Egilearen artxiboa: arantzabal

Goienaren editoriala: Kazetaritzaren berezko ezaugarriei eutsi

Goienak erabaki du X sare sozialetik -lehengo Twitter- irtetea eta, ondorioz, albisterik ez zabaltzea bide horretatik. Hausnarketa aspaldi hasi zuen, Tokikomen baitan, baina higiene-neurri bat da maltzurkeriaz manipulatutako gune horretan ez publikatzea. Arrazoia da ez genukeela nahi gu ere hor gaudelako beste batzuk bultzatzea. Beste sare sozial batzuk badarabiltzagu, baina neurtuko ditugu gehiago. Goienak argitaratzen dituen edukiak zabaltzeko behar ditugu gureak ez diren lekuak, baina gure direnetan jarriko dugu indarra: dagoeneko ditugunetan eta sortuko ditugun berrietan.

Jakitun ginen: sare sozial horien atzean dauden jabeen helburu eta interesak eta Goienarenak mutur banatan daude. Goienak erabili egin ditu eta erabiliko ditu sareok; haiek Goiena erabiliko dute, baina saiatuko gara neurria gu jartzen. X-n zero eduki sartuko dugu, momentuz, bereziki, azken boladan hartu duen bideagatik, X-k kalte egiten diolako sinesgarritasunari, informazio kontrastatuari eta egiaren bilaketari. Hau da, Goienaren egiteko nagusiari: kazetaritzari. Kalte larriak: algoritmoen erabilera maltzurra, gezurrak, erabilera alderdikoia, hala moduzko publizitatea, haserrearen erakusleihoa eta eragilea, eskuin muturraren bozgorailua…

Kazetaritzaren berezko ezaugarriekin, euskararekin eta gertuko komunitatearekin bat datozen balioekin hobeto lotzen den alternatiba landu dugu. Gonbidatuko dugu komunitatea parte hartzera. Anai-arreba ditugun euskarazko toki hedabideekin batera hasiko gara erabiltzen aurki.

Egungoa ez da arorik eta egoerarik samurrena ez euskararendako eta ezta kazetaritzarendako ere. Eta testuinguru zail horri aurre egitea tokatzen zaie Goiena Komunikazio Taldearen moduko erakundeei; hau da, euskara elkarteak, Udalak eta lan-bazkideak- kazetariak gehienak- batzen dituen kooperatibari, batetik; baina baita, oro har, euskaraz eta euskararen alde diharduten erakunde, elkarte eta taldeei. Euskararen kontrako mezuak, erabaki judizialak, erabileran inpasea edo atzeraldia Debagoiena moduko eremu euskaldunetan…

Egoera horri aurre egiteko eta jokatzeko moduak arautzeko behar dira tresnak, neurriak, legeak… nork bere egiteko eta arduratik erantzun egokiak emateko. Goiena, tokiko beste euskarazko heda-bideekin batera, badoa urratsak egiten. Euskaltzaleen Topagunea bezala: Taupa Euskaltzaleen Mugimendua izango da aurrerantzean.

Berriki egindako aurkezpenean -Debagoieneko ordezkaritza zabalarekin- adierazi zuten moduan, euskarak eta Euskal Herriak jauzi bat behar dutelako, euskararen erabilera biderkatzeko bal-dintzak sortuz, datorrena erabileraren aroa izan dadin. Goienak hor jarriko du aletxoa: euskarara ahalik eta pertsona gehien erakarriz, periferiekin kontatuz eta denok komunitate bera osatzeko proiektu erakargarria sortuz. Berrasmatu, moldatu, eraginkor izan; euskaldunak, euskaltzaleak eta euskaldun ez direnak ere kontuan hartu; zintzo jokatu, testuingurua irakurri, euskal komunitatea handitzeko ahaleginean jarraitu. Lana da gure errezeta. Penak eta trapu zaharrak, etxe barrurako.

25 urte gertuko komunitatearekin

Lan munduan ere ari dira euskararen alde lanean, eta aurten, esaterako, Bikain euskararen kalitate-ziurtagiria jaso dute EAEko 45 enpresak, eta horietatik herenak Debagoienekoak dira. Horretan ere eskualdea aurrean.

Enpresa horien artean badira Ulma Taldekoak ere. Oñatiko kooperatiba taldeak abenduan egin du ekitaldi berezia Gandiaga Topagunean, lantegietan euskara plana ezarri zuteneko 20. urteurrena ospatzeko.

