Eta zu zergatik ez?
Anima zaitez!
Eta zu zergatik ez?
Anima zaitez!
Biologoak edo hizkuntzalariak izan gabe ere, jakin badakigu hizkuntzek, espezie biologikoek bezala, gutxieneko baldintza batzuk behar dituztela bizirik irauteko. Baldintza horiek honakoak dira: gutxieneko kide kopurua (emeak eta arrak, jakina) eta lurralde edo ingurune egokia, hau da, habitat egokia. Bigarrenari dagokionez, argi dago euskarak mende luzeetan zehar bera baino handiagoak diren bi hizkuntzarekin bizi behar izan duela lurralde berean. Eta nork ez daki handiak txikia jaten duela.
Dena den euskarak eutsi dio eta eutsiko dio etorkizunean ere, eta honen adibide garbia dira euskara ikasten dabiltzanak, guk, euskaldun zaharrok euskaldun berriak deitzen diegunak, hizkuntza batentzat benetako altxorrak direnak.
Tamalez, gaur egun, gure herri honetan,Bergaran, euskara ikasten dabiltzanak zail daukate ikasitakoa erabiltzeko habitat egokia aurkitzea; bai lotsak edo beldurrak eraginda, bai inguru erdaldunak eraginda edo askotan euskaldun zaharrok (betidanik euskaraz dakigunok, inongo esfortzurik gabe euskaraz hitz egiten dugunok) dauzkagun jarrerek eraginda.
Hau honela izanik, ikasturte honetan ere eta euskararentzako eta euskara ikasten dabiltzanentzako habitat egokiak sortu nahian, Berriketan egitasmoa martxan jarriko dugu. Pasa den ikasturteko emaitza onak ikusita, aurten ere bi lan ildo jorratuko ditugu.
Berba-lagunak: Astean behin elkartzen dira, beraiei komeni zaien ordu eta lekutan. Euskaldun zahar eta berrien arteko tertulia da helburua, azken hauek euskaraz lasai hitz egiteko aukera izatea . Ez da ikasle edo irakasle rolik egongo, bi, hiru, edo lau lagun elkartu eta euskaraz berba egitea nahikoa da.
Aste bukaerak: Urtean zehar ekintza ezberdinak antolatuko dira: afariak, mendi irteerak, irteera kulturalak… Hauetara euskaldun zaharrak eta berriak joango gara, giro euskaldun batean ondo pasatzeko helburuarekin.
Garbi dago beraz, euskaldun berri eta zaharren artean gauzatzen den egitasmoa dela Berriketan. Egitasmoan parte hartu nahi edo informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, deitu 943760819 telefonora.
Anima zaitez!
Ikasturte amaierako afaria
Berriketan egitasmoaren lehen ikasturtea amaitu da. Esperientzia ezin hobea izan dela esan behar; hamaika taldetxo sortu ditugu eta euskaldun berriei euskaraz lasai hitz egiteko guneak eskaini dizkiegu. Helburuak bete ditugu.
Ikasturteari amaiera ofiziala emateko afaria egin genuen Oxirondo elkartean, bertara egitasmoko parte hartzaile guztiak zeuden gonbidatuta eta azkenean taldetxo polita elkartu ginen.
Datorren urtean ere egitasmoak jarraitu egingo du. Irailean talde berriak sortzea espero dugu eta jadanik martxan daudenei jarraipena ematea. 2006-2007 ikasturtearekin batera Berriketan egitasmoak ere bere bigarren etapari emango dio hasiera. Egon adi eta anima zaitez!
Jardun, Bergarako AEK, Bergarako Udal Euskaltegia eta Bergarako Udalaren artean abian jarri den Berriketan egitasmoaren ikasturteko azken txanpa eta balorazioak egiteko ordua heldu da. Honetarako afari bat egingo dugu eta bertara Bergaran dauden 11 berbalagun taldeetako partaideak, egitasmoaren antolatzaileak eta nahi duen edonor etor daiteke. Afariaren helburuak, berriketan kideak berriro elkartu, egitasmoaren balorazioa egin, eta afariaz gozatzea izango dira.
Afaria ekainaren 30ean Bergarako Oxirondo elkartean egingo da. Etorri nahi duenak eman dezala izena Jardun Elkartean (943760819/943763661)edo idatzi berriketan@topagunea.com helbidera
Beste herri askotan bezala, Bergaran ere euskararen erabilera bultzatu eta euskara ikasten dabiltzanei aukera berriak eskaini nahian, mintza lagun, berba lagun, gure kasuan BERRIKETAN egitasmoa jarri dugu abian.
Jardun Euskara Elkarteak, Udal Euskaltegiak, Akulu AEK euskaltegiak eta Bergarako Udaleko Euskara Batzordeak bultzatutako egitasmoa dugu, euskara ikasi eta erabiltzeko arazoa duten pertsonen esfortzua baloratu eta bultzada eman nahian.
Eta blog hau ere egitasmo horren jarraipena egiteko tresna duzu.
Beste esperientzia batzuk kontuan izanda, berba-lagun taldeak antolatu ditugu; hau da, euskaldun zahar bat eta bi euskaldun berriz osatutako hirukoteak. Astean behin elkartu eta kafetxo bat hartuaz, pasioan edo nahi dutena eginaz euskaraz berba egingo duten hirukoteak. Egitasmo honi esker euskara ikasleek, egunerokotasunean aurkitzen ez duten inguru euskalduna lortzen dute, beldur, lotsa edo oztoporik gabe berba egiteko; eta euskaldun zaharrek euskara modu zuzenean bultzatzeaz gain jende berria ezagutu eta lagunak egiteko aukera daukate.
Egitasmo berria izanda, beldur izan ginen hasieran, hartuko al du jendeak parte? Lortuko al ditugu egitasmorako horren beharrezkoak diren euskaldun zaharrak? Egunerokotasun estresagarri honetan asteko ordu bete bat berriketan egiteko erabiliko duten euskaldun zaharrak? Pozik jaso dugu bergararron erantzuna, euskaldun zahar mordo batek eman du izena egitasmoan eta hamaika taldetxo martxan daude jada!
Euskarak herriko gune berriak bereganatu ditu!