Hileko artxiboak: ekaina 2006

Azken Txanpan…Afaria!

Jardun, Bergarako AEK, Bergarako Udal Euskaltegia eta Bergarako Udalaren artean abian jarri den Berriketan egitasmoaren ikasturteko azken txanpa eta balorazioak egiteko ordua heldu da. Honetarako afari bat egingo dugu eta bertara Bergaran dauden 11 berbalagun taldeetako partaideak, egitasmoaren antolatzaileak eta nahi duen edonor etor daiteke. Afariaren helburuak, berriketan kideak berriro elkartu, egitasmoaren balorazioa egin, eta afariaz gozatzea izango dira.

Afaria ekainaren 30ean Bergarako Oxirondo elkartean egingo da. Etorri nahi duenak eman dezala izena Jardun Elkartean (943760819/943763661)edo idatzi berriketan@topagunea.com helbidera

BERRIKETAN AURKEZPENA

Beste herri askotan bezala, Bergaran ere euskararen erabilera bultzatu eta euskara ikasten dabiltzanei aukera berriak eskaini nahian, mintza lagun, berba lagun, gure kasuan BERRIKETAN egitasmoa jarri dugu abian.
Jardun Euskara Elkarteak, Udal Euskaltegiak, Akulu AEK euskaltegiak eta Bergarako Udaleko Euskara Batzordeak bultzatutako egitasmoa dugu, euskara ikasi eta erabiltzeko arazoa duten pertsonen esfortzua baloratu eta bultzada eman nahian.

Eta blog hau ere egitasmo horren jarraipena egiteko tresna duzu.

Beste esperientzia batzuk kontuan izanda, berba-lagun taldeak antolatu ditugu; hau da, euskaldun zahar bat eta bi euskaldun berriz osatutako hirukoteak. Astean behin elkartu eta kafetxo bat hartuaz, pasioan edo nahi dutena eginaz euskaraz berba egingo duten hirukoteak. Egitasmo honi esker euskara ikasleek, egunerokotasunean aurkitzen ez duten inguru euskalduna lortzen dute, beldur, lotsa edo oztoporik gabe berba egiteko; eta euskaldun zaharrek euskara modu zuzenean bultzatzeaz gain jende berria ezagutu eta lagunak egiteko aukera daukate.

Egitasmo berria izanda, beldur izan ginen hasieran, hartuko al du jendeak parte? Lortuko al ditugu egitasmorako horren beharrezkoak diren euskaldun zaharrak? Egunerokotasun estresagarri honetan asteko ordu bete bat berriketan egiteko erabiliko duten euskaldun zaharrak? Pozik jaso dugu bergararron erantzuna, euskaldun zahar mordo batek eman du izena egitasmoan eta hamaika taldetxo martxan daude jada!
Euskarak herriko gune berriak bereganatu ditu!