Goienak erabaki du X sare sozialetik -lehengo Twitter- irtetea eta, ondorioz, albisterik ez zabaltzea bide horretatik. Hausnarketa aspaldi hasi zuen, Tokikomen baitan, baina higiene-neurri bat da maltzurkeriaz manipulatutako gune horretan ez publikatzea. Arrazoia da ez genukeela nahi gu ere hor gaudelako beste batzuk bultzatzea. Beste sare sozial batzuk badarabiltzagu, baina neurtuko ditugu gehiago. Goienak argitaratzen dituen edukiak zabaltzeko behar ditugu gureak ez diren lekuak, baina gure direnetan jarriko dugu indarra: dagoeneko ditugunetan eta sortuko ditugun berrietan.
Jakitun ginen: sare sozial horien atzean dauden jabeen helburu eta interesak eta Goienarenak mutur banatan daude. Goienak erabili egin ditu eta erabiliko ditu sareok; haiek Goiena erabiliko dute, baina saiatuko gara neurria gu jartzen. X-n zero eduki sartuko dugu, momentuz, bereziki, azken boladan hartu duen bideagatik, X-k kalte egiten diolako sinesgarritasunari, informazio kontrastatuari eta egiaren bilaketari. Hau da, Goienaren egiteko nagusiari: kazetaritzari. Kalte larriak: algoritmoen erabilera maltzurra, gezurrak, erabilera alderdikoia, hala moduzko publizitatea, haserrearen erakusleihoa eta eragilea, eskuin muturraren bozgorailua…
Kazetaritzaren berezko ezaugarriekin, euskararekin eta gertuko komunitatearekin bat datozen balioekin hobeto lotzen den alternatiba landu dugu. Gonbidatuko dugu komunitatea parte hartzera. Anai-arreba ditugun euskarazko toki hedabideekin batera hasiko gara erabiltzen aurki.
Egungoa ez da arorik eta egoerarik samurrena ez euskararendako eta ezta kazetaritzarendako ere. Eta testuinguru zail horri aurre egitea tokatzen zaie Goiena Komunikazio Taldearen moduko erakundeei; hau da, euskara elkarteak, Udalak eta lan-bazkideak- kazetariak gehienak- batzen dituen kooperatibari, batetik; baina baita, oro har, euskaraz eta euskararen alde diharduten erakunde, elkarte eta taldeei. Euskararen kontrako mezuak, erabaki judizialak, erabileran inpasea edo atzeraldia Debagoiena moduko eremu euskaldunetan…
Egoera horri aurre egiteko eta jokatzeko moduak arautzeko behar dira tresnak, neurriak, legeak… nork bere egiteko eta arduratik erantzun egokiak emateko. Goiena, tokiko beste euskarazko heda-bideekin batera, badoa urratsak egiten. Euskaltzaleen Topagunea bezala: Taupa Euskaltzaleen Mugimendua izango da aurrerantzean.
Berriki egindako aurkezpenean -Debagoieneko ordezkaritza zabalarekin- adierazi zuten moduan, euskarak eta Euskal Herriak jauzi bat behar dutelako, euskararen erabilera biderkatzeko bal-dintzak sortuz, datorrena erabileraren aroa izan dadin. Goienak hor jarriko du aletxoa: euskarara ahalik eta pertsona gehien erakarriz, periferiekin kontatuz eta denok komunitate bera osatzeko proiektu erakargarria sortuz. Berrasmatu, moldatu, eraginkor izan; euskaldunak, euskaltzaleak eta euskaldun ez direnak ere kontuan hartu; zintzo jokatu, testuingurua irakurri, euskal komunitatea handitzeko ahaleginean jarraitu. Lana da gure errezeta. Penak eta trapu zaharrak, etxe barrurako.
25 urte gertuko komunitatearekin
Lan munduan ere ari dira euskararen alde lanean, eta aurten, esaterako, Bikain euskararen kalitate-ziurtagiria jaso dute EAEko 45 enpresak, eta horietatik herenak Debagoienekoak dira. Horretan ere eskualdea aurrean.
Enpresa horien artean badira Ulma Taldekoak ere. OƱatiko kooperatiba taldeak abenduan egin du ekitaldi berezia Gandiaga Topagunean, lantegietan euskara plana ezarri zuteneko 20. urteurrena ospatzeko.
Argi-ilunekin badoa urtea, eta borobila izango den 2025ari egingo diogu ondo etorria egun gutxi barru. Borobila, besteak beste, 25 urte beteko dituelako Goienak. Gertuko komunitatearekin ospatzeko baliatu nahi dugu. Urratsak, elkarrekin, egiten segitzeko eta proiektuak gauzatzeko. Euskaraldiaren urtea ere izango da. Aktibaziorako daukagun tresnarik onena. Ilusioz egingo dugu bat. Urte berri on euskarari, kazetaritzari eta gertuko komunitateari!
oh.: Goienak ateratako editoriala urtekarian.