Martxoaren 8a ailegatu eta artikuluak eta artikuluak emakumeon gainean. Oraingo honetan, neuk ere idatziko dut zer edo zer emakumeez, bi emakumeren gainean. Batak bizitza eman zidan; besteari neuk eman nion.
Ama…, amatxo
Ebariste Elu Aristondo Berriatuako (Bizkaia) GARRO baserrian jaio zen; Gurutzetako hospitalean hil, minbiziak jota (1910-10-26/1980-09-23).
Baserritarra. Nola maite zuen baserria, lurra…! Ondarroako plazara joaten zen esnea eta ortuko gauzak saltzera: gurdi berdea, eta hari tiraka “Rubia” behorra.
Domeka arratsaldeetan amari laguntzen nion plazako gauzak prestatzen: porruei lurra kendu, sagarrak ondo-ondo igurtzi zapi batekin dirdiratsu laga arte, gero otzaretan sartu. Intxaurrak, itxurosoenak; arrautzak ere handienak eta gorri koloredunak. Saskiaren hondoan lastoa jarri eta… hala! arrautzak banan-banan jarri eta kontu handiz, apurtu ez zitezen. Jolasa zen niretzat, bixiketan nenbilela ematen zuen.
Plazatik itzultzen zenean, baserrian ez genuen fruta ekartzen zuen: platanoak, laranjak… Aste Santuak beti lotzen ditut laranjak eta erroskilekin, orduantxe bakarrik jaten genituen eta.
Gazte zela laga behar izan zion eskolara joateari. Soineko bat baino ez zeukan, beltza –ama hilda zuen–, eta soineko hura garbitu eta, sarritan, ondo sikatu barik zegoela jantzi eta… eskolara. Eguzkiaren berotasunaz lurruna ateratzen zitzaion. Eta, behin, hala ailegatu omen zen eskolara, eta maistra kastellanak:
“¡Se está quemando, se está quemando!” esan, eta bizkarrean joka hasi omen zitzaion sua zelakoan. “Ze somanta emostan, manka-manka eginda laga nindun”. Nola egiten zuen barre pasadizo hura kontatzean! Umore onekoa genuen.
Eskolara gutxi joandakoa bazen ere, ederto moldatzen zen gastelaniaz eta frantsesez.
Medikuarenera, espezialistarenera, Bilbora joaten ginen. Kontsulta amaitu eta sendagileari galdetzen zion:
–Diga, doctor, ¿cuánto me va a quitar?
Eta sendagileak, serio-serio, harridura aurpegia jarrita:
–¡Señora, yo no le voy a quitar nada! Le voy a cobrar como a todo el mundo.
Gure neba zaharra taxista zen. Etxean, ondiokan, ez genuen telefonorik eta sarritan etortzen ziren bezeroak etxera taxia enkargatzera. Behin, kanpotar batzuk etorri ziren; Bilbora joan nahi zuten. Amarekin ari ziren tratua egiten, eta, halako baten, gizonak galdetu zion gure amari:
–Señora, y… ¿el taxi tiene baca?
–¿El taxi vaca? –gure amak–. ¡No, hombre, no! ¡Si ahora los automoviles van con motor!
Ze barreak, gauean neba etxera etorri eta kontatu genionean! Ondiokan ere barregurea ematen dit niri gogoratzean.
-Ama, zu, baserritarra jaxo eta baserritarra hilgo zaz. Ezeben, ba, barre gitxi eingo zeure konture!
Gerra amaituta, Hondarribira etorri ziren gurasoak beharrera, lanera, Ondarroan ez zioten-eta beharrik ematen gure aita zenari gorrien alde egin zuelako, eta jende askori lagundu ziolako menditik zehar ihes egiten. Lau seme-alaba zituzten orduan, beste guztiok hemen, Hondarribian jaioak gara.
Aireportu ondoko eskabetxean, arrain-fabrikan, ibili zen beharrean; kupelgilea zen. Hondarribiko baserrietako makina bat sagardo-kupel konpondutakoa zen!
Ama Hendaiara joaten zen lanera, horrela ikasi zuen frantsesa, beharrak eraginda. Muga pasatzean, gendarmeek dokumentazioari begiratu eta esaten omen zioten:
–Madame, vous êtes Elu?
–Oui, je suis Elu, élue pour travailler –erantzuten omen zien berak–.
Hondarribitik, ostera ere, baserrira itzuli ziren, eta baserritik Ondarrura. Amaren ilusioa, berriz, Bidasoaldera bueltatzea zen: Donostia gertu, Baiona ere, Irun… hiri handia; aukera asko beste zerbait egiteko, Ondarroan bizitzeak eskaitzen ez zituenak. Bere ametsa bete gabe hil zitzaigun.
oso polita amatxo!!! ze pena amama ezagutu ez izana, ala ere zugandik jasotzen dut bera zena. Muxu bat, nere artikuluaren zain geratzen naiz.