Biologoak edo hizkuntzalariak izan gabe ere, jakin badakigu hizkuntzek, espezie biologikoek bezala, gutxieneko baldintza batzuk behar dituztela bizirik irauteko. Baldintza horiek honakoak dira: gutxieneko kide kopurua (emeak eta arrak, jakina) eta lurralde edo ingurune egokia, hau da, habitat egokia. Bigarrenari dagokionez, argi dago euskarak mende luzeetan zehar bera baino handiagoak diren bi hizkuntzarekin bizi behar izan duela lurralde berean. Eta nork ez daki handiak txikia jaten duela.
Dena den euskarak eutsi dio eta eutsiko dio etorkizunean ere, eta honen adibide garbia dira euskara ikasten dabiltzanak, guk, euskaldun zaharrok euskaldun berriak deitzen diegunak, hizkuntza batentzat benetako altxorrak direnak.
Tamalez, gaur egun, gure herri honetan,Bergaran, euskara ikasten dabiltzanak zail daukate ikasitakoa erabiltzeko habitat egokia aurkitzea; bai lotsak edo beldurrak eraginda, bai inguru erdaldunak eraginda edo askotan euskaldun zaharrok (betidanik euskaraz dakigunok, inongo esfortzurik gabe euskaraz hitz egiten dugunok) dauzkagun jarrerek eraginda.
Hau honela izanik, ikasturte honetan ere eta euskararentzako eta euskara ikasten dabiltzanentzako habitat egokiak sortu nahian, Berriketan egitasmoa martxan jarriko dugu. Pasa den ikasturteko emaitza onak ikusita, aurten ere bi lan ildo jorratuko ditugu.
Berba-lagunak: Astean behin elkartzen dira, beraiei komeni zaien ordu eta lekutan. Euskaldun zahar eta berrien arteko tertulia da helburua, azken hauek euskaraz lasai hitz egiteko aukera izatea . Ez da ikasle edo irakasle rolik egongo, bi, hiru, edo lau lagun elkartu eta euskaraz berba egitea nahikoa da.
Aste bukaerak: Urtean zehar ekintza ezberdinak antolatuko dira: afariak, mendi irteerak, irteera kulturalak… Hauetara euskaldun zaharrak eta berriak joango gara, giro euskaldun batean ondo pasatzeko helburuarekin.
Garbi dago beraz, euskaldun berri eta zaharren artean gauzatzen den egitasmoa dela Berriketan. Egitasmoan parte hartu nahi edo informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, deitu 943760819 telefonora.
Anima zaitez!