gazte zelarik, eta guk gogortuta ezagutu genuen, ibiltzeko ezintasun handiarekin. Baserriko gelan egiten zuen bizitza, sukaldera jaitsi ezinda, leihotik munduari begira eta irratia (Mariano Perrer) lagun. Gidabaimena atera nuenean, etxeko Zitroen bitxaldikoa baserriko ateraino sartu, suspentsio biguina baliatu muturra jaisteko eta lortu genuen amona autoan sartzea. Lehen egunean herriari egin genion buelta eta harrituta deskubritu zuen zenbateraino zegoen aldatuta. Hurrengoan kostaldera joan ginen (bera Aizarnazabalekoa zen) bere familiako kide sakabanatuak agurtuz, haiek zur eta lur, Juana pozik. Beste behin gobernu zibilera eraman nuen nortasun agiria berritzera, eta polizia autoraino etorri zitzaion hatz-markak hartzera; “ministroei bezala” esaten zuen Juanak harro, iraganeko sufrimentuen ordain txiki bat bailitzan. Bidai horiekin guztiekin oso hurbileko egin ginen biok; eta hurbiltasun hori baliatu nahi izan zuen familiak amona gaixotu zenean, nik konbentzitu nezan bere osasuna medikuen eskuetan jartzeko. Erretolika luze eta landua bukatu nuenean etorri zen Juanaren lezioa: “Oso ondo esan dituzu gauzak, apaizek eta Perrer-ek bezala; baina niri joateko ordua etorri zait, egin beharrekoak egin ditut dagoeneko. Ez naiz medikutan hasiko”.

Haurtzarora itzulita, bi pasarte datozkit gogora, bat lauso samar eta bestea oso bizirik. Lehena da Imanol seigarrenaren anaia jaio berri samar nola gaixotu zen txakurreztulaz (orain kukutxeztula) Kontu larria zen, bapatean ito eta hil zitekeelako. Medikuak aginduta, itoaldietan umea orkatiletatik helduta buruz behera jarri behar zuten eta bizkarrean kolpeak eman, arnasa bueltatu arte. Negu hotza zen (urrian jaio baitzen) eta sukaldea zen berotzeko moduko gela bakarra, ekonomikari esker. Ba gauero aitak eta amak haien koltxoia sukaldean botatzen zuten, Imanolekin bertan lo egiteko. Ez dakit zenbat iraun zuen egoerak, baina lorpen handia izan zen Imanol bizirik ateratzea. Bigarren pasartea irudi bat da: Jon anaia gazteena jaio berri, gure ama Kontxa eliz atarian aulki batean belaunikatuta eta parrokoa ur bedeinkatuaz patrifilioa egiten. Geroago jakin nuen elizaren ikuspegitik emakumea erditzean ‘lohitu’ egiten zela eta berriro elizan sartzerako apaizak purifikatu egin behar zuela. Eliz-sartzea edo entrática deitzen zioten umiliazio horri. Ona da atzera begiratzea gogoratzeko nondik gatozen.

Gauza bat eta bestea, haurtzaro xelebrea ari nintzen bizitzen. Esango nuke aitaren posizioak (gerente, alkate…) baldintzatu egin zuela nire adinkideekin izan nuen harremana. Aitak oso umetatik hartu ninduen bere ondoan gai seriotan, eta nagusien artera eramaten ninduen sarri, haietako bat sentiarazten. Horrek seguruenik heldutasun itxurazko bat ematen zidan, halako segurtasun moduko bat, nahiz benetan segurtasun ezaz beteta nengoen. Kontua da adin goiztiar horretan hasi nintzela adinkideekiko apur bar ezberdin sentitzen. Ondoren egin nuen ibilbideak sentipen hori areagotu besterik ez zuen egin.

