Urte berri on!

Urte berri on!

Erori zaigu 2007 urtea gainera, eta besoetan gogoz hartu dugu. Urte hasiera honetarako antolatu dugu jada ekintza erakargarri bat, urtarrilaren 27an Igartubeiti baserri museora egingo dugu irteera, Arrasateko Zahar Berri egitasmoko kideekin batera! Izen emateko  edo informazio gehiagorako deitu jardunera;  943763661telefonora.

Honetaz gain sekretu txiki bat ere badaukagu, Blog honetaz gain web gune estatiko bat ere egiteko lana hartu dugu, bertan Berriketan egitasmoaren informazio finkoa  egoteko, eta jada webzirriborro bat egin dugu, zure iritzia ere jakin nahiko genuke publiko egin aurretik,  egin klik hemen, web txiki hau ikusteko. Zer iruditzen zaizu?

Besterik gabe, urte hona izan dadila guztiontzat, animo eta eutsi goiari!

Aste bukaeretan ere euskaraz!

Berriketan egitasmoan berba lagunak ditugu oinarri, astean zehar elkartu eta euskaraz berba egiten duten hirukoteak. Dena den, urtean zehar aste bukaeretan ere antolatuko ditugu irteerak; hauen helburua euskaldun berriek, egun hauetan ere, euskaraz hitz egitea da, mendi buelta emanez, irteera kultural batean…

Azaroaren 1ean egingo dugu lehen irteera, mendi irteera hain zuzen. 9etan frontoian elkartuko gara, Arantzazura joan eta han Arrasateko taldearekin bat egingo dugu. Ondoren guztiok batera Urbiara igoko gara (poliki-poliki). Bertan pintxo eta salda bat hartu eta ausartenak Aizkorrira! Besteak lasai-lasai egon eta gero denok batera buelta etxera!

Animatzen al zara? Euskaraz hitz egin nahi dutenei lagundu, jendea ezagutu eta mendi buelta ederra eman!

Etorri nahi baduzu deitu  943763661 telefonora

Ez gara bakarrak!

Ba ez! Ez gara bakarrak! Gure moduan badira Blogak eta berba lagunak lotzen dituzten taldeak. Lea Artibaian aurki dezakegu honen adibide bat, bertako berba lagunek beraien blog propioa daukate.

Egin klik hemen

Beraien helburua gurearen berdina. Honela irakur dezakegu blogaren aurkezpenean:

Berbalagun egitasmoak euskaldun zahar eta berriak harremanetan ipintzeko helburu dauka. Euskaraz hitz egiteko eta eskualdean harreman sare bat sortu eta osatzeko bi taldeen artean.

Martxan da jada!

Berriketan egitasmoak eman dio hasiera ikasturte berriari, poliki-poliki pasa den ikasturteko taldeak martxan jartzen dabiltza eta izen emate kanpina ere habian da.

Orain daukazue aukera euskarari bultzada eman eta euskaldun berriei laguntzeko, anima zaitez eta eman izen Berriketan egitasmoan!

Gainera, badakigu herrian hainbat pertsonek zailtasunak dituztela  euskaraz hitz egiteko. Nahi bai, baina  inguru egokirik aurkitu ez; lotsak eraginda, beldurrak, euskaraz dakien inor ezagutu ez…

Euskaltegira joateko astirik ez baina esfortzu txiki bat egiteko prest bazaude, astean ordubetez euskaraz hitz egiteko ahalegina egiteko prest bazaude, hau da zure aukera!

Zabaldu zure lagunei, ezagutzen duzun euskaltzale edo euskaldun berriari, euskara jakin bai baina beti erdaraz dabilen horri.

Ikasturte honetan ere Berriketan!

