Auzolana: Molinar ubidea


Molinar ubidea

Eliz atariko auzolanean ari zirenei argazkiak egiten nenbilela, esan didate:
–¿Les has hecho fotos a los del auzolan de la acequia Molinar? Estarán hasta las 11.

Ez dute euskaraz berba egiten, hala ere euskal hitz asko eta asko darabiltzate eguneroko bizitzan. Erretena garbitzen ari zirenengana joan eta Jesus Mari Aoizek eman dizkit azalpenak. Berbetan ari ginela, momentu baten esan dit: “Todo lo que retiramos de la acequia, lo echamos a la zaborra“. Eskuaz keinua eginda, pilatutako zikinkeria erakutsi dit, zaborra erakutsi dit. Esan behar dut grazia egiten didala entzuteak nola ahoskatzen dituzten hitz horiek, zeta horiek, gaztelaniaren ahoskeraz!

Mendiko oinetakoak ditudan arren, zikindu edo busti egingo ote naizen kezka dute, belarrak bustita daudelako eta lokatza dagoelako. Sekulako kiratsa dario erretenetik ateratzen duten lokatzari!

Ura moztuta dugu orain; berriz pasatzen hasten denean, hasieran arre-arre ikusiko duzu eta segidan garbi-garbia. Minutu batzuren kontua baino ez da.
Hala izan da. Hamaiketakoa jateko prest daude, Zazpiturrieta iturriaren ondoan.

 Hamaiketakoa-almuerzo
  -Egun on, Jesus Mari. Azalduko didazu zer egiten duzuen auzolan hau aurrera eramateko?
Ubidearen garbitze-lanak urtean bitan egiten dira, maiatzean eta ekainean. Horretarako, Ureztatze-batzordeak deialdia egiten du idatziz, eta bertan azaltzen du zein egunetan garbituko den. Beti izaten da larunbatean eta goizez, goizeko 8etan hasi eta 11k aldera amaitu; 20-30en bat lagun biltzen gara, denak borondatez.
Erretena 30 baratzez dago osatua eta 9 hektareako azalera du (90.000m2). Erretena 94an egin zuten.
Orain errazagoa da garbitzea, lehen lur-arrasean zihoanez, belarrak eta lurra garbitu beharra zegoen. Aspaldi baten, erretena garbitzera joaten zenak kobratu egiten zuen, lan oso neketsua baitzen.
-Deialdia egin eta…, ba al dakizue zenbat lagun azalduko den?
Ez, baina beti etortzen dira, erretena garbi mantentzea denontzat baita mesedegarri, eta auzolanean eginez gero, askoz errazagoa!

-Ureztatze-batzordea aipatu duzu…
Ureztatze-batzordea osatzen dute baratzea aldamenean duten bi lagunek. Udaberrian egiten da batzorde-aldaketa, beraz laster izango dugu berria, eta hurrengo batzordean egongo dira oraingoen aldamenean baratzeak dituztenak, eta horrela hurrenez hurren.
Eskerrik asko, guztioi.

Hamaiketakoa-almuerzo