Banuen beste aje bat ere lagunarterako: futbolean, pilotan, mendian edo zuhaitzerara igotzen ez nintzen batere trebea. Haurtzaroan fisikoki ahul samarra nintzen, biriketako arazoak izaten nituen sarri. Bi urte nituela pediatrak aholkatu zien gurasoei Errioxara joatea, giro lehorragoak on egingo zidala eta. Orduantxe jaioa zen senidetan bosgarrena, Ale, eta imajinatzen dut nola egongo zen ama; ba bost ume hartu, eta Laguardiara joan ginen bi hilabete pasatzera, labadora eta guzti. Nola diren gauzak, kamarada, uda hartan Fatima ere Laguardian zegoen, urte beteko panpoxa. Baina ez genuen orduan topo egin eta ia beste 20 urte pasatu behar izan ziren gure bideak txirikordatzeko.

Urteak aurrera, jaunartzea egiteko momentuan gorrina tokatu zitzaidan parean, baina hark ere biriketan eragin zidan eta itolarrika hasi nintzen. Gogoan dut nola aita tailarrera joan zen eta bueltan ekarri zuen okumezko karkasa moduko bat, gainean gardena, eta hura akoplatu zidan ohe gainean. Gero ekarri zuen soldatzeko oxigeno botila bat, pertsona baten altuerakoa, eta handik tutu bat sartu zuen karkasaren zulotxo batetik. Kontua zen arnasestuarekin oxigeno gutxi sartzen nuela biriketan, eta tutukoarekin aberastu egiten zen arnasten nuen airea. Jaunartzea handik aste pare batera egin genuen, Kontxi arreba gazteagoak eta atzean geratutako beste bizpahiru lagunek.

Birikak, beti birikak. Hurrengo erasoa pleuritis bat izan zen. Ordurako Flemming-ek aurkitua zuen penizilina eta botika moduan ere probatzen hasita zegoen, baina urteak falta ziren antibiotikoen erabilera masibora iristeko. Beraz, pediatrak sendabide naturalena proposatu zuen: denbora. Gorputzak berez konpontzen baititu arazo asko, horretarako astia eta aukera ematen bazaio. Hori bai, gerta daiteke gaitza osatzeko denbora askotxo behar izatea eta bitartean gorputzak dituen erreserbak xahutzea. Pediatrak bazekien ume potolotxoek irauteko aukera handiagoa zeukatela argalek baino, eta oso tratamendu bitxia proposatu zuen oraingoan: hilabete ohean mugitu gabe, ahalik eta gehien jaten, eta bereziki solomilloa. Oraindik ikusten nago anai-arreben inbidia aurpegiak, haragi gorri tajada haiek jaten nituen bitartean. Hilabete hartako soinu-banda ohean neukan transistoreak jarri zuen eta hit erabatekoa Moliendo café kantua izan zen. Hilabeteren bueltan, pleuritisa gaindituta eta ni puztuta: 30 kilorekin oheratu nintzen eta 38rekin jeiki. Nire gorputzeko zelulek eman egin zuten eta harrezkero oso erraz hartu izan ditut kiloak; zorionez baita kendu ere.

Azken osasun pasartea 15/16 urterekin izan zen. Gure etxeak bazuen ganbara bat erabiltzen ez genuena, eta otu zitzaidan han txoko bat egitea lagunekin egoteko, musika entzuten. Bihotz bakartien kluba izango zen, Beatlesen omenez. Baina ganbara hautsez sendatuta zegoen eta hura garbitzen egun oso bat eman ondoren arnasa erabat estutu zitzaidan. Asma alergikoa neukan eta kontuz ibili behar nuen hauts artean. Hala ere, klubari etekin pixka bat atera nion, eta asmarena Iruñean konpondu zidaten, bertara ikastera joan nintzenean.

Haur/nerabe hauskorra izan nintzen, baina geroztik osasun ona izan dut. Sei aldiz korritu dut Behobia-Donostia lasterketa, eta urterrik azkarrenean (1987an) 1:21:27ko denbora egitera iritsi nintzen. Asmatikoen artean onenetakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude