Aurtengo irailean 100 urte bete ditu Urbiako ermitak. Hori dela eta, irailaren 28an hainbat ekitaldi izan ziren. Goizeko 11:30ean meza esan zuen Jose Antonio Urdanpilleta frantziskotarrak. Eta ondoren, kontzertua izan zen ermitan bertan, Et Incarnatus Orkestra eta Alaitz eta Maider abeslariekin. Arratsalde partean, berriz, Urbiako fondan erromeria izan zen Zabale eta Lutxurdio trikitilariekin.
Jose Adrian Lizarralde frantziskotarrak sustatu zuen Urbian baseliza bat egitea. Izan ere, XX, mende hasieran 30-40 bat artzaik, batzuk euren familiekin, ematen zuten uda Urbia, Oltza, Laskaolatza eta Arbelarko txaboletan, eta Arantzazura joan beharra izaten zuten meza entzun eta fede eginkizunak betetzera, hartarako 3-4 joan-etorriak eginez. Ez da harritzekoa artzaiek katedrala deitzea Urbiako ermitari, hala zen eta, artzaien katedrala.
Gizartea nabarmen aldatu da mende honetan. Lehenego, Urbia aldeko artalde kopuruak behera egin du. Aspaldiko urteotan 9-10 artalde baino ez dira igotzen Urbiara uda pasatzera. Bigarren, erlijio praktikak ere behera egin du, nabarmen egin ere. Mendizaleak eta turistak, berriz, ugaritu egin dira .
Mendeurrenak ere izan du sustatzailerik, jakina. Urbiako fondako Aritz Altube oñatiarra izan da oraingo honetan ospakizuna sustatu duena eta Migel Zeberio eta Arantzazuko frantziskotarrak, besteak beste, bultzatu dutenak, ekitaldia babestu duten gainerako erakundeekin batera.
Hemen dituzu Urbiako ermitaren antzinako hainbat argazki.