BERRIKETAN AURKEZPENA

Beste herri askotan bezala, Bergaran ere euskararen erabilera bultzatu eta euskara ikasten dabiltzanei aukera berriak eskaini nahian, mintza lagun, berba lagun, gure kasuan BERRIKETAN egitasmoa jarri dugu abian.
Jardun Euskara Elkarteak, Udal Euskaltegiak, Akulu AEK euskaltegiak eta Bergarako Udaleko Euskara Batzordeak bultzatutako egitasmoa dugu, euskara ikasi eta erabiltzeko arazoa duten pertsonen esfortzua baloratu eta bultzada eman nahian.

Eta blog hau ere egitasmo horren jarraipena egiteko tresna duzu.

Beste esperientzia batzuk kontuan izanda, berba-lagun taldeak antolatu ditugu; hau da, euskaldun zahar bat eta bi euskaldun berriz osatutako hirukoteak. Astean behin elkartu eta kafetxo bat hartuaz, pasioan edo nahi dutena eginaz euskaraz berba egingo duten hirukoteak. Egitasmo honi esker euskara ikasleek, egunerokotasunean aurkitzen ez duten inguru euskalduna lortzen dute, beldur, lotsa edo oztoporik gabe berba egiteko; eta euskaldun zaharrek euskara modu zuzenean bultzatzeaz gain jende berria ezagutu eta lagunak egiteko aukera daukate.

Egitasmo berria izanda, beldur izan ginen hasieran, hartuko al du jendeak parte? Lortuko al ditugu egitasmorako horren beharrezkoak diren euskaldun zaharrak? Egunerokotasun estresagarri honetan asteko ordu bete bat berriketan egiteko erabiliko duten euskaldun zaharrak? Pozik jaso dugu bergararron erantzuna, euskaldun zahar mordo batek eman du izena egitasmoan eta hamaika taldetxo martxan daude jada!
Euskarak herriko gune berriak bereganatu ditu!