Hileko artxiboak: iraila 2006

Martxan da jada!

Berriketan egitasmoak eman dio hasiera ikasturte berriari, poliki-poliki pasa den ikasturteko taldeak martxan jartzen dabiltza eta izen emate kanpina ere habian da.

Orain daukazue aukera euskarari bultzada eman eta euskaldun berriei laguntzeko, anima zaitez eta eman izen Berriketan egitasmoan!

Gainera, badakigu herrian hainbat pertsonek zailtasunak dituztela  euskaraz hitz egiteko. Nahi bai, baina  inguru egokirik aurkitu ez; lotsak eraginda, beldurrak, euskaraz dakien inor ezagutu ez…

Euskaltegira joateko astirik ez baina esfortzu txiki bat egiteko prest bazaude, astean ordubetez euskaraz hitz egiteko ahalegina egiteko prest bazaude, hau da zure aukera!

Zabaldu zure lagunei, ezagutzen duzun euskaltzale edo euskaldun berriari, euskara jakin bai baina beti erdaraz dabilen horri.

Ikasturte honetan ere Berriketan!

Biologoak edo hizkuntzalariak izan gabe ere, jakin badakigu hizkuntzek, espezie biologikoek bezala, gutxieneko baldintza batzuk behar dituztela bizirik irauteko. Baldintza horiek honakoak dira: gutxieneko kide kopurua (emeak eta arrak, jakina) eta lurralde edo ingurune egokia, hau da, habitat egokia. Bigarrenari dagokionez, argi dago euskarak mende luzeetan zehar bera baino handiagoak diren bi hizkuntzarekin bizi behar izan duela lurralde berean. Eta nork ez daki handiak txikia jaten duela.
Dena den euskarak eutsi dio eta eutsiko dio etorkizunean ere, eta honen adibide garbia dira euskara ikasten dabiltzanak, guk, euskaldun zaharrok euskaldun berriak deitzen diegunak, hizkuntza batentzat benetako altxorrak direnak.

Tamalez, gaur egun, gure herri honetan,Bergaran, euskara ikasten dabiltzanak zail daukate ikasitakoa erabiltzeko habitat egokia aurkitzea; bai lotsak edo beldurrak eraginda, bai inguru erdaldunak eraginda edo askotan euskaldun zaharrok (betidanik euskaraz dakigunok, inongo esfortzurik gabe euskaraz hitz egiten dugunok) dauzkagun jarrerek eraginda.

Hau honela izanik, ikasturte honetan ere eta euskararentzako eta euskara ikasten dabiltzanentzako habitat egokiak sortu nahian, Berriketan egitasmoa martxan jarriko dugu. Pasa den ikasturteko emaitza onak ikusita, aurten ere bi lan ildo jorratuko ditugu.
Berba-lagunak: Astean behin elkartzen dira, beraiei komeni zaien ordu eta lekutan. Euskaldun zahar eta berrien arteko tertulia da helburua, azken hauek euskaraz lasai hitz egiteko aukera izatea . Ez da ikasle edo irakasle rolik egongo, bi, hiru, edo lau lagun elkartu eta euskaraz berba egitea nahikoa da.

Aste bukaerak: Urtean zehar ekintza ezberdinak antolatuko dira: afariak, mendi irteerak, irteera kulturalak… Hauetara euskaldun zaharrak eta berriak joango gara, giro euskaldun batean ondo pasatzeko helburuarekin.
Garbi dago beraz, euskaldun berri eta zaharren artean gauzatzen den egitasmoa dela Berriketan. Egitasmoan parte hartu nahi edo informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, deitu 943760819 telefonora.
Anima zaitez!