Biologoak edo hizkuntzalariak izan gabe ere, jakin badakigu hizkuntzek, espezie biologikoek bezala, gutxieneko baldintza batzuk behar dituztela bizirik irauteko. Baldintza horiek honakoak dira: gutxieneko kide kopurua (emeak eta arrak, jakina) eta lurralde edo ingurune egokia, hau da, habitat egokia. Bigarrenari dagokionez, argi dago euskarak mende luzeetan zehar bera baino handiagoak diren bi hizkuntzarekin bizi behar izan duela lurralde berean. Eta nork ez daki handiak txikia jaten duela.
Dena den euskarak eutsi dio eta eutsiko dio etorkizunean ere, eta honen adibide garbia dira euskara ikasten dabiltzanak, guk, euskaldun zaharrok euskaldun berriak deitzen diegunak, hizkuntza batentzat benetako altxorrak direnak.

Tamalez, gaur egun, gure herri honetan,Bergaran, euskara ikasten dabiltzanak zail daukate ikasitakoa erabiltzeko habitat egokia aurkitzea; bai lotsak edo beldurrak eraginda, bai inguru erdaldunak eraginda edo askotan euskaldun zaharrok (betidanik euskaraz dakigunok, inongo esfortzurik gabe euskaraz hitz egiten dugunok) dauzkagun jarrerek eraginda.

Hau honela izanik, ikasturte honetan ere eta euskararentzako eta euskara ikasten dabiltzanentzako habitat egokiak sortu nahian, Berriketan egitasmoa martxan jarriko dugu. Pasa den ikasturteko emaitza onak ikusita, aurten ere bi lan ildo jorratuko ditugu.
Berba-lagunak: Astean behin elkartzen dira, beraiei komeni zaien ordu eta lekutan. Euskaldun zahar eta berrien arteko tertulia da helburua, azken hauek euskaraz lasai hitz egiteko aukera izatea . Ez da ikasle edo irakasle rolik egongo, bi, hiru, edo lau lagun elkartu eta euskaraz berba egitea nahikoa da.

Aste bukaerak: Urtean zehar ekintza ezberdinak antolatuko dira: afariak, mendi irteerak, irteera kulturalak… Hauetara euskaldun zaharrak eta berriak joango gara, giro euskaldun batean ondo pasatzeko helburuarekin.
Garbi dago beraz, euskaldun berri eta zaharren artean gauzatzen den egitasmoa dela Berriketan. Egitasmoan parte hartu nahi edo informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, deitu 943760819 telefonora.
Anima zaitez!

IKASTURTE AMAIERAKO AFARIA

Ikasturte amaierako afaria

Berriketan egitasmoaren lehen ikasturtea amaitu da. Esperientzia ezin hobea izan dela esan behar; hamaika taldetxo sortu ditugu eta euskaldun berriei euskaraz lasai hitz egiteko guneak eskaini dizkiegu. Helburuak bete ditugu.

Ikasturteari amaiera ofiziala emateko afaria egin genuen Oxirondo elkartean, bertara egitasmoko parte hartzaile guztiak zeuden gonbidatuta eta azkenean taldetxo polita elkartu ginen.

Datorren urtean ere egitasmoak jarraitu egingo du. Irailean talde berriak sortzea espero dugu eta jadanik martxan daudenei jarraipena ematea. 2006-2007 ikasturtearekin batera Berriketan egitasmoak ere bere bigarren etapari emango dio hasiera. Egon adi eta anima zaitez!

Azken Txanpan…Afaria!

Jardun, Bergarako AEK, Bergarako Udal Euskaltegia eta Bergarako Udalaren artean abian jarri den Berriketan egitasmoaren ikasturteko azken txanpa eta balorazioak egiteko ordua heldu da. Honetarako afari bat egingo dugu eta bertara Bergaran dauden 11 berbalagun taldeetako partaideak, egitasmoaren antolatzaileak eta nahi duen edonor etor daiteke. Afariaren helburuak, berriketan kideak berriro elkartu, egitasmoaren balorazioa egin, eta afariaz gozatzea izango dira.

Afaria ekainaren 30ean Bergarako Oxirondo elkartean egingo da. Etorri nahi duenak eman dezala izena Jardun Elkartean (943760819/943763661)edo idatzi berriketan@topagunea.com helbidera