Argi-ilunekin badoa urtea, eta borobila izango den 2025ari egingo diogu ondo etorria egun gutxi barru. Borobila, besteak beste, 25 urte beteko dituelako Goienak. Gertuko komunitatearekin ospatzeko baliatu nahi dugu. Urratsak, elkarrekin, egiten segitzeko eta proiektuak gauzatzeko. Euskaraldiaren urtea ere izango da. Aktibaziorako daukagun tresnarik onena. Ilusioz egingo dugu bat. Urte berri on euskarari, kazetaritzari eta gertuko komunitateari!

oh.: Goienak ateratako editoriala urtekarian.

2deo inauguratuta, prototipoak lantzeko laborategia sektorearen eskura

Albiste hau hainbat hedabidek landu dute. Hemen bilaketa bizkor batekin topatutakoak:

Gehiago ere badira, eta Twitterren iritziak ere eman dituzte hainbatek. Kuriosoa egin zait bakoitzak zer nabarmendu duen ikustea, zein argazki aukeratu, titularra… kazetaritza egiteko moduak, azken baten.

 

Elkarrizketa Oiartzun Irratian kazetaritzaz-edo

Badira elkarrizketa landuak eta ez hain landuak direnak. Kasu honetan, Imanolek eta Olatzek egindakoa lehenengo multzokoa izan da, landua. Oinarria izan du Udaltopen egindako aurkezpena. Oso modu eta giro egokian egindakoa, gainera. Eskerrik asko kontuan hartzeagatik, Martin Kitto. Bide batez, gustatu zait Morauren sintonia duen saio batean parte hartzea 🙂

140 karaktere ere eskatu zizkidaten bukaeran: Oiartzun irratiak egiten dituen elkarrizketa sakon hauetan mamirik topatzea ere badago, batzuetan arraspatu egin beharko da topatu ahal izateko, baina titular bat baino gehiago lortzeko modua izan du irratiak.

Horrela argitaratu du Oiartzun Irratiak:

Iban Arantzabalekin mintzatu gara Goienaren kazetaritza ereduaz

Gaurkoan “Arma Txio Pum” saioan kazetaritza ereduez hitz egin dugu Iban Arantzabalekin. Goienaren kazetaritza eredua eta “beste batzuena” alderatu ditugu.
Elkarrizketa Oiartzun Irratiaren webgunean duzue entzungai. Egin klik hemen, eta zuzenean entzuteko edo mp3an jaisteko aukera duzue.
Kazetaritzarekin lotuta, hainbat gai aztertu ditugu Ibanekin: Kazetaritzak objektiboa izan behar du? Merezi du objektiboa izateko ahalegina egitea? Nola gauzatzen da hori Goienan? Zer-nola baldintzatzen du Goienaren jarduna finantzazioaren diruaren parte handi bat udalek jartzeak? Alderdi politikoek ez al dute tentaziorik Goienaren edukiak kontrolatzeko?
Baina ez pentsa teoriaren lainoetan ibili garenik. Praktikara ere jaitsi gara.
Batetik, guasap bidez azken orduko albiste lazgarri baten berri izan dugu, eta… Ausartu al da Iban albistea Goienan argitaratzen?
Bestetik, elkarrizketaren bukaeran Ibanek berak jarri dio izenburua elkarrizketari. Eskerrik asko, Iban! Lan bat gutxiago guretzat.
Elkarrizketa honen oinarrian Iban Arantzabalek Lasarte-Oriako Udaltop topaguneko jardunaldietan gai honen bueltan egindako aurkezpena dago.
Hementxe duzue aurkezpena:

“Arma Txio Pum” ostiralero 12:00etan ematen dugu Oiartzun Irratian, eta segituan jartzen dugu webgunean mp3an jaisteko eta entzuteko.

Aldizkari digital aberastua aterako dugu Tokikomekin

Goiena adizkarian elkarrizketa txiki bat atera dute batzar orokorraren aitzakian. Hori horrela, han aipatu dut aldizkari berri bi aterako ditugula. Hauxe elkarrizketa (esan daitekeenarekin, momentuz:-)

 

Batzar orokorra egin zuen atzo Goiena Komunikazio Taldea Kooperatiba Elkarteak. Ziurgabetasun egoera honetan, urte ona izan du kooperatibak. Iban Arantzabal zuzendari nagusiak eman ditu azalpenak.

 

 

 

 

 

 

  • Urtea nola amaitu du Goienak, diru kontuei dagokienez? Parra egin dugu. Goiena irabazi asmorik gabeko kooperatiba da eta ez gara inoiz ibiltzen oso airoso. Urteren batean nasaiago ibili gara eta gehienetan okerrago. Goienarena, eta orokorrean euskal hedabideona, gerra ekonomia izaten da, tamalez.
  • Iaz egindakoen artean ze nabarmenduko zenuke? Oso isilean pasatzen den kontu bat. Goienaren kazetaritzari sinesgarritasuna ematen diote bezeroek. Hori lantzen dugu inurrien moduan lan eginda, eta oso zaila den arren informazio plural eta sinesgarria egitea, gaur da eguna ez gaudena ezkonduta ez alderdi politiko batekin, ez ezelako botere ekonomikorekin. Hori da gakoetako bat norbanakoen, komunitatearen eta erakundeen arteko komunikazio beharrak modu masiboan asetzeko eta informazio-liderrak izateko eskualdean gaztelerazko hedabideen aurretik.
  • Aldizkari digital aberastua ateratzekotan zarete. Zertan da? Uztailean ikusiko du argia. Enpresa berri batek kudeatuko du eta Tokikom dago gaian zentratuta. Goienako egoitzan egingo da, baina ez da Goienarena bakarrik. Kataluniako enpresa bat ere badago tartean, eta Durangaldeko Anboto eta Zumaiako Baleike ere badaude proiektuan.
  • Jaso berri dituzue audientzia datuak. Onak dira? Beste behin, Goiena aldizkaria da nagusi eskualdean, askogatik, eta irakurleak irabazi ditu: Gipuzkoan 45.000 irakurle ditu astero eta Debagoienean 38.000. Paperekoen joera da behera egitea, baina ez da gure kasua. Bestetik, Goiena telebistak eutsi egin dio, eta, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko eskaintza ugariaren aurrean, hori ona da: 6.000 ikus-entzule ditu egunero. Azkenik, nabarmentzekoa da Goiena.eus-en gorakada, %25Ekoa; 7.000 bisita ditu egunero.
  • Egoitza berritzeko asmoa duzue. Arrasateko egoitza txukundu egin genuen barrutik, inbertsio minimoekin, eta oraindik inbertsio horiek ordaintzen gabiltza. Dena den, eraikinak leiho asko ditu eta hotz denean kanpoan energia xahutzen dugu barrua berotzen eta alderantziz. Fatxada konponduko dugu aurten bertan eta inbertsio honekin energiaren %40 aurreztea espero dugu.

Santo Tomas-en ez baita mundua amaitzen

Asteburu honetan kexaz irakurri dut hainbat lagun Bizkaiko bertsolari txapelketaz ez zihardutelako Euskal Herri mailako hedabideek. Kontrakoa ere gertatzen da ba… Aurreko asteburuan Bilbo desagertu bazen, gaur Bilbok desagerrarazi ditu gainontzekoak. Ondo dago Santo Tomas feria astelehenera pasatu izana eta komertzioen eskaerari men egin izana, eta Bilbo dela benetako ziutatea gurean, eta… baina Bilboz harantzago ere badago ba jairik… Badago mundurik. Bueno, bilbotarrendako ez dakit, baina beharko luke Euskal Herriko hedabideendako, edo? Gaur lanera etorri naizen herri honetan, esaterako, Santamas da. Jaigiro aparta, urteak eta urteak ospatzen dabiltzana (650 urtetik gora bai) eta komunikazioan ahalegin handia egin duen taldea dago atzetik, kartelak komisiokoek beraiek pegatzerainokoa, pentsa. Webgunea ere badute, santamas.com eta baita eskuko telefonoetarako aplikazioa ere Androiderako. Jaiok jarraipena izango dute, noski, tokian tokiko hedabideetan. Bilbokoak Uriolan eta Arrasatekoak Goienan. Tokian tokiko ez den hedabideren batek Arrasatekoei jarraipena egingo diola badut esperantza, baina Bilborekin itsutuko direnak ez dira gutxi izango. hain da handia Bilbo, eta hain txiki hiriburuez haraindikoa… Eskerrak txikia baden gozagai. Gertuko komunikabideetan jarraipena Bilbokoari eta Arrasatekoari: – http://uriola.eus/bilbo/1418905852053 – http://goiena.eus/arrasate/1419236474731

Zabaldu berri Santamas feria Arrasaten.

Zabaldu berri Santamas feria Arrasaten.